Jardín Secreton irtenbiderik ez

prestaldizkaria 2020ko aza. 3a, 12:18

Langile baten kaleratzeak Erriberan piztutako gatazkak bere horretan jarraitzen du. Gertatutakoren bertsio kontrajarriak daude: batetik, Espacio Open-Jardín Secretok dio ez zuela langilea legez kanpo kaleratu, eta dagokion kitapena ordaindu diotela; bestetik, Bilboko Langileen Autodefentsa Sareak bidegabeko kaleratzea eta lan abusua salatu ditu. Joan den igandean protesta egin zuten Espacio Openen aurrean terraza hustu arte. Ohartarazi dutenez, euren eskakizunak bete ezean borrokan jarraituko dute eta boikoterako deia egin dute.

Gatazkaren nondik-norakoak ulertzeko irailera atzera egin behar da, Jardín Secretoko langile batek bidegabeko kaleratzea eta lan-abusuak salatu zituenean: ostalaritzako lan-hitzarmenari zegozkion lanetan aritu arren, enpresak bestelako lan-hitzarmen batean sartu zuen eta, horren ondorioz, zegokiona baino soldata baxuagoa kobratzen zuen. Beharginak kexa azaldu zuen eta, bajan zegoela, enpresak kaleratu zuela konturatu zen Gizarte Segurantzak bidalitako mezu baten bidez.

Orduan, langilea eta Bilboko Langile Autodefentsa Sarea (LAS) Jardín Secretorekin jarri ziren harremanetan gutun zein mezu bidez. Bertan, bidegabeko kaleratzearen ondorioz ordaindu beharreko kalte-ordainak kitatzea eskatu zieten eta erantzunik jaso ezean, protesta publikoak antolatuko zituztela iragarri zuten. Hala egin zuten irailaren 17an, tabernaren aurrean elkarretaratze bat deitu zutenean. Bigarrena urriaren 4an izan zen, Espacio Openen igandetan egoten den Open Your Ganbara azokaren denboraldi berriaren irekiera-egunean. Biak ala biak, Jardín Secretoren erantzun falta dela-eta.

Jardín Secreto: “Kontraturik indarrean ez duena ezin da kaleratu”

Elkarretaratzeen ostean heldu zen enpresaren lehen adierazpena. Gatazkaren berri eman zuten hedabideei enpresaren bertsioa helarazi zieten, langilearen eta LASen kontakizuna “gezur frogagarria” dela esanez. Jardín Secretoren arabera, langilea otsailean hasi zen lanean, hiru hilabeteko behin-behineko kontratuarekin, alarma-egoeraren ondorioz luzatu zena uztailaren 18ra arte. Horregatik argudiatzen dute ez dela kaleratze bat izan, ezin delako “kontraturik indarrean ez duen inor kaleratu”. Horren frogatzat hartzen dute LASek Lan Arloko epaitegira jo ez izana: “Baja batean kaleratzea legez kanpokoa da. Egia balitz, justiziak zigortu egingo gintuzke, eta arrazoia emango lieke”.

Langilearen eta LASen eskakizunen inguruan, enpresak dio kitapena hasieran eskatu zena baino askoz handiagoa izan dela: “Kolektiboak langilearen izenean 432'73€ erreklamatu zituen lehenik. Kitapen bidez legez zegokiona ordaindu genuen, 677'89 € guztira”. Egun, ez dute ulertzen 108'24 € gehiago eskatzeko arrazoia, “nahiz eta kitapenaren ordainketak eskatutako bi zenbatekoen batura gainditu duen”. Gaineratu dute, “protesta hau merezi duten beste kausa batzuk” daudela eta “protesta baketsua egiteko eskubidea” errespetatzen dutela.

Langile Autodefentsa Sarea: “Zorra ez dago ordainduta”

Arrapaladan etorri da LASen erantzuna ohar bidez. Azpimarratu dutenez, gaur-gaurkoz enpresa ez da haiekin harremanetan jarri gatazkari irtenbidea emateko borondatez. Era berean, azaldu dute langileari kitapen bidez ordaindutakoa langilearen Aldi Baterako Ezgaitasunari dagokiola, eta ohiko soldataren diru-kantitatea kalte-ordain gisa mozorrotzen ari direla: “Beste sasoi eta era batean ordaindu behar zituzten zorrak orain ordaindu izanak ez ditu salbuesten langilearen kaleratzeari dagokion kalte-ordainetik. Beraz, zorra ez dago ordainduta”.

LASen ustez, nagusiek ez zioten langileari jakinarazi, hasiera batean, kontratua berrituko ziotela, ezta, ondoren, ez ziotela luzatuko, eta “horrek bihurtzen du kaleratzea bidegabe”. Kontratuari buruz, bestalde, mugagabea izan behar lukeen lan-harreman bat betetzeko “aldi baterako lan-kontratu faltsuak erabiltzea” salatu dute, enpresarien artean ohikoa izanagatik ere. “Kontratu baten eta bestearen artean langilea inolako kalte-ordainik gabe kalean uztea kaleratzea da”, argitu dute.

Halaber, Lan Arloko epaitegira ez jotzeko arrazoiak azaldu ditu LASek. Euren hitzetan,  Espacio Openen jardunean ohikoak dira hainbat abusu eta, lege aldetik, “legezkotasunaren mugan dauden hainbat praktika”, prozesu judizial batean “nekez” froga daitezkeenak. “Ez ditu ordenamendu juridiko burgesak gure eskariak zehazten; baizik eta esplotazioa pairatzeak ematen digun zilegitasunak eta gure aldarrikapenak aurrera eramateko dugun indar antolatuak”, jarri dute azpimarra.

Hurrengo bideoan, langileak bere egoera azaltzen du.