Jardin Secreton gertatutako lan gatazka salatuko dute igandean

uriola.eus 2020ko ira. 29a, 10:54

Deustuko Erriberan kokatuta dagoen Jardin Secreto tabernan elkarretaratzea deitu du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak urriaren 4an, igandea, eguerdiko 13:00etan. 

Azken asteotan Bilboko Langile Autodefentsa Sareak egindako aldarrikapenek ez dute Jardin Secretoren aldetik erantzunik jaso. Hori dela eta, gatazka publikoarekin jarraitzeko asmoz, datorren igandean berriz ere elkartuko dira langile baten kaleratze bidegabea salatzeko. 

Langileak berak irailaren 17an egindako elkarretaratzean azaldu bezala, ostalaritza lanetan aritu arren, beste lan hitzarmen bat ezarri zioten eta horren ondorioz, soldata baxuagoa kobratzen zuen. Horren aurrean kexa azaldu zuen beharginak, eta enpresak modu bidegabean kanporatu zuen. Bajan zegoen bitartean, Gizarte Segurantzak bidalitako mezu baten bitartez izan zuen kaleratzearen berri. 

Bilboko Langile Autodefentsa Sareak bere aldetik, Jardin Secreto tabernaren "benetako lan baldintzak salatu" eta "enpresa hauek jokatzen duten papera" gaitzetsi ditu: "Negozio pseudo alternatibo eta kulturalek, ideia progresistetaz baliatuz, langile klaseak pairatzen dugun miseria estrukturalaz baliatzen dira”.