uriola.eus

Enara Lopez Gallastegi: “Profesional izateko borrokatu naiz”

  Kirolak  Deustualdea

Txirrindulari profesional gisa ari da Enara (Deustu, 1997) azken bi urteotan. Egun, Dorada Women´s Cycling Team taldean. Gogor entrenatzen jardun da Mediterraneo aldean. Etxera gabonetan itzuli denean erantzun ditu PREST! aldizkariaren galderak.

Enara Lopez Gallastegi: “Profesional izateko borrokatu naiz”
Argazkiak: Ecuador Etxea | Ikusi handiago | Argazki originala

Mediterraneotik itzuli berri harrapatu zaitugu. Zertan zabiltza une honetan?

Andorra, Alicante eta Benidorm aldean hilabete eman dut gogor entrenatzen. Burgos Casa Dorada Women´s Cycling Team taldearekin sinatu dut aurten. Era berean, Aho-hortzetako Higiene goi mailako zikloa ikasten ari naiz. Gabonetan egun batzuk etxean pasatzera etorri naiz Deustura.

Zelakoa izan da zure txirrindulari ibilbidea?

Duela bederatzi urte hasi nintzen. Egia esan, urtero egin dut hobera. Asko ikasi dut. Horrekin geratzen naiz.

Hainbat sari eskuratu dituzu. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Espainiako 23 urtez azpiko Kopa, CX Euskadiko Txapelketa Izarra, Euskaldun Elite Torneoa eta Lizarran jokatu zen Espainiako Kopa.

Profesional izatera iristea zelako bidea izan da?

Profesional izateko borrokatu naiz. 2017tik naiz profesional. Nire ametsetako bat izan da beti. Sakrifizio, konstantzia eta ardurari esker lortu dut.

Txirrindulari taldeetan zer ikasi duzu?

Bost taldetan aritu naiz orain baino lehen: Balmasedana, Mendiz Mendi, CAF, Sopela eta Bizkaia Durangon. Asko ikasi dut horietan, besteak beste, bizikletan ibiltzen, tropel barruan mugitzen, lasterketako estrategietan pentsatzen eta talde gisa korrika egiten.

Zeintzuk dira zure dohain nagusiak?

Aldapa gora ondo moldatzen naiz, eskalatzailea naiz.

Noraino iristea duzu amtes?

World Tour mailako talderik onenetako batean nago egun. Esango nuke, taldearentzat nazioarte mailako garaipenak lortzea dudala amets. Denean lagundu nahi diot taldeari.

Zein da emakumeen txirrindularitzaren egoera?

Oro har gero eta hobea. Euskal Herrian, batik bat, zaletasun handia dago eta, horren ondorioz, egutegia beteagoa da hemen.

Zer hobetu aldatu beharra dago emakumeen txirrindularitzan?

Emakumeen txirrindularitza izena aldatu beharra dago eta Txirrindularitza huts-hutsean erabili.

Zein da emakumeen eta gizonen txirrindularitzaren arteko aldea?

Distantziak. Emakumeen probetan distantziak laburragoak izaten dira gizonen probetan baino.

Zeintzuk dira berdintasunaren bidean eman beharreko pausoak?

Ari dira erakundeak pausoak ematen berdintasunaren bidean. Esaterako, Espainiako Kopan proba kopuru dezente antolatzen edota Espainiako txapelketak telebistan emititzen. Gu, emakumeok, gizonak bezain txirrindulari sentitzen gara. Gure lanbidea serioski hartzen dugu. Gure taldean denok dugu argi hau gure lanbidea dugula.

Erreferenterik baduzu?

Marianne Vos. Anbizio handiko txirrindularia da, ausarta. 

Zenbat denbora ematen duzu etxetik kanpo?

Nahiko. Aurten 60 egunetan lehiatu naiz. Egun horiei joan-etorriak eta kontzentrazioak erantsi behar zaizkie, beraz, pentsa!

Zelan konpontzen zara etxetik kanpo?

Gero eta hobeto, baina baditut hobetzeko zenbait gauza, kar, kar, kar! Familia sumatzen dut faltan, egunero ematen didan babesa batik bat.

Geroz eta bizikleta gehiago erabiltzen da Deustualdean. Zer deritzozu?

Garraiobide merkea, ekologikoa eta osasungarria da. Aurrerapena deritzot.

Zein aholku emango zenieke txirrindularitza zale gazteei?

Gozatzeko egiten duten horrekin eta, benetan gora iritsi nahi badute, gogor ekiteko eta konfidantza izateko euren buruan. 

SAKONEAN

Zer dela eta hasi zinen txirrindularitzan?

Hamairu urterekin hasi nintzen nire neba ere bizikletan hasi zelako. Zelan lehiatzen zen ikustera joaten nintzen, eta gustuko nuen.

Zer da zuretzat bizikleta?

Lehen gozamen hutsa zen, orain nire ogibidea da. Bai ala bai aukeratuko nukeen ogibidea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa