'Osasun publikoa indartu, eskubideak bermatu' lelopean manifestazioa egingo dute larunbatean Sarrikoko geltokitik

uriola.eus 2020ko aza. 4a, 09:18

Elorrieta, San Inazio eta Ibarrekolanda auzoetako greba asanbladak antolatuta, mobilizazioa egingo dute azaroaren 7an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan Sarrikoko metro geltokitik abiatuta.

"Bigarren konfinamendua datorrela dirudien" momentu honetan Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren erantzuna osasun neurri errealak albo batera utzi eta oinarrizko eskubideak mugatzea izan dela salatu du asanbladak. Gainera, egoera honek etengabeko salbuespen egoera bat inposatu eta aldi berean, kaleak poliziaz bete dituela azpimarratu dute. 

Hori dela eta, egoera honen aurrean mobilizatu eta, besteak beste, aldarrikapen hauek kaleratu dituzte: ikastetxe eta unibertsitateetan irakasle gehiago kontratatzea, garraio publikoaren zerbitzua handitzea osasun zentro eta ospitaleetan baliabideak handiagotzea eta etxe kaleratzeak bertan behera uztea.