Yolanda Gonzalez omenduko dute igandean

uriola.eus 2021ko urt. 27a, 13:26

Bere lagun eta senideek hilketaren egile material izan zen Emio Hellin ultraeskuindarra Cristina Cifuentesen masterraren defentsako peritu izango dela salatu dute. Igandean omenaldia egingo diote Gonzalezi Deustuko Erriberako plazatxoan.

Otsailaren 1ean 41 urte beteko dira Batallón Vasco Español talde paramilitarrak Yolanda Gonzalez hil zuenetik. PST alderdiko gazteen militantea zen, eta 19 urte zituela hil zuten ETAko kidea zelakoan. Erakunde terroristaren 41. komandoak bere gain hartu zuen hilketa. Autore materialak Emilio Hellin Moro eta Ignacio Abad Velazquez izan ziren, biak ere Fuerza Nueva eskuin muturreko alderdiko kideak. Zuzeneko laguntzaileen artean, gutxienez, polizia nazional eta guardia zibil bana egon ziren, horiek ere Fuerza Nuevako kideak.

Emilio Hellin Morori 43 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 1982an Yolanda Gonzalezen bahiketa eta hilketagatik. Horietatik 13 baino ez zituen bete. Kartzelatik atera zenean Luis Enrique aldatu zuen izena, Emiliorekin ez lotzeko. Izen horrekin peritatze kriminaleko bi enpresaren jabea da, eta orain Cristina Cifuentesen masterraren kasuaren defentsan arituko da peritu judizial bezala. Madrilgo presidente ohiaren defentsak aurkeztutako agenda elektronikoaren analisia egingo du.

Ez da lehen aldia Emilio Hellinen izena segurtasun lan publikoekin lotuta agertzen dela, aurretik Espainiako Gobernuarentzako, Madrilgo Udalarentzako eta Guardia Zibilarentzako lan egin baitu.

Auzokideek antolatutako omenaldia

Igande honetan, urtarrilak 31, omenaldia egingo diote bere izena daraman plazatxoan. Erriberako Auzo Elkarteak, Bekoerri elkartean eta Bizi Nahi Auzo Guneak antolatu dute 13:00etan izango den ekitaldia.