Azken gudari deustuarra

prestaldizkaria 2019ko urr. 10a, 10:01

Abuztuaren 29an, 100 urte zituela, hil zen Jose Moreno, 1936ko gerratik bizirik gelditzen zen azken gudari deustuarra. 1918an Deustuibarran jaiotakoa, azken hatsa eman arte memoriaren alde eta Frankismoaren inpunitatearen kontra aritu da buru-belarri. “Frankismoaren krimen guztiek zigorrik gabe jarraitzen dute”, salatzen zuen 2014an PREST! aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean (143. zk).

17 urte besterik ez zuen Jose Morenok militar faxistak indarrez altxatu zirenean. Astrabuduako jaietan harrapatu zuen altxamenduak.

Morenok, herritar askok bezala, berehala eman zuen izena faxismoari aurre egiteko Done Petri plazan zabaldutako bulegoan. Sondikan eraikitzen ari zen aireportuaren obretara bidali zuten. Bera bezalako 17 urteko gazte batentzat lan hori aspergarria zenez eta, ELAkoa zenez, sindikatuarengana joan eta lubakiak egiteko eratzen ari zen San Andres zulatzaileen batailoian izena emateko aukera eman zioten.

Zallan eratu zen batailoia. Balmasedan instrukzioa egin eta berehala eraman zuten Zeanuri aldera lubakiak egiteko. Bilbo erortzear zegoenean Lemoara lekualdatzeko agindua jaso zuen, baina ordurako ezinezkoa, armada frankistaren esku zegoelako. Gorbeiatik ihes egin behar izan zuen kideekin eta Orozkon babestu ziren. Hortik, atzeraka ibili zen Espainiako Santanderreraino (egungo Kantabria). Santoñako komentu batean kokatu zuten. Bertan zulatzaileak izateari utzi fusilariak izateko. 1937ko abuztuan Euskal Herrian izandako azken borrokaldian parte hartu zuen, Balmasedako Kolitza mendiaren inguruan, hain zuzen. Bataila galdu zen eta, hortik gutxira, Santoñara joateko agindua jaso zuen.

Preso
Santoñan Francoren armada faxista laguntzeko Mussolinik bidalitako tropa italiarren esku gelditu zen preso. Italiarren esku egon bitartean eskubide guztien jabe izan zen. Zoritxarrez, egoera horrek ez zuen askorik iraun. Berehala jarri zuten falangisten eta armada frankistaren esku eta infernua hasi zen. “Hemendik aurrera pertsonak izateari utzi eta animaliak izango bagina bezala tratatu gintuzten, nire kasuan, 1940ko urtarrilaren 8ra arte, aske utzi ninduten arte”, salatzen zuen Morenok.

Espetxez espetxe izan zuten hiru urtez, ostera, kargurik gabe libre uzteko. Sakabanaketa politika ez da garai honetako asmakizun bat; frankistek ere aplikatzen zuten. Santanderreko Tabacalera kontzentrazio eremua, San Gregorio, Huesca, Larrinaga, Escolapios eta Zaragozako San Juan de Mozarrifar izan ziren ezagutu zituen zenbait espetxe. Lan esklabotza egitera behartu zuten ere, Zaragozako errepideak egitera hain zuzen.

Oso espetxealdi gogorra pairatu behar izan zuen Morenok, eta hori gutxi balitz, koinatu baten heriotza jasan zuen, Juan Lopez Balza, Deustuibarrako sozialista bat, UGTko kidea eta Euskadiko Infanteria Gerra Eskolatik teniente karguarekin ateratako gudaria, hain zuen. Puerto de Santa María (Cádiz) espetxean zendu zen 1940an osasun asistentzia ezagatik.

Espetxetik atera eta soldadutza armada frankistarekin egitera behartu zuten. 1937tik atera zen Deustutik eta ez zen itzuli 1942ra arte. Oso itzulera gogorra izan zuen, gainera. Frankismoaren hasierako garai horietan lan egin ahal izateko jokaera oneko ziurtagiri bat aurrez eskuratu behar zuen. Elorrietan Guardia Zibilak zuen kuartelera gerturatu eta bertako kornetak, oso tipo bortitza eta jendearekin oso txarto portatu zenak, ostia pare batez hartu zuen. “Arriba España” eta “Viva Franco” oihukatzera behartu zuen Moreno, gainera, ziurtagiria ez emateko.

Geroztik, aktiboki aritu zen 36ko gerrako gudarien memoriaren alde lanean: Aterpe 36 elkarteko presidentea. Frankismoaren aurkako Argentinako kereilaren barruan ere deklaratu zuen, 2016an.

Azken urteetan, hedabideei helarazitako eskutitzen bidez frankismoaren krimenak salatu izan ditu beti. Aldirokoak izan dira egungo hainbat alderdi politikoren jarrera salatzeko Morenoren hitzak frankismoko krimenak “estaltzeagatik”: “Diktaduran jarraitzen dugu. Haiek agintzen dute oraindik”.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere gogora ekarri du Morenoren irudia: «Bere natura txikitik pertsona handia, bihotz-zabala, gure artean itzal luzea utziko duena». Deustuko EH Bilduk, berriz, honako hau zabaldu zuen sare sozialetan: “Faxismoaren kontra eta Demokrazia, Askatasuna eta Euskal Herriaren alde borrokatu zen Jose Moreno gudari deustuarra zendu da. Eskerrik asko, Jose. Gure besarkadarik beroena familia eta lagunei”.

Testua: Borja Sarrionandia-Ibarra

Argazkiak: J. Garcia