uriola.eus

“Auzokideek gertuko komertzioan erosketa egitea da ataka honetatik ateratzeko gakoa”

  Ekonomia-Lana  Deustualdea

Deusto Bizirik Merkataritza Elkarteko lehendakariordea da Vicky Portugal (Cabezon de la Sal, Kantabria, 1970). Madariaga etorbidean dagoen Stilo 21 ileapaindegiko jabea ere bada. Covid-19aren pandemiak merkatari txikiengan izan duen eraginari buruz mintzatu gara PREST! aldizkarian.

“Auzokideek gertuko komertzioan erosketa egitea da ataka honetatik ateratzeko gakoa”
Argazkiak: Ecuador Etxea | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola eragin du Covid-19ak Deustuko merkataritzan?

Oraindik zehazten zaila da. Martxoaren 14an denda eta saltoki gehienek jarduera gelditu behar izan zuten, elikaduraren sektorekoek izan ezik. Orain pixkanaka jarduera berpizten ari da, baina dendari askok zailtasunak izango dituzte berriz irekitzeko.

Honen aurrean, zer neurri hartu ditu Deusto Bizirikek?

Uneoro instituzioekin eta merkatariekin elkarlanean aritu gara, azken horiek jakin zezaten zeintzuk ziren eskura zituzten aukera eta dirulaguntza guztiak.

Laguntza horiek nahikoa izango dira merkatari txikientzat?

Orokorrean, eman dituzten laguntzak enpresek dituzten gastu finkoei aurre egiteko izan dira. Bi hilabete daramatzate diru-sarrera gabe eta denek ez dute nahikoa aurrezkirik gastu horiek ordaintzeko.

Eta langileei, nola eragin die?

Esango nuke itxi behar izan duten saltokien ehuneko ehunak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea egin duela.

Betiko itxi behar izango duten saltoki asko dago?

Beldur hori badaukagu, ez ote den handiegia izango pertsiana berriz ireki ezingo duten enpresa txikien kopurua.

Azkenaldian merkatari txikien aldeko mezuak ugaritu dira. Eragina izango du bertoko saltokietan.

Denboran mantendu egiten bada, bai. Deustun beti egon da denda txiki ugari eta bertan erosteko ohitura. Egia da azken urteetan gero eta gehiago erosten dela Internetez eta saltoki handietan, baina krisi honetan berriro piztu da gertuko merkataritzaren aldeko babesa. Ez dakit mugikortasuna murriztu delako edo auzokoa laguntzeko grina piztu zaigulako, baina igoera nabaritu egin da. Espero dut hau denboran zehar mantentzea.

Kanpainarik egin duzue honekin lotuta?

Alarma egoera ezarri zenetik horretan gabiltza. Konfinamenduan zabalik zeuden saltokien zerrenda egin genuen, orain bideo bat argitaratu berri dugu Deustuko dendariekin, merkatariei aurpegia jartzeko.

Zuen ustez, zein da ataka honetatik ateratzeko gakoa?

Auzokideek gertuko komertzioan egitea erosketak. 'Normaltasun berrira' iristen garenean jendeak enpresa handietan eta online erosten jarraitzen badu, ezingo ditugu gure dendak zabalik mantendu.

Alarma egoeran hainbat merkatarik zerbitzu bereziak eskaini dituzte, gainditutakoan ere mantenduko dituzte?

Bai, batez ere etxera eramateko zerbitzua. Kasu baterako, jende nagusi ugarik hemengo dendetan erosteko ohitura du, baina adina dela-eta, askotan ezin dira etxetik atera edo ezin dute pisu handirik eraman. Etxera eramateko zerbitzua aukera ona da kasu horietan.

Gomendioen artean dago txartelaz ordaintzea, aldaketa igarri duzue?

Egia da Gobernua eta instituzioak asko tematu direla txartelaren erabilera sustatzen, seguruagoa delako aitzakiarekin. Nik zalantzak ditut seguruagoa ote den, baina behintzat bankuek txartelarekin kobratzeagatik jartzen dizkiguten komisioak kendu zitzaketen. Detaile polita izango litzateke, Europako beste tokietan egin dute. Uste dut gehiago fiskalizatzeko eta kontrolatzeko neurri bat dela eta dirua orain ezagutzen dugun moduan desagertzeko bidean dagoela.

Zer segurtasun neurri hartu behar dute zabaltzen hasi diren saltokiek?

Sektore bakoitzak bere protokolo zehatza du, baina neurri orokorrak hauek dira: askotan aurretiazko zita derrigorrezkoa da, bezeroak maskara eta eskularruekin sartu behar dira dendetara eta ukitzen den guztia desinfektatu behar da.

Eta arropa-dendetan?

Bezeroak probatzen duen arropa ez badu erosten, dendariak desinfektatu behar du. Batzuek ozono makinarekin egiten dute, ez dutenek 48 orduz isolatuta utzi behar dituzte jantzi horiek. Material hori guztia erostea inbertsio handia da.

Zure ile-apaindegian nolako neurriak hartu dituzue?

Bezero guztiek aurretiazko zita eskatu behar dute. Lokalean bezero bakarra egon daiteke langileko. Bi  metroko distantzia mantendu behar da langileen artean, baina momentuz ni bakarrik ari naiz lanean, hortaz, ez daukagu arazorik. Altzari asko kendu ditugu espazio zabalagoa izateko. Bezeroei maskara eta ahalik eta jantzi gutxien ekartzeko esaten diegu. Izan ere, barrura sartzen direnean poltsa batean gordetzen dugu euren arropa, gainerako elementuak ez kutsatzeko. Eskularruak eramatea ez da derrigorrezkoa, sartzen direnean gela eta eskularruak ematen dizkiegulako. Batak ere ematen dizkiegu sartzerakoan. Hauek pertsona bakarrak erabiltzen ditu, eta eguna amaitzean denak tindategi batera eramaten ditugu 60 gradutik gorako urarekin eta oxigeno aktiboarekin garbitu ditzaten. Lokala egunean bitan garbitzen dugu goitik behera eta bezeroa joaten denean erabili den gune hori desinfektatu behar dugu. Momentuz komunak itxi behar izan ditugu.

Neurriek gastu berriak ere ekarriko dituzte.

Erabili eta botatzeko material asko erosi behar dugu, egunero tindategira eraman behar ditugu jantziak eta zerbitzua asko garestitu zaigu. Baina, momentuz guk bezeroentzako prezioak mantendu ditugu.

Itxaron zerrenda luzea dago?

Pandemia baino lehen bost langile ginen txandaka lanean. Oraingoz ni bakarrik nago lanean eta orain lasai nago. Denetarik dago: batzuk etortzeko beldur dira, nagusiak bereziki, eta beste batzuek bai ala bai etorri behar dute lanera joateko. Lehenengo astean jende askok deitu zuen, baina orain asko baretu dira deiak.

Jendea ohitu da neurri berrietara?

Orokorrean bai. Momentuz, jarritako neurriei eutsiko diegu. Ez dakit gehiegizkoak diren ala ez duten ezertarako balio, baina gu saiatuko gara. Jendeak ulertu du egoera eta jarraitu egiten ditu. Nik uste dut osasun neurri batzuk luzaro mantenduko direla eta ohitura hartzea ondo dagoela.

Laster beherapenak hasiko dira eta jende pilaketak saiheste aldera, ohiko dendetan ezingo dira egin. Online eskaintzak bai, ordea.

Zaila da jakitea zer eragin izango duen denda txikiengan. Gehienak egoera berrira halabeharrez moldatu behar izan dira. Nik uste dut saltoki txiki baten bezero direnek, online bada ere, bertan erosten jarraituko dutela.

 

“Ile-apaindegiak oinarrizko zerbitzu gisa kalifikatzeak zeharo harritu gintuen”

 

Alarma egoera dekretatu zenean ile-apaindegiak oinarrizko zerbitzu gisara kalifikatu zituzten, eta erabakiak harrabotsa eragin zuen.

Zeharo harritu gintuen albisteak, izan ere, 2013an oinarrizko zerbitzu izatetik luxuzko sektoreen parte izatera igaro ginen, eta ondorioz, %21eko BEZa jasaten dugu orain. Alarma egoera ezarri zutenean, hasiera batean ile-apaindegiok lanean jarraitu genezakeen, baina ezinezkoa zen, bezeroak ezin zirelako euren etxeetatik atera. Azkenean, ixtera behartu gintuzten; gaitzerdi, horrela dirulaguntzak eskatu ahal izan ditugulako gainerakoek lez.

Ile-apaindegia itxi bai, baina etxez etxeko zerbitzuak egin zitezkeen.

Bai, baina baldintza askorekin. Soilik mugikortasun arazoak dituzten eta zaurgarriak diren pertsonengana joan ahal ginen, hauek gizarte-laguntzaile baten onespena behar zuten, osasun arazorik ez zutenaren frogagiri bat helarazi behar ziguten eta guk segurtasun neurri guztiak bete behar genituen, noski.

Noiz hasi zineten pandemiaren eragina nabaritzen?

Konfinamendua ezarri aurreko astean beherakada handia egon zen erreserbetan. Guk pixkanaka osasun neurri berriak hartu genituen, etorriko zena prestatzeko. Aste hartan hedabideetan etxean geratzeko mezuak zabaltzen hasi ziren eta jende nagusi askok hitzorduak bertan behera utzi zituzten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa