Estatistikak egiterakoan 2015 eta 2016 urteetako errenta datuak eta 2016ko eta 2017ko urtarrilaren 1eko errolda datuak hartu dituzte kontuan. Horren arabera, Deustuko familien batezbesteko errenta urtean 35.243 eurokoa da.
Baina deustuar guztiok ez dugu tamaina horretako diru sarrerarik. Zonalde edo atal batetik bestera izugarri aldatzen dira gauzak.
Torre Madariagako Gipuzkoa, Logroño eta Santander kaleek zein Blas de Otero, Jon Arrospide eta Iruña kaleko Torre Madariaga auzuneko zatiek dute batez besteko familia errentarik txikiena (22.529 euro), eta Francesc Macià, Deustuko Zubia, San Pio X, Agirre Lehendakari, Madariaga, Blas de Otero eta Botika Zaharra kaleek osatzen duten etxadiak handiena (49.474 euro): Torre Madariagako beheko parteak halako 2,2.
Aipatutakoak dira Deustuko bi muturrak. Baina muturretara jo gabe ere nabarmendu daitezke aldeak. Torre Madariagako beheko zatiak baino emaitza hobeak izan arren, batezbestekoaren oso azpitik eta familia errenta txikienak dituzten atalen zerrendaren buruan daude Arangoitiko Araneko, Egileor, Ganekogorta, Ganeta mendia eta Gorbeia kaleek osatzen duten etxadia (23.134 euro), San Ignazio-Tellaetxeko Juan de Antxeta eta Orixe kaleko 6. zenbakia (23.783 euro), Ibarrekolandako Arrue Margolariak, Benidorm, Juan de Urbieta kaleek eta Ibarrekolanda plazak osatzen duten etxadia (24.419 euro) eta Madariaga eta Blas de Otero kaleen arteko Torre Madariagako goiko zatia (25.056 euro) ere.
Kontrara, batez bestekoa aise gaindituz, diru sarrerarik handienak dituztenen aldean daude Agirre Lehendakari kaleko 75. zenbakia eta Deustuko Kanala, Julio Urkijo zein Morgan kaleak, Madariaga etorbideko azken zatia eta San Felicisimo plaza batzen dituen etxadia (48.904 euro), Botika Zaharrak, Francesc Macià kalearen hasierak, Sancho de Azpeitiak, Blas de Oteroren hasierak, Heliodoro de la Torrek eta Rafaela Ibarrako hasierak osatzen duten etxadia (47.517 euro) eta Ibarrekolandako Landabaso plaza, Larrako Torre 2, Erdikoetxe hasiera, Etxenagusia Margolaria 2 - 4 (45.274 euro). Aipatzekoa da sarrerarik altuenak dituztenen 10 atalen barruan zortzi Deustuko Doneperiagan daudela eta gainontzeko biak Ibarrekolandan.
Auzoz auzo
Auzoz auzo, Elorrieta da auzorik aberatsena, 38.242 euroko batez besteko familia errentarekin, Deustuko Doneperiagaren aurretik (38.087,17 euro urtean, batez beste). Txanponaren beste aldea dira Arangoiti eta San Ignazio-Tellaetxe. Lehenengoak 25.792,67 euro inguruko diru-sarrerak ditu urtean. San Ignazio-Tellaetxek, berriz, 31.088,75 euro. Ibarrekolandako familiak, batezbesteko 35.823,13 eurorekin, tartean gelditzen dira.
Deustuko Doneperiagan daude desberdintasun handienak. Bertan kokatzen dira errenta altuen eta gutxien dituzten atalak (albiste honen hasieran aipatutakoak). Bi horien artean esaterako, 26.945 euroko aldea dago urteroko batez besteko familia errentari erreparatuta. Doneperiaga auzoa osatzen duten 18 ataletatik 13 Deustuko batez bestekoaren errentaren gainean kokatzen dira.
Ibarrekolandari dagokionez, 20.855 euroko aldea dago gehien eta gutxien duten atalen artean. Auzoa osatzen duten 8 ataletatik erdia kokatzen da Deustuko batez bestearen gainetik eta beste erdia azpitik.
San Ignazio-Tellaetxen, sarrera altuen eta txikien arteko aldea 15.186 eurokoa da. Familia errentarik altuena duen atala (Agirre Lehendakari etorbidearen amaiera, Andaluzia, Asturias, Aragoi, Kanariar uharteen amaiera, Larrako Torreren amaiera, eta Zarandoaren bukaera), 38.969 eurorekin, Deustu osoko 13. postuan kokatzen da. Eta auzoa osatzen duten 12 ataletatik 10 Deustuko batez bestekoaren azpitik daude.
Amaitzeko, Arangoitin daude desberdintasun txikienak. Errenta altuen eta txikien arteko aldea 5.965 eurokoa besterik ez da. Hori bai, Deustuk dituen 42 ataletatik Arangoitiko hiru atalak azken postuetan murgiltzen dira, 33., 37. eta 41., hain zuzen.
Testua: Borja Sarrionandia-Ibarra Fernandez