Deustu eta Ibarrekolandako errenta apaleko atalak etxebizitza zaharberritzeko Udal planetik kanpo

Borja Sarrionandia-Ibarra Fernandez 2020ko abu. 5a, 12:00

Torre Madariaga auzuneko goiko zatia

Surbisako (etxebizitzak zaharberritzeko udal sozietatea) Administrazio Kontseiluaren ekaineko azkeneko bileran Bilbao Aurrera laguntza-plana onartu zen, EH Bilduren aurkako boto bakarrarekin. “Renove programa” horren helburua etxebizitzak zaharberritzeko obrak diruz-laguntzea da eta Bilboko 40 auzoetatik 32ra zabaldu da. Deustuko Doneperiaga eta Ibarrekolanda auzoak Plan honetatik kanpo gelditu dira, auzo osoaren errenta maila aintzat hartu delako. Deustuko gainerako auzoek plan horrek eskaintzen dituen dirulaguntzak jaso ditzakete.

Bilboko Udaleko webgunearen arabera, Etxebizitzen Renove Plan horrek bi helburu ditu. “Alde batetik, gizarte kohesioa sustatu nahi du, auzo kalteberetan bizi diren pertsonei dirulaguntzak emanez beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten, kalitatea eta erosotasuna hobetzeko eta ingurumen-neurrietan ere hobetzeko. Bestetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen, autonomoen eta profesionalen jarduera sustatu nahi du, sektore horretako enpleguei eustearren edo berriak sortzearren, ahalik eta lasterrena eta deslokalizazioa saihestuz, eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria jarduerari eraginez.”

Dirulaguntzak, gehienez ere, 6000 eurokoak izan daitezke. Erabakiak laguntza plan honetatik kanpo utzi ditu, besteak beste, errenta apala duten Deustuko Luzarra, Ramon y Cajal, Torremadariaga edota Lagun-Etxea, eta Ibarrekolandako  Arrue Margolariak, Benidorm, Juan de Urbieta, Txakoli e Ibarrekolanda kale zein auzune historikoak.

Renove Plan horretatik kanpo uzteko EAJ eta PSOE alderdiek gehiengo osoa duten Surbisako Administrazio kontseiluak auzo osoaren errenta aintzat hartu du. Deustuko Doneperiaga eta Ibarrekolandako batez besteko familia errenta 38.087,17 eta 35.823,13 eurokoa da, hurrenez hurren.

Kontua da, aipatutako Deustuko bi auzo hauetan, aldeak nabariak direla bai atalen artean eta baita familia-etxeen artean ere, PREST!eko 2019ko azaroan (207) irakurri genuen bezala.

Deustuko Doneperiagan, esaterako, Torre Madariagako Gipuzkoa, Logroño eta Santander kaleek zein Blas de Otero, Jon Arrospide eta Iruña kaleko Torre Madariaga auzuneko zatiek dute batez besteko familia errentarik txikiena (22.529 euro).

Torre Madariagako beheko zatiak baino emaitza hobeak izan arren, batezbestekoaren oso azpitik eta familia errenta txikienak dituzten atalen zerrendaren buruan daude Ibarrekolandako Arrue Margolariak, Benidorm, Juan de Urbieta kaleek eta Ibarrekolanda plazak osatzen duten etxadia (24.419 euro) eta Madariaga eta Blas de Otero kaleen arteko Torre Madariagako goiko zatia (25.056 euro) ere.

Barrutiko Kontseiluan EH Bilduren salaketa

Surbisako Administrazio Kontseiluan auzo batzuk Renove Plan horretatik kanpo gelditzearen kontra bozkatu zuen EH Bilduk uztailaren 7an egindako Deustuko Barrutiko Kontseiluan eskatu zuen Surbisari zuzentzeko eta “oso beharrezkotzat” jotzen zituen laguntza horiek familien errentaren eta eraikinen antzinatasunaren arabera emateko. Horren ondorioz, Deustuko Doneperiagako edota Ibarrekolandako edozein familiak laguntza hauek jaso ahalko lituzkete, Bilboko beste 30 auzotan egin daitekeen bezala.

Barrutiko Kontseiluan bertan EAJ eta PSOEren ordezkariek erabakia hartuta zegoela eta ezin zela aldatu erantzun zioten Juan Antonio Alonso EH Bilduren eledunari.