Obrek 14 hilabeteko luzapena izango dute eta aurrekontuari dagokionez, ia 4.000.000€koa izango da, "garai batean 1.300.000€koa izango zela iragarri zuten arren".
2019ko urtarrilean aurkeztu zuen Bilboko Udalak Done Petri plazarako aurreikusitako proiektua. Momentu hartatik plataformako kideek auzoko erdigunea denaren etorkizunaz erabaki nahi dutela exijitu dute behin eta berriro, "proiektua aurrera eramateko parte hartze prozesurik egin ez delako".
"Auzoko erdigunea izango den plaza bat behar dugu, hots, auzoaren beharretara egokituko dena. Bada garaia Done Petri esanguratsua berreskuratzeko; eta zeregin horretan zalantzarik gabe, deustuar guztion iritzia garrantzitsua da" gehitu dute sare sozialetan zabaldutako komunikatuan.
Horrez gain, espazio zabalagoak eta aisialdirako baliagarriak izango direnak behar dituztela ere aldarrikatu dute: "garraio pribatuen esku egongo ez diren espazio publikoak behar ditugu Deustun, baita pertsonen aisialdirako zein kirolerako espazioak eta ekintza kulturalak gaitzen dituzten guneak".
Bestelako plaza bat
2019ko urriaren 27an "bestelako plaza bat" posible zela azaldu eta sinadura bilketa hasi zuten obrak behin behinean gelditu eta proiektua birpentsatzea eskatzeko asmoz. Gainera taula handi batean auzokideek plazarentzako zituzten proposamenak idazteko aukera ere izan zuten. "Frontoi estali bat eta Agirre Lehendakari etorbidearen murrizketa izan ziren proposamen guztien artean ugarienak". Orain, proposamen horiek bildu eta txosten bat eratu dute Bilboko Udalean aurkezteko.
Albiste honekin lotuta, urriaren 27an egindako agerraldiaren albistea hemen irakurgai.