Luze eta asko idatzi da azken hilabete honetan Burgosko auziaren inguruan. Komunikabide gehienek, idatzizkoek zein ikus-entzunezkoek, tarte zabalak eskaini dizkiote Euskal Herriko garaiko historian mugarri izan zen eta diktadura frankista ataka larrian utzi zuen pasarte horri. Erreportaje honetan Gregorio Lopez Irasuegik auzian bizitakoari erreparatuko diogu.
1960an onartutako lege dekretu frankista batek aukera ematen zien auzitegi militarrei zenbait delitu epaitzeko eta frankismoak hori baliatu zuen gerra kontseilua antolatzeko. Erregimenak frankismoari oso leialak ziren graduazio handiko hiru militar jarri zituen auzitegiaren buru, helburu zehatz batekin: eskarmentu handi bat ematea.
Akusatuen aulkian, beste 15 kiderekin batera, Gregorio Lopez Irasuegi, 1946an Izurtzan jaiotako Deustuko bizilaguna. 1969ko urtarrilaren 5ean atxilotu zuten, Iruñeko kartzelatik Arantza Arruti ETAko militante eta emaztea espetxetik askatzeko saiakera frustratu baten ondorioz. Burgosko prozesuan ere auzipetuta egongo zen Xabier Izko de la Iglesia ETAko kidearekin batera atxilotu zuten. Ordurako, Lopez Irasuegi ETAko zuzendaritzako kidea zen. Ekintza horregatik 1969ko urtarrilaren 30an 10 urte eta 2 hilabeteko espetxe zigorra jaso arren, Burgosko prozesuan berriro epaitu zuten.
Hasieran esan bezala, erregimen frankistak Burgosko auziaren bitartez Francoren aurkako erresistentzia errotik moztea zuen helburu. Auzipetuek, berriz, oso argi zeukaten: Francoren erregimen faxistak izan behar zuen epaitua. Frankismoaren izaera zapaltzailea eta faxista salatzea izan zen, hain zuzen, epaituak izan ziren hamasei euskal herritarren zeregina. Horretarako, euren abokatuekin batera, epaiketa hasieratik iraultzeko estrategia garatu zuten. Alde izan zituzten epaiketa aretoan nazioarteko behatzaileak eta prentsa.
Abenduaren 8an Gregorio Lopez Irasuegiren txanda heldu zen. Aipatutako estrategia horren baitan, Deustuko bizilagunari egokitu zitzaion auzipetuak gerra presoak zirela azaltzea eta “faxismoa herriaren aurka egiten ari zen gerra” agerian uztea.
Lopez Irasuegik uko egin zion fiskal militarrak egindako itaunketa erantzuteari. “Egia al da erakunde klandestinoa den ETAko kidea zarela?” lehenengo galdera horrela erantzuten zuen auzipetutako deustuarrak:
“Uko egiten diot galdera erantzuteari, gerrako preso gisa 1949ko Genevako Hitzarmenei heltzen diedalako, Espainiako Estatuak 1952an berretsi zituenak. Aipatutakoen arabera, neure burua identifikatzera baino ez nago behartuta, hau da, nire izena eta graduazioa ematera: nire izena Gregorio Lopez Irasuegi da, ETAko kidea naiz, eta ETAko liberatua izan naiz Ondarroako eskualdean”.
Erantzuna ikusita, fiskalak erabaki zuen galdeketa etetea. Lopez Irasuegik jarrera bera izan zuen bere defentsa abokatuarekin. Zein gerraz ari zen galdetu zionean honela erantzun zuen: “Faxismoa herriaren aurka egiten ari den gerraz, Espainiako Estatuko agintariek behin eta berriz deklaratu digutena”.
Aski ezaguna denez, hurrengo egunean, abenduaren 9an, azken auzipetuaren deklarazioarekin batera, akusatuek epaiketa hankaz gora jarri zuten “Gora Euskadi Askatuta” oihukatuz eta Eusko Gudariak abestuz. Ezustean harrapatu zituzten militar faxistak, zeinei, etsituta, ezpatak zorrotik ateratzea besterik ez zitzaien bururatu.
Epaiketa amaitu zenetik epaia ezagutzera eman arte pasatutako ia hogei egun horietan protestak ugariak izan ziren Euskal Herri osoan, Katalunian, Espainiako Estatuan bertan eta Europan zehar. Erantzun gisa, erregimen frankistak Eibarren manifestari gazte bat tiroz hiltzeaz gain, salbuespen egoera ezarri zuen. Indarra erakusteko azken ahalegin desesperatuan, milaka jarraitzaile faxistak kalera ateratzera behartuta ikusi zuten bere burua, baita Bilbon ere, Franco, Armada frankista eta Espainiaren batasunaren alde.
Abenduaren 28an argitaratu zen epaia: bederatzi heriotza-zigor eta 519 urteko kartzela-zigorra. Lopez Irasuegiri dagokionez, 30 urteko zigorra ezarri zioten matxinada militarra delituagatik. Bi egun geroago, Frankismoak, Euskal Herrian zein nazioartean egondako erantzuna ikusita, atzera egin behar izan zuen, indultua eman eta indarrik gabe utzi zituen heriotza zigorrak.
Lopez Irasuegik ia zortzi urte pasatu zituen espetxean. 1976ko irailaren 21ean aske gelditu zen Franco hil osteko Espainiako gobernu ez demokratikoak egun batzuk lehenago ezarritako amnistiaren dekretu baten ondorioz libre utzi zuen Deustuko bizilaguna. Ia zortzi urte luze horietan Iruña, Ocaña, Burgos, Soria, Segovia, Córdoba eta, azkenik, Kadizko Puerto de Santa María espetxeetan izan zuten preso.
Etxera itzultzean, mila pertsona inguruk oraindik debekatuta zegoen ikurrinekin ongi etorri beroa eskaini zioten Bilboko Renfeko geltokian. Polizia armadun espainiarra gogor oldartu zen bertaratuen kontra. Ostean, poliziak Lopez Irasuegik Albia eraikinean eskaini nahi zuen prentsa-agerraldia eragotzi zuen. Azkenean, beste leku batean lortu zuen kazetariekin biltzea eta bertan espetxera bera ikustera joandako emaztea kartzeleratu izana salatu zuen.
Harrezkero, EIAko militantea eta, ostean, Euskadiko Ezkerrako ordezkaria izan zen. 1978an alderdia utzi eta Herri Batasunarekin bat egiten zuen. 1988an hil zen eta omenaldia eskaini zioten Done Petri plazan.
“Hainbeste urteren ondoren Euskal Herria bere indarraz jabetu zen eta erregimen faxista amaitzea posible zuela ikusi zen”
Jon Fano, San Inazioko bizilaguna, Burgosko auziko akusatuen aulkian esertzeaz libratu zen. 1969an Polizia espainiarra bere bila joan zenean ezkutatuta zegoen jada.
Zer datorkizu burura Burgosko epaiketaren aurreko urteen inguruan?
Oso egoera nahasia bizi zen eta errepresio itzela zegoen. Euskal Herrian birsortze prozesua gertatzen ari zen. Hirurogeigarren hamarkada arte langile mugimendua eta nazio aitortza aldarrikatzen zuten subjektuak bakoitza bere bidetik zihoazen. Eta hori guztia, ETAren sorrera eta garapenarekin aldatzen hasi zen. Bateratze prozesu bat egon zen eta askatasun nazional eta sozialak uztartuko zituen lehen haziak zabaltzen hasi ziren.
Zerk bultzatu zintuzten zuek bezalako gazteak ETAn militatzera?
50. hamarkadaren bukaeran egoera soziala oso larria zen. Krisia eta miseria erabat hedatuta zeuden. Bestalde, arlo nazionalean jazarpena erabatekoa zen. Gerra eta gerra ostekoa bizi eta ezagutu zutenak, pairatutako sufrimendua eta errepresio basatiaren ondorioz izututa, erabat etsituta eta beldurtuta zeuden. Ez ziren gai frankismoak ezarritako terroreari eta bidegabekeri sozialari aurre egiteko. Belaunaldi berriok, gerra bizi ez genuenok, faxismoaren kontra eta askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako sistema demokratiko bat ezartzeko zerbait erradikala egin behar zela konbentzituta geunden, eta gutako askorentzat hori gauzatzeko ikusten genuen tresna bakarra ETAn militatzea zen.
Zure belaunaldiarentzat Burgosko auzia garaipen bat izan zen?
Nahiz eta espetxe zigorrak oso gogorrak izan, askatasunaren ikuspuntutik erabateko garaipen politikoa izan zen. Epaiketan auzipetuen jarrerak, kaleko mobilizazio etengabeek eta erraldoiek (nahiz eta errepresio bortitza jaso) eta nazioarteko mobilizazioek heriotza zigorrak bertan behera gelditzea lortu zuten, eta agerian utzi zuten Frankismoaren ahulezia. Hainbeste urteren ondoren, Euskal Herria bere indarraz jabetu zen eta erregimen faxista amaitzea posible zuela ikusi zen.