uriola.eus

Borja Rodrigo Gil: “Arraunlarien klubetan orain ilusioa eta indarra da nagusi”

  Kirolak  Deustualdea

Borja Rodrigo Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) lehendakaria da. Pandemiak denboraldi atipikoa ekarri arren, baikorra da eta pozik, neurri bereziekin bada ere, arraun-zaleek udan estropadez gozatzeko aukera izango dutelako.

Borja Rodrigo Gil: “Arraunlarien klubetan orain ilusioa eta indarra da nagusi”
Testua: Aitor Sarrionandia-Ibarra Fernandez / Argazkiak: Ecuador Etxea | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola baloratzen duzu orain arte egindako lana? 

Laugarren urtea dut TKEko lehendakaritzan eta positiboki baloratzen dut. Pozik nago elkartearen bilakaerarekin eta kudeatzen dituen bi ligekin: Eusko label [gizonezkoena] eta Euskotren [emakumezkoena]. 

Zalantzarik gabe, gaur egungo egoera berria da zuretzat ere. Nola bizi izaten ari zara?

Zorionez, pandemiaren datuak ikusita, baikorra izateko arrazoiak ditugu. Izan ere, gure lehia udan izaten da eta garaiz helduko gara. Hala ere, zuhur jokatu nahi dugu eta beharrezkoak diren neurri prebentiboak hartzen ari gara. Ezin gara erlaxatu. 

Nola eragin dio pandemiak arraun munduari?

Jendarte osoari bezala, guztiz eragin digu eta guztioi, gainera: kirolariei, zuzendaritzei, babesleei eta kudeaketa taldeei. Gure jarduera oso era bortitzean kolpatua izan da eta izaten ari da. Ez geunden prest horrelako esperientzia baterako.

Nola aurreikusten duzu denboraldia? 

Kirolaren ikuspuntutik urtero ditugun zalantza berberekin, hau da, tripulazio bakoitzak emango duen kirol-maila ikusteko irrikaz. Aurten, gainera, ez denez denboraldi-aurrerik egon ezta estropadarik ere, ez dago jakiterik zer nolako maila izango duten traineruek. Kudeaketa arloan, oso denboraldi atipikoa izango da: prebentzioan neurriak hartu beharko ditugu eta estropadetan jende-pilaketak saihestu beharko ditugu.

Estropadak egiteko zer neurri aurreikusi dituzue?

TKEk egin duen Covid-19 protokoloan agertzen dira neurri guztiak. Elkarteko medikuak taldeen medikuekin batera egindakoa da eta bertan gobernu autonomikoen Osasun Sailen irizpideak, baita Espainiako Osasun Ministerioaren neurriak ere kontuan hartzen dira. Neurriek gure kirolarien aktibitateei eragiten die, baita gure ekitaldien antolaketari.

Neurriak adostea kostatu zaizue?

Zalantzarik gabe esango nuke lan handiko hilabeteak izan direla. Bazkideek parte hartze aktiboa izan dute eta adostasunaren bitartez hartu ditugun erabakiek aurtengo udan lehiaketa egotea bermatu dute. 

Zer giro dago klubean?

Oraintxe bertan ilusioa da nagusi. Ilusioa eta gogoa lehiaketaren hasieragatik, batez ere, bizi izandako egoerak tentsio eta neke handia utzi dituelako.

Zer gertatuko da jarraitzaileekin? 

Jarraitzaileei jaso ahal duten oparirik onena emango diegu: uda beteko estropada, ehuneko ehunean disfrutatu ahal izango dituzten 18 jardunaldiak.

Krisiek aldaketarako ere aukera ematen ei dute. Arraunean aldaketa esanguratsuak egongo direla uste duzu?

Osasun krisi honek ekarriko digun agertokiak kezkatzen gaitu, batez ere pairatuko ditugun ondorio ekonomikoek babesleei eragingo dielako.

Nola eragiten dio ekonomikoki honek guztiak arraun munduari?

2020. urtea nola amaitzen den ikusiko dugu, eta enpresek 2021. urteari nola ekingo dioten jakiten dugunean, orduan gure aktibitatearen gaineko balizko kolpea hobeto ulertuko dugu. 

Arrauna “saltzea” zaila al da? Asko kostatzen zaizue babesleak lortzea, telebistan agertzea... ?

Arraunak, nahiz eta interes handiko kirola izan, nahiz eta kulturalki oso errotuta egon, ez du kirolgune bat, hau da, ez du kirol zelai batek duen sarrerarik. Horrek asko zailtzen du gure kudeaketa lana, batez ere, baliabideak gureganatzeko orduan. Telebista plataforma zoragarria da gure produktua ezagutarazteko eta hori baliatu behar dugu. Gure babesleei eta gure klubei eskaini ahal diegun erakusleihorik onena da. Ezin dugu ahaztu estropada bakoitzean udalerri bakoitzean biltzen den jendetza ere.

Nola ikusten duzu etorkizuna? 

Benetan uste dut hilabete hauetan bizi izandakoak indartsuago egingo gaituela. Gure proiektua gehiago baloratuko dugu eta ilusio handiagoz biziko dugu, gauzak hobe egiteko lanean jarraitzeko helburuz. Horrek gure indarguneak eta arraunaren baloreak ezagutzera ematea ekarriko du.

Zer ematen dio TKEk arraun munduari?

Arraunaren lehenengo maila izateak traineruen lehiari beharrezkoa den egonkortasuna ematen dio. Horretaz gain, arrauna modernizatzen duten berritasun teknikoak sartzen ditu eta kirol honekiko interesa gero eta handiagoa izatea lortzen du.

Zenbat taldek parte hartzen dute elkartean?

12 dira TKE osatzen duten bazkideak eta bi liga antolatzen ditu, Euskolabel liga gizonezkoentzat eta Euskotren liga emakumezkoentzat. 

Zein da emakumezkoen arraunaren egoera?

10 urte baino gehiago daramatzagu Euskotren liga antolatzen eta zalantzarik gabe emakumezkoen arraunarentzat agertokirik onena da. Beti bultzatzen, indartzen eta hobetzen jarraitzearen alde egin dugu eta horrek arraun munduan berdintasunaren aldeko borrokan aurrera egitea bermatu digu. Momentu honetan ez dugu ikusten bi ligarik gabeko TKErik. Lan handia dugu aurretik, baina oso pozik gaude egindako lanarekin emakumezkoen arrauna ikusarazteko.

SAKONEAN

“Zuzendaritza postuetan gizonezkoak egotearen joera arrastaka eramaten dugu”

Noiz hasi zinen arraun munduan?

Deustun 2006an eta 2007an arraunlaria izan nintzen. Gero, taldeari lotuta jarraitu nuen zuzendaritza taldean. Sei urtez Bizkaiko Arraun Federazioko lehendakaria izan eta gero, 2017an TKEko lehendakaria izateko proposamena onartu nuen.

Hemendik aurrerako erronkarik?

TKEren alde lanean jarraitzea eta udan bi lehiak arazorik gabe antolatzea. Irailetik aurrera etorriko direnak prestatzea ere beste erronka bat izango da. 

Zergatik zarete denak gizonak zuzendaritzan?

Zuzendaritza postuetan gizonezkoak egotearen joera arrastaka eramaten dugu, baina emakumeek gero eta oihartzun handiagoa dute arraun munduan.

Arraunaren jarraitzaileei mezuren bat bidali nahi diezu? 

Aurreko hilabeteetan izandako interesa, pazientzia eta gertutasuna eskertu nahi dizkiet eta TKEren eskutik uda beteko estropadez disfruta dezatela opa diet.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa