Jose Luis Garcia: "Hemen ez digu inork laguntzen, are gehiago, trabak jartzeko aukera badute, egiten dute"

prestaldizkaria 2019ko aza. 6a, 09:32

Jose Luisek (San Inazio, 1952) 47 urte daramatza atletismo entrenatzaile lanetan. Hastapenetan San Inazioko kiroldegiko pista mitikoan ibili zen, baina haren desagerpenarekin Zorrotzara lekualdatu behar izan zuen. Lehengo atleten dedikazioa handiagoa zela uste badu ere, gustura ibiltzen da oraindik. Badu kritika gogor bat, ordea: instituzioen lana.

Noiz eta nola hasi zinen atletismoan?

Atleta moduan 1963an hasi nintzen. Lagun batzuek Bizkaia Atletismo Klub taldean izena eman zuten eta etxe ondoan zegoen San Inazioko atletismo pistan entrenatzen zutenez, hara joan nintzen ni ere. Talde hori dagoeneko desagertu da, eta pista ere, gaur egungo kiroldegian zegoen. Neska eta mutil talde handi batean entrenatzen ginen Jose Inazio Martinez de Antoñanarekin. Gerora, Bizkaiko Atletismo Federazioko lehendakaria izan zen. Garai hartan Lutxanako irakaslea zen eta lana amaituta motorrez etortzen zen. Oso gutxi egiten genuen korrika, batez ere, gimnasioan aritzen ginen.

Zelan igaro zinen entrenatzaile izatera?

Ofizialki 1974an hasi nintzen entrenatzaile, baina 1972tik banuen taldetxo bat nire aginduetara. Udaletxeko Bilbao Kirol Klubak, hau ere dagoeneko desagertua, kirol batzuk hartzen zituen, haien artean atletismoa. Nire entrenatzaileak taldea zuzentzeko proposatu  zidan, eta geroztik horretan nabil. Hasierako talde horretan atleta onak zeuden, esate baterako, Manuel Fernando Gago; 1500 metro 4 minututan egiten zituen gazte mailako lehenengo urtekoa izanda.

Nolakoa zen San Inazioko atletismo pista?

Oso atsegina zen, haizerik gabekoa, nahiz eta hasieran beisbol eta futbolarekin partekatzen zen. Aurrerago errugbiarekin ere, baina ez zegoen inolako arazorik. Errautsezkoa zen eta argirik ez bazuen ere, kaleko farolekin moldatzen ginen. Garai horretan farolek egurrezko makila bat eta argi txiki bat baino ez zuten. Dutxak ez zeuden aldagela barruan eta dutxatzeko kalera atera behar ginen. Ur berorik ere ez zegoen. Euriarekin pista lokazten zen eta bero egiten zuen egunetan ureztatu behar genuen, bestela asfaltoa baino gogorrago jartzen zen. Bizkaia osoan ez zegoen pista gehiagorik eta guztiak han entrenatu behar ginen. Horregatik atleta eta entrenatzaile asko elkartzen ginen han: Dimas Ramos, Alberto Diez, Antoñana... Material aldetik behar genuen guztia genuen eta dena oso ondo zainduta. Izan ere, Bizkaiko federazioko epaile bat mantentze-lanetaz arduratzen zen. Gogoratzen dut epaileak noizbehinka gurekin entrenatzera etortzen zirela. Abiadura saioak egiten genituenean, haiek irteera emateko pistolarekin praktikatzen zuten eta denborak era zuzenean kronometratzen ikasten zuten. 

Noiz joan zinen Zorrotzara?

2000ko irailean. Hala ere, pista inauguratu baino lehen gu han egon ginen. Urte horretan Sidneyko (Australia) Joko Olinpikoak ohi baino beranduago izan ziren, ondorioz Espainiako txapelketa ere bai. Udan ez zegoen pistarik zabalik entrenatzeko eta baimena eskatu genuen, pista amaituta baitzegoen. Baietz erantzun ziguten, tartean, entrenatu behar zuen atletetako bat Nerea Azkarate zelako. Garai horretan Olinpiar Jokoetara joateko aukera zuen eta telebista askotan etortzen zen bera grabatzera.

Zenbat atleta entrenatu duzu urte hauetan guztietan?

Auskalo, ezinezkoa izango litzateke zenbatzea, baina 1.000 atleta baino gehiago bai. Aurten 40 inguru dauzkat.

Entrenatu duzu atleta ezagunik?

Asko. Lehenengotarikoa Cristina Castro izan zen, 1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoetan egon zen eta 100, 200 eta 400 metrotan oraindik zenbait errekor ditu. Esther Llarena, 6 metro baino gehiago salto egin zuen lehen euskal herritarra; Teo Alonso, Cesar Lasa, Cristina Celis eta Rakel Celis ibiltariak, Espainiako txapelketa absolutuan dominak irabazitakoak; Arantza Loureiro, Europako hiru txapelketan parte hartutakoa; Nerea Azkarate, deustuarra, munduko txapelketan izandakoa; Borja Huerto, junior mailako munduko txapelketan egondakoa; Angela Tejedor, Sandra Marcos eta Erika Fano Espainiako txapeldunak izandakoak; Begoña Adrian, jauzi hirukoitzean Espainiako txapelketako finalean hainbat aldiz aritutakoa; Iñigo Joven, Iñigo Rodriguez...

Hainbat diziplinako entrenatzaile izanda, baten batean erosoago sentitzen duzu zure burua?

Bai, hesietan eta iraupen probetan, zalantzarik gabe.

Asko bidaiatu duzu atletismoagatik?

Bai, asko. Orain gutxiago bidaiatzen dut. Alde batetik, adina nabaritzen da, eta bestetik, orain atletak askoz autonomoagoak dira. Lehen kontzentrazioetara eta txapelketetara joateko ez zuten beste biderik. Gaur egun gurasoek eta klubek lan hori egiten dute. Gehiegi bidaiatu dut, zenbait urtetan autoz 35.000 km egin ditut.

2019-2020 denboraldiko entrenamendu taldea

Zu ez zara talde bakarreko entrenatzailea eta zure atletak talde ezberdinetakoak dira.  Beste kiroletan hori ez da suertatzen. Zergatik gertatzen da hori atletismoan?

Betidanik atletismoan entrenamendu-taldeak sortu dira. Atletek elkarrekin entrenatzen dute baina atleta baikotza talde batekoa edo independentea da, ez daude guztiak talde barean. Hori oso ohikoa da hemen. Bizkaitik kanpo badago talderen bat bere entrenatzaileak dituena, batzuetan kontratuarekin eta beste batzuetan kontraturik gabe, eta talde horien atletek entrenatzaile horiekin entrenatzeko aukera dute, baina hemen ez da horrelakorik gertatzen.

Atletismoa kirol minoritarioa da. Hala ere, osasuntsu ikusten duzu?

Ez, guztiz kontrakoa. Gaur egun 4 atletismo mota dude. Elite mailakoa egoera onargarrian dago. Hastapeneko mailakoa, eskola kirola, alegia, umeen haurtzaindegiak baino ez dira eta zenbait kluben diru iturria. Erdi mailako atletismoa oso egoera txarrean dago, maila zein atleta kopuruari dagokionez. Eskola-adinean atleta kopuru handia dago baina 18 urtez azpiko mailara heltzen direnean % 80 baino gehiago desagertzen da. Azkenik errepide-atletismoa edo herrikoia dago. Gorakada betean dago baina ez dut uste sei urte baino gehiago iraungo duenik. Izan ere, jaisten ari delako zantzuak badaude. Horren atzean dirua dago: kirol materialen enpresena, zenbait entrenatzailerena... Azken horiek Internet bidez lan egiten dute eta ez dituzte atletak ezagutzen. Harrigarria da.

Kaletik jende nahikok egiten du korrika, nabaritzen da hori atletismoan?

Ez, orokorrean ez. Baten bat atera daiteke baina oso kasu bakanak dira. Adibidez, badago euskal herritar bat Ingalaterran bizi dena [Iraitz Arrospide] Espainiarekin lehiatu izan duena maratoian.  Pistako atletismoari kalte egiten diola esango nuke. Atleta askok pista uzten du lasterketa herrikoi eta mendi probetan parte hartzeko. Horietan diru-sariak daude, errazagoa da nabarmentzea, exijentzia maila txikiagoa da...

Zer deritzozu erakunden lanari atletismoarekiko? Baliabide nahiko jartzen dute? 

Zero. Zorrotzako pista ikustea besterik ez dago. Oso egoera txarrean dago eta gainera ez dugu ia materialik. Guk erabiltzen dugun materiala (pesak, hesiak...) nik urteetan erositakoa da edo lankide ohiek eta atleten gurasoek niretzat egindakoa. Jaurtitzaileek ere haien materiala erosi behar izan dute. Zazpi euro ordaintzen dituzu hona sartzeko eta pista baino ez duzu, ezer gehiagorik ez. Hemen ez digu inork laguntzen, are gehiago, trabak jartzeko aukera badute, egiten dute.

 

Sakonean

Atletismoaz gain, zer kirol duzu gustuko?

Denak, igeriketa eta txirrindularitza izan ezik. Nik eskubaloian eta boleibolean bizkaiko federazioarekin jokatu izan dut, saskibaloian eta futbolean oso ona nintzen, palan San Inazioko frontoian Deportivoko profesionalekin aritzen nintzen... Gaur egun mendira joaten naiz, korrika egiten dut eta golf zelaian ibiltzen naiz erosoa delako.

Luze ikusiko zaitugu entrenatzaile lanetan?

Bai, baina orain gehiagotan etortzen zait burura uztea. Hala ere, bost urtez behintzat jarraituko dut.

Entrenatzaile izango ez bazina zer egingo zenuke?

Kirol gehiago egingo nuke eta arlo kulturala gehiago zainduko nuke. Niri zinema, pintura eta eskultura asko gustatzen zaizkit baina arratsaldero pistara joaten naizenez denbora gutxi eskaintzen diet. Literatura ere gogoko dut, urtero 50 liburu baino gehiago irakurtzen ditut. Ez nintzateke taberna batera joango musean jolasteko, aldiz.

Euskal Herriko selekzioa nazioartean lehiatzen ikusiko dugu?

Bai, horretaz konbentzituta nago.

 

Testua: Aitor Sarrionandia-Ibarra