Auzoko ostalariak neurri eske antolatu dira

prestaldizkaria 2021ko urt. 8a, 09:20
Argazkiak: Auzoko ostalariak eta Ecuador Etxea

Urriaren 26an EAEko taberna eta jatetxeak itxi zituztenean elkartzeko beharra sentitu zuten inguruko ostalariek. Bizkaian Bizkaiko Tabernariak plataforma sortu zuten eta Hego Euskal Herrian SOS Ostalaritza. Gure auzoetan ere, tabernariak antolatu dira itxieraren ondorioei aurre egiteko neurri eske.

Estu daude tabernen jabe eta langileak azken boladan, batez ere lokala alokairuan dutenak. Hilabete gogorrak kateatu dituzte bata bestearen ondotik, harik eta urriaren 26an denek batera pertsiana jaitsi behar izan zuten arte.

Orduan hasi ziren ostalariak elkartzen eta antolatzen. Bilbon hainbat manifestazio egin zituzten itxieraren ondorioei aurre egiteko neurri eske eta kutsatzeen gorakadaren erantzule ez egiteko eskatzen.

San Inazio, Aragoiti eta Deustuko tabernariak ere antolatu ziren Bizkaiko Tabernariak plataformak deitutako mobilizazioak prestatu eta bertara joateko. “Sare bat osatu genuen eta antolakuntzan laguntzeko, pankartak egiteko, kartelak pegatzeko erabili dugu”, aipatu du Presley tabernako Mikelek.

Tabernan duten egoera azaldu digu Mikelek. Lau familia bizi dira establezimendu beretik, eta egoera “jasangaitza” zaie dagoeneko. “Alokairua, itxita egonagatik ere ordaintzen jarraitu behar izan ditugun gastuak eta eman diguten gutxiaren artean, egoera benetan zaila da”. Pandemiaren ondorioengatik auzoan itxi behar izan duen tabernarik ez du ezagutzen, baina denek egoera gogorra bizi dutela ziurtatu digu.

Abenduaren 12an berriz ireki zituzten taberna eta jatetxeak, baina neurri murritzaileek ez dute sektorearen suspertzea lagundu. “Auzoko ostalaritzak bi ordutegi on ditu lan egiteko: eguerdia eta 19:30 edo 20:00etatik 22:00etara. Langile batzuk arinago amaitu eta 19:00ak aldera etor daitezke, baina mugimendua 20:00etatik aurrera sumatu ohi dugu eta ordu horretan itxi behar dugu”, kexu da Mikel.

Egoera ez da erraza taberna jabeentzat, are latzagoa kontratupean zein ez tabernentzat lan egiten dutenentzat, zerbitzarientzat, sukaldarientzat, hornitzaileentzat, banatzaileentzat… Hori horrela, SOS Ostalaritza eta Bizkaiko Tabernariak plataformek burrunbadak deitu dituzte larunbatero 20:00etatik 20:15era bitartean.