uriola.eus

Euskal Espedizioa Everest gailurrean Emilio Hernandoren argazkietatik gogoratzen

  Kirolak  Deustualdea
Euskal Espedizioa Everest gailurrean Emilio Hernandoren argazkietatik gogoratzen

Maiatzaren 14an 40 urte bete ziren Martin Zabaleta eta Pasang Temba sherpa Everest gailurrera ikurrinarekin iritsi zirenetik. 1980. urtea zen. Sei urte lehenago ere Tximist espedizioa saiatu zen munduko mendirik garaienera iristen. Espedizio hartan Emilio Hernando mendizale deustuarra ere bazegoen, eta gaur gogoratzen ditugun argazki gehienen egilea da. Espedizio hura gogoratzeko, Everesten bezala, Euskal Herriko mendietan ikurrina erakutsi zuten maiatzaren 16 eta 17ko asteburuan, eta Pagasarrin Emilio Hernando mendizalea omendu zuten. 2013an hil zen Emilio.

Horregatik Hernandotarren etxean, maiatzaren 14a beti oso egun berezia izan da. Horrela kontatzen digute Julenek, Gontzalek eta Pellok, Emilio Hernandoren semeek. “Guretzako maiatzaren 14an beti izan da oso berezia, eta horrez gain, 13a aitaren urtebetetze eguna zenez, bi egun jarraian genituen ospakizunetarako” gogoratzen du Julenek. Everesteko kanpamenduko “Zorionak” pankarta, Emilio Hernandori gailurra egin bezperan jarritakoa da berez, gerora -eta erreportaje honetan bertan ikusten denez- ezaguna egin izan dena. 40 urtez ospatu izan dute maiatzaren 13a eta 14a, eta orain ere aita gogoratuz -2013an hil zen- ospatzen dute bere eguna eta Everesteko gailurrarena.

“Etxean beti entzun izan dugu espedizio hori talde bat izan zela, eta talde lana zela nagusi, guztiek lana berdin egiten zutela, ez zegoela espedizio bururik” gogoratzen du Hernandotar gazteak. “Everest gailurrera saiakera ezberdinak egiteko ere taldeka banatzen ziren” eta batek ezin bazuen, beste taldea saiatzen zen gero. Martin Zabaleta gailurra egiten saiatu aurretik, Garaioa nafarra izan zen tontorretik gertuen egon zen mendizalea, maiatza hasieran. “Baten indarra, bestearen esperientzia edo jakinduria, guztia neurtuz osatu zituzten talde ezberdinak helburua lortzeko”.

Guztira 12 espediziokide izan zituen 1980ko euskal saiakera horrek, eta orduko Emilio Hernandoren argazkietan eta Agur Everest Larruquert zinemagilearen filmean ikusten da lanak zelan banatzen zituzten, sukaldekoak, horniketa, gutunak, kanpamenduak prestatu, garraioa… guztia denen artean partekatzen zuten. Horrez gain ardura berezi bat izan zuen Emilio Hernando deustuarrak. “Egunerokoa idaztearen ardura zeukan gure aitak -gogoratzen dute etxekoek- eta oraindik irakurgai dauden testu gehienak berak idatzitakoak dira”. Idatzi ez ezik, Hernandoren begiek argazki kamerarekin hartutako erretratuak dira historia egin dutenak. Gaur eguneko espedizioekin alderatuta, “talde lana eta talde izaera” nabarmentzen dute Euskal Espedizioa gogora ekartzen den bakoitzean. 

Antsotegi hotela erakustoki
“Etxean argazki piloa daukagu -diosku Julen Hernandok- eta horrez gain garai hartako erropa eta traje osoa ere gordeta daukagu”. Gaur egun Hernandotarrek aitak erosi eta konpondutako Etxebarriko Antsotegi hotela kudeatzen dute. “Aita maitemindu egin zen errota honen historiarekin, erosi, konpondu eta hotela jarri genuen martxan. Hotelean erakusgai ditugu orduko argazkiak, Espedizioko erropa eta jantziak, oroigarriak eta Deustuko jende guztia gonbidatzen dugu hori ikustera pasatzeko, benetan gogoratzeko moduko gauzak dira eta”.

Gontzal, Pello eta Julen ari dira gaur egun hotelean lanean, eta “poz pozik erakutsi eta azalduko dizuegu dena, sasoiko erropak, irudiak eta lorpenak ditugu berton”. Hotelean bi espedizio ezberdinetako bi maniki dituzte. “Batean 1980ko erropak ageri dira, eta bestean TVEko “Al filo de lo imposible” saioarekin egindako 1987ko espedizio batekoa. “Erropa hori gordetzen dugu, eta erakusgai dago”. Aldaketa nabari da, zortzi urte besterik ez badira ere. Askoz gehiago gaurko teknika eta baliabideekin ikusita. Hori ikusteko gonbitea egiten dute berriro Antsotegi hoteleko hernandotarrek: “Ardo batekin, gustura berba egingo dugu Everesteko espedizioaz eta aitaren kontuez”.

Anaiek bizitza erdia eman dute mendiarekin lotuta eta lanean. “Mendiko Etxea dendan lan egiten genuen aitarekin -gogoratzen du Gontzalek- eta Julen anaia mendiko gida da”. Hoteletik bertatik mendiko giden enpresa bat sortu dute, inguruan bidaiak eta txangoak egiteko. Puenting, espeleologia, arroilak… guzti hori eskaintzen dute. “Gu txikitatik beti mendira joaten ginen, eta hortik dauzkagu naturaren inguruko baloreak, bizipenak, eta horren alde egiten dugu guk, noski baietz” baieztatzen du Gontzal Hernandok. Hhotela bera, “mendira begira” dagoela azpimarratzen du Emilio Hernandoren semeak. 

Liburu-denda Deustun

Emilio Hernando mendizale amorratua zen. Espedizio asko antolatu zituen, munduko zein Euskal Herriko hamaika lekutara. Baina, Hernando gogoratzen dutenek, bere izaera ekintzailea azpimarratzen dute sarritan. Semeek ere akorduan dituzte bere aitaren lorpenak eta ahaleginak. Emilioren aitak 1967an liburu-denda bat zabaldu zuen Deustuko Madariaga kalean, gogoratzen du Gontzal Hernandok, Emilioren seme zaharrenak. Gero Emilio bera mendiari lotutako liburuak saltzen hasi zen bertan. “Sasoi batean, mendia ikusteko liburu-denda berezi bat bilakatu zen; eta gero Mendiko Etxea sortu zuenean, mendiari lotutako gauza gehienak dendara eraman zituen”. Gaur egun liburu-dendak eta kafetegiak batera ikustea oso gauza modernotzat daukagu, baina orduko Hernando liburu-dendak, ondoan kafetegia zeukan, eta leku berean ordaintzen ziren albo bateko liburuak eta besteko kontsumizioak. Horrela gogoratzen dute aspaldiko deustuarrek ere, liburu-dendara sartu eta kafe usain gozoak ongi etorria ematen zien bertaratutakoei. 

Felix, Emilioren anaiak, urte luzez egin zuen lan bertan eta oroitzapen politak gordetzen ditu liburudendari buruz. “Gure gurasoentzat liburudenda bilgune bat zen, lagunartean ibiltzea oso gogoko zuten, eta bertara jende asko hurbiltzen zen kafe bat hartzera eta solasean aritzera. Everesteko espedizioa intentsitate handiz bizi izan zen Deustun, eta horren harira are eta jende gehiago hurbildu zen dendara espedizioari buruz galdezka. Emiliok berak ere harremanetarako gaitasun handia zuen, jendea erakartzen zuen eta bere pasioa zen mendizaletasuna lau haizetara zabaltzen zuen”. Felixek ondo gogoan du Everesteko gailurrera heldu ondoren, Martin Zabaleta eta Kike de Pablos espediziokideek liburudendara egindako bisita “egun polita izan zen”. “Oraindik ere Deustuko kaleetatik noala, badago jendea gelditu eta -aizu, zu Hernando liburudendakoa zara- esaten didana. Gauza ederra da hori” aipatzen digu Felixek. 2005. urtean itxi zituen ateak Hernando liburudendak.

Aitaren orduko oroitzapenak datozkio semeari: “Ikastoletara joaten zen, euskarazko liburuak eskuratzen zituen, Durangoko azokako esperientziaz ere asko hitz egiten zigun, beti sekulako hotza pasatzen zutela han, eta nahiz eta erdalduna izan, beti euskal kultura bultzatzen aritzen zen eta hiru aldiz ahalegindu arren ez zuen lortu euskaraz berba egiterik”, kontatu digu semeak, euskara polit eta ederrean. “Aita izatea baino zailagoa zen berarentzat euskara ikastea”, gogoratzen du Gontzal Hernandok.

Mendiko Etxea
Aipatu dugunez, 1980an lortu zuen Euskal Espedizioak Everest igotzea. Mendizaletasunak arrakasta itzela zeukan orduan. Bilbon baina, ez zegoen espezializatutako dendarik, materiala erosteko, arropa, botak edo irakurgaiak. Emilio Hernandok 1983an zabaldu zuen Mendiko Etxea Autonomia kale erdian. 30 urtez lan egin zuen bertan. Alde Zaharreko Somera kalean ere denda txiki bat ireki eta sasoi hartako mendizale guztien topaleku bilakatu ziren. Emilio 2013an hil, eta hurrengo urtean semeek denda itxi beharra ikusi zuten. “Krisiak gogor jo zuen, hedadura handiko saltokiek ere dena txikioi sekulako kaltea egin ziguten, eta era horretako dendek ezin zuten iraun”. 

“Aitak bazekin denda itxi beharko zuela noizbait, eta hotela antolatzeari ekin zion, baina ordurako Mendiko Etxea oso denda garrantzitsua izana zen, ez soilik Euskal Herri mailan, penintsulan ere garrantzitsuenetakoa izan zela esango nuke”, dio Gontzal Hernandok, urte luzez Mendiko etxean ere lanean aritutako semeak. Mendigoizaleen kabi bezala gogoratzen dute orduko mendizale eta espedizio ezberdinetako kideek. “Denda baino zerbait gehiago zen, mendizaletasuna bizi genuenon txokoa”, dakar gogora Hernandok.

Antsotegi burdinola
1413. urtean eraikitako baserri batetik hitz egin digute Hernandotarrek. Bertan dago Antsotegi hotela. Markina ondoko Etxebarri herrian. 1735. urtean Europa mailako bigarren burdinola handiena sortu zen bertan. Beranduago burdinola errota bilakatu zen. “Antsotegi errota bezala ezagutzen dute askok, baina berez hasieran burdinola izan zen”, zehaztu du Gontzal Hernandok, aitak ikertu eta bereziki maitatu zuen historiako pasarteak gogora ekartzean. “Aitak denda txikien egoera ikusita, ostalaritzara jauzia egitea erabaki zuen, mendiko aterpe edo hotela montatzea ere izan zuen buruan, baina azkenean gaur egun ezagutzen dugun hotel eta jatetxe hau jarri genuen martxan”. Hotela eta jatetxea da, baina kultur erreferentzia bat ere bada gaur egun Antsotegi; hitzaldiak egiten dituzte, mendi espedizioei buruzko solasaldiak, arte erakusketak… denetarik. Everest, Euskal Espedizioa, Emilio Hernando eta berak emandako onenak ezagutu eta bizitzeko aukera bat, 40 urte beranduago. Hernandotarrek irakurle guztiei egin diete gonbitea. Esperientzia ona izango da hau ere, ziurrenik.

 

Testua: Patxi Gaztelumendi eta Olatz Arregi

Argazkiak: Emilio Hernandoren bilduma

Ikusi argazki guztiak handiago

Euskal Espedizioa Everest gailurrean Emilio Hernandoren argazkietatik gogoratzen - 12

Euskal Espedizioa Everest gailurrean Emilio Hernandoren argazkietatik gogoratzen - 13

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa