“Orain ez dugu nora joan patinatzera”

Jone Gartzia Gerra 2020ko abu. 3a, 11:32
Argazkiak: Jorge Calderon eta @gaizkasi

33 urtez Deustuko eta inguruko skaterren etxea izan eta gero, Zorrotzaurre Planaren baitan sei etxebizitza bloke egiteko eraitsi zuten ekainean Deustuko skate parkea. Patinatzaileak haserre eta amorratuta daude, urte guzti hauetako utzikeriaren ostean, “ondare” ziren arrapalak suntsitu dituztelako, lekualdatzeko edo gordetzeko aukerarik eman gabe.

1987an ‘Tigrearen’ eraikinaren parean jarri zutenetik, Deustuko skate pista ez da geldirik egon. 2004an mugitu zuten lehen aldiz, luxuzko etxebizitzak egiteko. Botikazarreko biribilgunearen albo batera eraman zuten orduan eta horren berezia egiten zuen egurrezko arrapala txikia jarri zuten. Bost urte geroago, berriz ere lekualdatu zuten parkea, Cirque du Soileil ikuskizunaren karpari enbarazu egiten zioko. Horren ostean, skaterrek IMQ ospitalearen obra jasan behar izan zuten, etengabeko zarata eta hauts harroarekin. Deustuko patinatzaileak orduantxe hasi ziren susmatzen handik ere botako zituztela. Eta halaxe izan da, 2020ko ekainean eraitsi dituztelako Deustun 33 urte egondako skate pistak. Oraingoan ez da lekualdatzerik egon; suntsitzea baizik, baina arrazoia errepikatu egin da: etxebizitzak eraikitzea Zorrotzaurre planaren baitan.

Horrenbeste bueltarekin aspalditik gogaituta eta “zorabiatuta” daude Deustuko patinatzaileak. 2016ko maiatzeko PREST! aldizkarian (169. zk.) aurresan zuten aurtengo ekainean gertatutakoa: “Bere patua desagertzea da. [...]  Betidanik esan digute hori, eta guk geuk ere ikusten dugu hondora doala”. Pistak suntsitu izanak zeharo amorratu egin ditu skaterrak, baina ez ditu harritu. Urte guzti hauetan utzikeria eta mantentze-lan falta salatu dituzte, baita ekintzak antolatzeko trabak ere.

“Usteltzen utzi dituzte”

Udalaren esanetan, skate pistako arrapalak oso egoera kaxkarrean zeuden, eta horregatik suntsitu zituzten, beste norabait eraman beharrean. Erabiltzaileek, kontrara, aitzakia baino ez dela uste dute: “Arrapalen metalezko egitura oso egoera onean zegoen, gaizki zegoena egurrezko xaflak ziren, ipini zituztenetik ez dituztelako behin ere ez konpondu. Hemengo eguraldiarekin eta mantenurik gabe, zer espero zuten?”. Horrek amorratzen ditu gehien, “bikainak” ziren arrapalak usteltzen utzi eta suntsitu izana: “33 urteko historia suntsitu dute, nahi izan dutelako, apurtuta zegoelako aitzakiarekin, baina hori ez da egia. Suntsitu baino lehen guri galdetzea zuten, gordetzeko edo beste leku batera eramateko.”

Jorge Carrionek pistak inauguratu zituztenetik ezagutu ditu eta ulertu ezinean dabil Udalak arrapalekin egindako kudeaketa. Kontatu digunez, 1991an arrapala batzuk erosi zituela Espainiako Txapelketa baterako eta geroztik Txurdinagako kiroldegian gordeta dituela, erabili gabe. 

Calderonek aspaldi utzi zion patinatzeari eta berak ez du nabarituko Deustun skate pistaren hutsunea, baina pena ematen dio oraingo skaterrengatik eta etorriko direnengandik, ez dutelako auzoan patinatzeko aukerarik izango: “Orain daudenak behintzat antolatuta daude, hainbeste traba eta lekualdatzeren aurrean ez dutelako beste erremediorik izan, baina ondorengoek ez dute ezer izango”, azaldu digu tristuraz.

Hasierako urte indartsuak

Calderonek berak deskribatu digu hasierako urteetako skate munduaren egoera. Patinatzen hasi zenean Bilbon ez zegoen skate pistarik. Kalean ibiltzen ziren gurpil-oholarekin, edo Arrigunaga eta Areetako parkeetara joaten ziren. 1987an, Gorordo alkate izendatu berria zela, hainbat gutun bidali zizkioten hirian skate pista bat eskatzeko: “Garai hartan Metroa egingo zutela esaten hasi ziren, baina inork ez zuen ezer sinesten, ez genuen espero aurrera aterako zenik”, diosku. Euren harridurarako, egun batetik bestera “itzelezko” parkea eraiki zuten Deustun, orduan erdigunetik nahiko aldenduta zegoen gune batean. 

Beteranoaren ustetan, teknikoki oso pista ona eta dinamikoa zen Deustukoa. “Arrapala txikia oso ondo zegoen, erortzerakoan min gutxiago egiteko prestatuta zegoen eta horregatik profesional asko etortzen ziren hona patinatzera. Garai hartako patinatzaile onenek hemen patinatu dute”. Boom izugarria ekarri zuen skate pistak Deustura, “modan jarri zen”. Jende andana hasi zen patinatzen eta orduan zeuden bi kirol dendetan skate material ona saltzen hasi ziren, Calderonek kontatu digunaren arabera. 

Oraingo patinatzaileek, aldiz, ia ez dute ezagutu eszena hori Deustun. Horrela azaldu digu horietako batek: “Ni txikia nintzenean gauza asko antolatzen ziren, eszena oso indartsua zegoen Tigrearen parean zegoela. Jende asko eta oso ona etortzen zen patinatzera, baina, 2009tik aurrera, azkenekoz mugitu zituztenean, denak behera egin zuen. Ordutik ez da mantenurik egon, soilik konponketa txiki batzuk, eta horrek jendeak patinatzera etortzea mugatu du. Amorrua ematen dit hori bizi ezin izanak, nik guzti honen dekadentzia eta suntsipena ikusi dut”.

“Zergatik ez gaituzte lasai uzten?”

Egoera horren aurrean, gogoz saiatu dira giroa suspertzen, topaketak eta jaiak antolatuz, eta urtero arrakastatsuak izaten badira ere, Udalaren partetik trabak baino ez dituztela izan azaldu digute: “Une oro izorratu gaituzte, inoiz ez digute ezer egiten utzi”. Udalari skate kultura kriminalizatzea, pribatizatzea eta nahita hiltzen uztea egozten diote. “Zergatik ez gaituzte lasai uzten?”, galdetzen dute nekatuta.

Pistak konpontzeko hamaika aldiz eta mila modutara eskatu diote Udalari, eta askotan eurek konpondu behar izan dituzte akatsak, ez zietelako jaramonik egiten. “Orain arte ez genuen inolako elkarterik erregistratuta eta horregatik ez ziguten kasurik egiten, baina badago Erriberan skate enpresa pribatu bat eta jabeari bai entzuten diote.” Kexu dira Olabeagako pista diseinatzeko Udala Gure Txoko enpresarekin bakarrik jarri zelako harremanetan, ez, ordea, egunero skate pista erabiltzen zutenekin. Jabeak bere interes pribatuen arabera jokatu zuela uste dute, diseinua berak antolatuko zuen lehiaketa jakin batentzako pentsatuta dagoelako. Pista amaitu gabe omen dago, izugarrizko hautsa ateratzen du bowl-a bete gabe utzi zutelako. “Olabeagako skate parkea lardaskeria bat denez, jendeak bere skate parkera joan behar du”, diote. Gainera, orain Bilboko Half-pipe bakarra berea da, pribatua eta ordainpekoa: “Ez dugu nora joan patinatzera”.

Gure Txokoko Gonzalo Idigorasekin hitz egin dugu PREST! aldizkarian eta berak kontrako iritzia du. Etengabe lekuz mugitzearen ondorioz eta mantenu urria dela-eta, Deustuko pistak oso egoera txarrean zeudela uste du. Olabeagakoa, aldiz, “akats batzuk” izan arren, “bestea baino askoz hobea eta berriagoa” dela deritzo. “Inauguratu bezain laster, 2019ko irailean Espainiako txapelketaren finala egin zen han, horrek duen kalitatearen inguruan asko esaten du”, azaldu digu. Idigorasen aburuz Bilboko skaterrek badute leku nahiko patinatzeko, “Etxebarriako parkea ere orain gutxi konpondu dutelako”.

Skate kultura berpiztu guran

Patinatzaileek esan digutenaren arabera,  inoiz ez dira babestuak sentitu, ez Udalaren partetik, ez skate enpresa horren partetik, ezta herritarren aldetik ere. Pistak bota zituztenean, jende askok babesa erakutsi zien, “berandu”. Susmoa dute azken momentuan hainbat herritarrek erakutsitako babesa ez ote zen euren onura propio eta probetxu politikorako izango.

Egoera ikusita, duela urtebete elkarte bat erregistratzeko izapideak hasi zituzten. Skatero Elkarte Kulturala deitu zioten, izenak dioen bezala ez dutelako negozio bat izan nahi, “skatearen kultura aldarrikatu” baizik. Lehenagotik ere bazuten elkartea egiteko asmoa, baina lehendik aipatutako enpresa-gizonak mehatxua egin zien, elkartea osatuz gero, gerra deklaraziotzat hartuko zuela esanez. Orain, berarekin haserre, elkartea egin dute, Udalarekin solaskide zuzenak izateko esperantzaz.

Nolanahi ere, elkarterik gabe hamaika ekitaldi antolatu dituzte, Deustun skate giroa berpiztu guran. Deustuko jaietan, Inauterietan, Gau Beltzean, edota Skate Egunean Deustown izenarekin hamaika jai eta topaketa egin dituzte azken urteetan. Azaldu digutenaren arabera, Udalean ez diete inoiz jaiak antolatzeko baimenik eman, eta Jai Batzordeak behin bakarrik utzi zien euren aseguru eta programaren barruan antolatzen. 

Alderaketa egitearren, “hizkuntza bat suntsitzea bezalakoa” dela uste dute. Izan ere, haientzat skatea ez da patinatzea soilik, musika ere bada, marraztea, fanzineak idaztea, konponketak egitea: “Hori da gustatzen zaiguna, horren guztiaren bitartez gure burua adieraztea”. 

Ez dute etsi, inondik inora, eta argi dute ez dutela Deustun skatearen kultura hiltzen utziko. “Parkea kendu digute, baina guk orain zuhur erantzun behar dugu eta hau bizirik mantendu”, diote. 

Udalari eskaera

Hasteko eta behin, “Olabeagako lardaskeria konpondu dezatela” nahi dute, baina bertan patinatuko dutenak kontuan hartuta, “ez berari komeni zaiona egingo duen enpresa pribatu batekin”. Horrez gain, hemengo klima dela-eta, skate parke estali bat behar dute. Ez dute ulertzen zelan Udalak enpresa pribatu batean skate parkea diruz lagundu duen bitartean, 33 urtez kalean patinatzen egon direnei ez dien kasurik egiten.

Hori dena eskatzeko ekainaren 21ean manifestazioa egin zuten Etxebarria parkeko pistatik Olabeagakora, Udaletxetik igarota. Skatearen Nazioarteko Eguna zen, urtero ospatzen dutena, baina aurten jaia beharrean, aldarrikapena izan da nagusi skaterren artean. “Erakutsi behar dugu patinatzaile asko gaudela eta ez dela posible enpresa pribatu batera joatea patinatzera”, azpimarratu dute. “Bizkaian patinatzeko leku on asko dago eta Bilbokoak tamalgarriak dira. Deustuko parkea eraisterakoan, oso pista ona bota dute, eta ez digute moduluak gordetzen utzi. Ondarea ziren guretzako”.

 

[2016-06-03] Deustuko skate parkea bizi-bizi