Alogerekoak

prestaldizkaria 2020ko eka. 5a, 12:00
Kontaktua: etxebizitzad1@gmail.com / @alogerekoak

San Inazio eta Deustuko etxebizitzaren defentsarako elkar babes taldea da Alogerekoak. Alarma-egoera dekretatzearekin batera hasi ziren publikoki jarduten, baina hilabeteak daramatzate lanean. PREST! aldizkarian elkarrizketa egin diegu euren berri hobeto jakiteko.

Koronabirusak eragindako krisiaren erdian, etxebizitzaren defentsarako sindikatua sortu duzue. Egungo egoerari erantzuteko tresna da edo luzaroan mantentzeko asmoa duzue?

Taldea osatzen dugunok urri aldera hasi ginen elkartzen, etxebizitzaren arazoari erantzun kolektibo bat emateko. Gure gutxieneko helburua espekulatzaileak markatzea eta gure ahalbideen neurriko alokairu sozialak aldarrikatzea zen, auzoan lasai bizitzen jarraitu ahal izateko. Pandemiaren inpaktu sozialak lehendik gogorra zen etxebizitzaren arazoa larriagotu du, jendea alokairua edo hipoteka ordaintzeko diru sarrera gabe geratu delako. San Inazion, Deustun, Arangoitin eta Erriberan konfinamenduaren ondorioei erantzuteko taldeak sortu ziren, eta orduan erabaki genuen auzoan etxebizitza defendatzeko taldea martxan jartzea. Espero dugu Bilbon antzerako dinamikak sortzea, auzoetatik, auzoentzako eta hiria bera eraldatzera begira. 

Nola antolatzen da erantzun kolektiboa etxetik atera gabe? Borrokarako tresna berriak sortu behar dira?

Telefonoz, e-mail bidez eta bideo deiak egiteko tresna bitartez antolatu gara. Kalean kartelak jarri ditugu eta sare sozialak erabili ditugu gure berri emateko. Teknologia konfinamenduan zehar antolatzeko baliagarria izan da, baina harremanak ahalik eta zuzenena izateko beste tresna bat baino ez dela uste dugu. Barrera digitala kontuan hartu behar da, eta laguntza eta baliabideak jarri beharko genituzke guztiok ondo erabili ahal izateko. Horregatik ahoz ahoko zabalpena oso garrantzitsua da, larri dauden pertsonek jakin dezaten ez daudela bakarrik, haien inguruan egoera berdinean dagoen jende asko dagoela eta erantzuna emateko antolatzen ari garela.

Alokairu greba deitu dute hainbat etxebizitza sindikatuk, hemen ere egin beharko litzatekela uste duzue?

Bai, baina oraindik ez dugu mobilizaziorako indar handirik, hasten ari garelako. Madril eta Bartzelonako etxebizitza taldeak 2008ko krisialditik daude antolatuta eta prestatuago daude greba kanpaina bat abiarazteko. Hala ere, alokairu greba babesten dugu hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, erantzun eta exijentzia kolektiboak proposatzen dituelako, eta bestetik, gobernuen kontziliazio neurriei kritika zorrotza egiten diolako. Alokairua ordaintzeko laguntzak jabeak babesteko baino ez dira, hauek prezio neurrigabeak ezartzen jarraitu dezaten, maizterren zorpetzearen eta sakrifizioaren lepotik.

Norbaitek zuengana jotzen duenean, zer nolako tresnak proposatzen dizkiozue?

Astean behin egiten dugu asanblada eta heldutako kasuen aholkularitza kolektiboa egiten dugu bertan. Kasu bakoitza bakarra dela uste dugu, eta besteontzako erreferentzia eta ikasteko aukera dela. Denbora, ezagutza, esperientzia, informazioa, materiala, trebetasunak… komunean jartzen ditugu. Aholkularitza kolektiboa eta auzokideen mobilizazioa indarrak batzeko eta espekulatzaileen aurka egiteko gakoak dira.

Jende asko jarri da zuekin harremanetan?

Bai, egunero jende ugarik deitzen du. Asko premia larrian daude eta beldur dira etxetik kaleratuak izateko edo ez ordaintzeagatik aurrekari penalak izateko. Etxegabetzeak urriaren 2ra arte legez debekatuta badaude ere, badakigu gure auzoetan ugazaba asko maizterrak mehatxatzen eta hertsatzen ari direla etxea uzteko. Kontratu idatzirik ez dagoenean eta azpierrentamenduetan asko gertatzen da.

Zein da Deustu eta San Inazioko egoera etxebizitzari dagokionean?

Etxebizitzaren arazoa aspaldi da jasangaitza Bilbon, espekulazioaren, gentrifikazioaren eta turistifikazioaren ondorioz. Alokairuen prezioak neurrigabeak dira, auzokide gehienon baliabideak aintzat hartuta kontratuetako baldintzak gehiegizkoak dira eta instituzioen laguntzak ez dira inoiz nahikoak, areago, askotan eragozpen ere badira, jabe askok ez baitiote etxerik alokatu nahi diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei. Gainera, gure barrutian unibertsitate campus ugari gertu izateak espekulazioa areagotu egiten du, ikasleentzako gelak alokatzeko erraztasuna dela-eta. Airbnb-ak ere nabarmen ugaritu dira azken urteotan.

Orain higiezinen agentziek etxebizitzen jabeak prezioak igotzera animatzen dituzte, horrela diru gehiago irabazteko. Tecnocasa eta Look & Find agentziak Deustu eta San Inazioko atarietan publizitatea banatzen aritu dira, jabeak alokairua igotzea animatzeko. Idealista webgunearen arabera Deustuko etxebizitzetan metro karratuak batez beste 12 euro balio du. Kaleratzerik Ez! plataformak otsailean argitu zigunaren arabera, Bizkaian hilean 200 kaleratze inguru egiten dira.

Zer deritzozue etxebizitza ordaintzeko dirulaguntzei buruz?

Jabetza babesten duten eta maizterren zorpetzea eragiten duten neurriak baino ez dira. Ez dira alokairuen eta hipoteken ordainketak geldiarazi, atzeratu baizik, eta ez da prezioak jaisteko neurririk hartu. Alarma egoerak iraun bitartean ezingo da etxegabetzerik egin eta jabeek ezingo dituzte errentariak salatu ez ordaintzeagatik.

Espainiako gobernuk onartutako 11/2020 errege lege-dekretuak Autonomia Erkidegoei eman zien alokairua ordaintzeko laguntzen erabaki ahalmena. Hilean 900 euro inguruko laguntzak aipatu ziren, baina Eusko Jaurlaritzak hilean 250 euro baino ez dizkie emango, 6 hilabetez, Covid-19aren ondorioz zaurgarritasun egoeran daudela frogatzen duten familiei.

Laguntza hauek berandu heldu dira autonomoei eta enpresei emandakoekin alderatuta, eta oso eskasak dira, kontuan hartuta San Inazio eta Deustun alokairua 700-800 euro artean dagoela. Gainera, ez dira beste dirualguntza eta prestazioekin bateragarriak eta askok zailtasunak dituzte eskuratzeko, ez baitute paperik, lan edo alokairu kontraturik…

Laburbilduz, laguntzak eskasak dira, berandu datoz eta jabetza bakarrik babesten dute. Ugazabak erreskatatzeko bakarrik balio dute, maizterren bitartez. Hauen arteko kontziliazioaren ideia zabaldu nahi dute, Estatuak lagundutakoa, eta horrela arazoaren erroa ezkutatu eta auzokideak desmobilizatzea bilatzen dute.