Kalamu jorra: aho biko ezpata

prestaldizkaria 2020ko uzt. 7a, 12:42

Hamaika arrazoi medio joan ohi da jendea Kaliforniako kalamu plantazioetara lanera, ohikoena, diru premia. Hilabete gutxitan dirutza egiteko aukera ematen du negozioak, baina ez inoren kaltetan.

Egunean ia 18 ordu lanean, sarri baldintza eskasetan, landetxean bertan lo egiten eta turista baimenarekin lan egiteak dakartzan arriskuekin... ez da beti negozio biribila eskuak eta lepoa jartzen dituztenentzat. Horietako birekin egon gara PREST! aldizkarian, Aitor eta Miren. Izenak asmatutakoak dira, eurenak ez erabiltzea nahiago baitute. Euren esperientzia gazi-gozoa kontatu digute, denbora laburrean diru asko lortzearen alde onak eta txarrak.

Aitor 2016ko irailean joan zen lehen aldiz Kaliforniara. Hiru lagunekin hegaldi merke bat hartu eta poltsikoan 1000 euro zituztela abiatu ziren. Oaklandera (Kalifornia) iritsi zirenean egin zuten lehen gauza kotxe bat erostea izan zen. Autoa ezinbestekoa omen da leku batetik bestera mugitzeko, eta jendeak iristerakoan erosi egiten du, joan baino lehen saltzeko. Halaxe egin zuen Mirenek ere 2019ko maiatzean.

Behin ibilgailua lortuta iparraldera joan ziren lan bila: Aitor Garbervillera, Miren Arcatara. Erreferentziazko herrixkak dira, izan ere, mendialdean bizi diren farmer edo nekazariak (kalamu lursailen jabeak) bertara joaten dira erosketak egitera. “Diru asko daukate eta kotxea ikustearekin badakizu farmer-ak direla”, diosku Mirenek. Jendeak supermerkatu eta gasolindegietan itxaroten die, hauek mendialdetik jaitsi eta lana noiz eskainiko zain. Aitor, adibidez, hamar egunez egon zen auto-stop egiten bere lagunekin, lana eman zien nekazari batek hartu zituen arte. Esan digunez, lehenengo egun horiek “oso gogorrak” izan ziren. Kotxean edo kalean egiten zuten lo, janari-latak jaten zituzten, dirua amaitzen ari zitzaien... Amore ematear zeudenean, orduantxe aurkitu zuten lana eman zien nekazaria. Aitor bitan egon da bere etxaldean lanean, baina lagunak lautan joandakoak ditu. Konfiantza dute laborariekin eta urtean zehar kontaktua mantentzen dute.

Oso garrantzitsua da konfiantza, baita une oro adi egotea, Mirenek azaldu digun bezala. “Ezin zara edonorekin joan, eta behin lanean hasita zerbaiti susmo txarra hartzen badiozu, hobe hanka egitea. Denbora guztian mesfidati egon behar zara.”

Lan erosoa baina baldintza gogorrak

Biak hainbat lursailetan egon dira lanean, eta orokorrean esperientzia onak izan dituzte baldintzei eta tratuari dagokionez. Goizeko 08:00etan lanean hasi eta 22:00ak arte gelditu gabe egoten zen Miren. Aitor are gehiago, 02:00ak arte geratzen zen sarri. Horrela kontatu digu: “Ni lanera joan nintzen, ez ondo pasatzera, eta azkenean apur bat obsesionatu nintzen, behin han egonda ahalik eta diru gehien lortu nahi nuelako. Egon nintzen lehen aldian ez nuen ezta janaria prestatzeko denborarik ere hartzen”.

Jan eta lo lursailean bertan egiten zuten, dutxa, ikusi ere ez. Aitor, adibidez, hamar egunean behin kotxez joaten zen herrira, hotel batean eguna igarotzera. Dutxatzeko, deskantsatzeko eta ondo jateko aprobetxatzen zuen egun librea. Lan gehiena eserita egiten denez, “erosoa” da zentzu horretan. “Lagunekin zaude, musika entzun eta hitz egin dezakezu bitartean, nahi duzun kalamua erre...”, kontatu digu. Baina oro ez da urre. “Lan erosoa da, baina baldintzak oso gogorrak dira. Hiritik urrun zaude, higienerik eta intimitaterik gabe, estaldurarik gabe... eta gauez kristoren hotza egiten du”.

Bi lan mota daude egiteko. Ohikoena, trimming delakoa, landareak moztea eta saltzeko prestatzea. Kiloka ordaintzen da, librabakoitza (450-500 gramo) 90 eta 150 dolar artean. Bestea, kalamua bildu baino lehen egin beharreko guztia: landatu, ureztatu, adarrak moztu, zomorroak kendu, negutegietako toldoak kendu eta jarri argiak noiz ematen dien kontrolatzeko... Hau orduka ordaintzen da, 15 eta 20 dolar artean. “Normalean jendeak trimmatzea nahiago du, eserita egiten delako eta diru gehiago irabazten delako”, diosku Mirenek. Duela urte batzuk askoz gehiago ordaintzen zuten, baina, Mirenek azaldutakoaren arabera, Kalifornian kalamuaren negozioa legeztatzeko ahaleginek produkzio kostua handitu dute eta orain askoz gutxiago irabazten dute langileek.

“Han bizi nuena oso gogorra da”

Arestian aipatu bezala, kalamu plantazioetara lanera joaten direnek diru beharrez egiten dute. Bi aldiz joana da Aitor, eta berriz premiarik izan ezean, ez du bueltatzeko asmorik. Han lortutako diruarekin hiru urte eman ditu oposizio batzuk prestatzen, bestela, ez luke aukerarik izango lan egin gabe bizirauteko. Joatekotan, asmo argi batekin egiteko gomendioa eman digu. “Han bizi nuena oso gogorra da, etxera itzultzerakoan bi hilabete behar izaten nituen egokitzeko; ordutegiak, asteko egunak, ohiturak... dena ahaztuta nuen. Guztiz estresatuta etortzen nintzen hainbeste lan egin ostean, eta dirutzarekin soinean. Oso zaila da ez xahutzea.” Mirenek ere ez du errepikatzeko asmorik. Esperientziarekin pozik geratu zen, baina ez du uste hainbesteko dirurik lortzen denik, ez behintzat agindu zioten bezainbeste.

Aitorrek lo egiteko erabiltzen zuen biltegia.

Dirutza mugitzen duen negozioa

Kalamu lursail gehienak legezkoak direla kontatu digute biek. Kalifornian 60ko hamarkadan hippyak heldu zirenetik, kalamua landatzeko eta kontsumitzeko ohitura handia dago, eta saltzea zein kontsumitzea legezkoa da. Mediku batek errezetatu ahal dizu cannabisa, eta dendetan eros dezakezu, baita Interneten ere. Plantazio gehienak legezkoak omen dira, ez, ordea, langileen egoera. Izan ere, turista bisarekin joan ohi dira, lan egiteko baimenik gabe.

Horregatik jendeak hiru hilabete baino ezin ditu eman lanean, Estatu Batuetan turista gisa egotea baimentzen duten denbora. Badaude trikimailuak denbora gehiago geratzeko, esaterako, herrialdetik atera eta berriz sartzea. Asko Mexikoko mugan dagoen poliziaren batekin – coyoteak– geratzen dira eta pasaportea nahi duten datarekin zigilatzearen truke ordaintzen diete. Horrela beste hiru hilabete luzatu dezakete egonaldia. Beste batzuek bisa apurtzea erabakitzen dute, baina aurrerantzean Estatu Batuetara itzultzeko arazoak edo betoa izateko arriskua hartzen dute.

Miren lanean egon zenean, 2019ko udaberrian, mugak zorroztu zituzten Mexiko eta AEBen artean. “Lehen Estatu Batuetara sartzeko baino ez zeuden kontrolak, baina orain ateratzeko ere jarri dituzte”, azaldu digu. “Gauza asko galdetzen dizkizute ateratzerakoan, mugikorra ere begiratu ahal dizute”, gaineratu du.

Esperientzia gogorra bizi zuten bai Mirenek eta bai Aitorrek, baina ez dira egindakoaz damutzen. Denetarik ikusi zuten bertan: drogek akabatutako jendea, premia handiko familiak lanean seme-alaba eta guzti, tiroketak, lapurreta biolentoak, marihuana landarez jositako hektareak, “benetako hippyak”, paisaia liluragarriak, San Frantziskoko “giro liberala”... baita hartz baten erasoa ere. Nekez ahaztuko dute bizitakoa eta ikasitakoa, errepikatzeko asmorik ez badute ere.