"Done Petri plaza berritzeko ideiak eta proiektuak jasoko dituen prozesu parte-hartzaile bat abian jartzeko unea da"

uriola.eus 2019ko ira. 27a, 12:38

Deustuko talde eta eragile ezberdinen babespean, agerraldia egin du Done Petri Bizirik plataformak. Udalak urtarrilean aurkeztutako proiektuarekiko desadostasuna erakutsi eta  plazaren erabilpen publikoa aldarrikatuko duen mobilizazioa deitu dute urriaren 27an.

Agerraldian azaldu dutenez, "1925ean Bilbok Deustu anexionatu zuenean plaza bitan banatu eta erdian 6 erraietako errepidea eraiki zuten herriko erdigunea zatituta utzita". Ez zen hori izan plazak izan zuen aldaketa bakarra, izan ere, bertan zegoen udaletxea, kioskoa eta pilotalekua eraitsi eta estalkirik gabeko frontoia eta kiosko txikiago bat eraiki zituztela ere adierazi dute. Plataforma berrikuntzak egitearen alde dago, baina gaur egun "gune horrek dituen arazo nagusiak konponduko dituenak".

Plaza berritzeko 1.300.000 euroko proiektua aurkeztu zuen Udalak urtarrilean eta plataformaren arabera, proiektu horrek ez ditu plazak gaur egun dituen gabeziak konpontzen. Aipatu dituzten gabezien artean, estalkirik gabeko frontoia eta auzoa bitan banatzen duen errepidea dira.

Proiektua plaza erabiltzen duten taldeen iritzia jaso gabe onartu izana salatu dute, horregatik beharrezko ikusten dute hau behin behinean bertan behera uztea eta plaza berritzeko ideiak  jasoko dituen prozesu parte hartzaile bat abian jartzea. 

 

Egitaraua urriaren 27an

Urriaren 27an, igandea, mobilizazioa antolatu du plataformak, deustuko talde eta eragileekin kalera irten eta auzoarentzat "plaza bat eta bakarra" aldarrikatuko dute goizek 11:30etatik aurrera