Urteurrena borobila izanda, Deustuibarrako Auzo Elkarteak, Bekoerrik eta Bizinahik egitarau zabala prestatu dute “1980-2020 Yolanda Gonzalez gogoan” lelopean, urtarrilaren 31erako, ostirala. Arratsaldeko 6etan omenaldia egingo diote bere izena daraman plazatxoan. Ekitaldiarekin batera, “Yolanda González gogoan” mural berria inauguratuko dute. Ostean, 18:30etan izen bereko erakusketa erakusketa inauguratuko dute Bizinahi auzo etxean. Horrekin batera Yolanda en el país de los estudiantes bideo-emanaldia eskainiko dute. Bukatzean, askari bat antolatu dute Bizinahin.
Erakusketa otsaila osoan egongo da ikusgai eta hamaika panelez osatuta dago. Yolandaren hilketa, Deustuko herriaren erreakzio ikusgarria, hiltzaileak nortzuk izan ziren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko ikerketa murriztua, epaiketa, kriminalek kartzelan izandako aldeko tratua, Hellín hiltzailearen ihesaldia Paraguaira, Espainiara estradizioa eta Guardia Zibilak eta Poliziak egindako kontratazio eskandalagarria kontatzen dira bertan. Azken panelak 2016an, lan neketsu eta iraunkor baten ondorioz, Deustuibarrako Auzo Elkarteak Yolandak merezi duen Plaza auzoan lortu izana jasotzen du.
Garaian garaiko prentsaz (Berria, Deia, Egunkaria, El Correo, Egin, El País, Gara, Interviú, La Gaceta del Norte eta La Hoja del Lunes) eta Lazkaoko Beneditarren liburutegian artxibatutako Deustun argitaratutako esku-orriez baliatu dira panelak osatzeko.
Deustu hunkitu zuen hilketa
1980ko otsailaren 1eko gauean Batallón Vasco Español-ek Yolanda González bahitu eta erail zuen Madrilen. Egun berean talde berberak Jesus Mari Zubikarai asasinatu zuen Eibarren. Urte baten buruan, BVE erakunde paramilitar espainiarrak egin zituen 11. eta 12. hilketak izan ziren, hurrenez hurren. Euskal herritarrak izateagatik hil zituela azpimarratu zuen BVEk komunikabideei igorritako hilketen aldarrikapenetan. Aipatutako gertakariek euskal gizarte osoa hunkitu zuten.
Yolandaren erailketa salatzeko greba erabatekoa izan zen Deustun. Iluntzean 5000 herritar inguruk parte hartu zuen Deustuibarrako San Pablo elizan bere alde antolatutako hiletan. Fernando Jiménez López gobernadore zibilak (UCD) Yolandaren gorpua bere etxean zaintzea debekatu zuen. Hori gutxi balitz, bere agindupean zegoen Polizia espainiarrak ehorzketa-segizioa geldiarazi zuen Deustuibarran, eta, ostean, indarkeria parapolizial eta faxistaren aurka agertu ziren milaka pertsonen aurka bortizki oldartu zen Done Petri plazan.
Batallón Vasco Español erakunde terroristaren 41. komandoak bere gain hartu zuen hilketa. Autore materialak Emilio Hellín Moro eta Ignacio Abad Velázquez izan ziren, biak ere Fuerza Nueva alderdi eskuin muturreko kideak. Zuzeneko laguntzaileen artean, gutxienez, polizia nazional eta guardia zibil bana egon ziren, horiek ere Fuerza Nuevako kideak.