uriola.eus

Deustuko Etengabeko Arreta Gunea itxi dute

  Ekonomia-Lana  Deustualdea

Otsailaren 1etik aurrera Deustuko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) gauez itxita dago. Osasun-langileak eta herritarrak kezkatuta agertu dira “berrantolaketaz mozorrotutako murrizketa” delakoan, eta kontrako protesta ugari egin dituzten arren, ez dute lortu itxiera ekiditea. Lehen arreta zerbitzua “ospitaleetako urgentziak arintzeko ezinbestekoa” dela iritzi dute, Bilbon gauez irekita zegoen bakarra zen, gainera.

2020ko azaroaren 30ean Osakidetza Deustuko anbulatorioko langileekin bildu zenean gaueko zerbitzua etengo zuela jakinarazteko, hauek “harriduraz eta amorruz” hartu zuten notizia. Ez zuten ulertzen nola itxi zezaketen ospitaleetako urgentziak arintzen dituen zerbitzua, “hain justu pandemia egoera honetan”. Horrela adierazi digu SATSE Erizainen sindikatuko Marta Ugaldek. Deustuko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) langile batek ere – Olatz deituko diogu bere benetako izena ez erabiltzeko eskatu digulako - ez dio zentzurik ikusten erabakiari, hain zuzen, “herritarrei beti eskatu zaienean urgentzia arinetarako EAGetara joateko ospitaleetara beharrean”.

Gaueko zerbitzua eteteko, Osakidetzak jarduera nahikorik ez zegoela argudiatu zuen. “Jakina, gaueko jarduera beti da beste ordutegi batekoa baino txikiagoa, baina horrek ez du justifikatzen 350.000 biztanle gaueko zerbitzurik gabe uztea, hurbileko herri txikiagoek mantentzen duten bitartean”, azaldu digu suminduta Marta Ugaldek.

“Hasiera batean, berregituraketa bat zela esan ziguten, baina, ondoren, langileek eta sindikatuek ikusi dugu murrizketa bat izan dela”, jarri du azpimarra. Olatzek arrazoia aipatu digu: “Orain lan-karteldegi arruntean erizain bat eta erdi gutxiago eta pare bat mediku gutxiago gaude. Pertsona horiek beste ordutegi batzuk indartzera bideratu dira, lehen aldizkako kontratazio bidez egiten zirenak. Orain ez dituzte kontratazio horiek egiten. Beti aipatzen dute ez dutela langilerik kendu, baina funtzionamenduan gutxiago gaude”.

Olatzek susmoa du aipatutako murrizketaren atzean “pribatizazio plan handiago bat dagoela”, Osakidetzak ez duelako negoziaziorako jarrerarik izan eta “zerbitzuak urritzen ari delako hainbat esparrutan”.

Ondorioak herritarrengan eta langileengan

Gaur egun, “arreta deszentralizatzeko eta kutsatzeak saihesteko” lehen mailako arreta “funtsezkoa” da Olatzen iritziz. “Beti izan da zerbitzu eraginkorra, hurbila eta ospitaleko larrialdiak baino merkeagoa”. Izan ere, mediku batek eta erizain batek bilbotar guztientzako zerbitzua bermatzen zuten. “Ospitaleko arreta eta lehen mailako arreta guztiz desberdinak dira. Lehen mailako arretak egon behar du, guk 24 orduz bermatzen genuen, eta orain ez dago bermatuta”, azpimarratu du.

Itxieraren aurka azaldu diren sindikatuek (SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SME), Osaldek, Lehen Arreta Arnasberritzenek, Bilboko Elkartasun Sareakek, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta EAGko langileek uste dute gaueko zerbitzuaren itxiera dela-eta, urgentzia zerbitzuek gainezka egingo dutela.

Etengabeko Arreta Guneetan hil ala biziko larrialditzat jotzen ez diren urgentziak artatzen dituzte. Horrelakorik ezean, urgentzia guztiak, arinak zein larriak, Basurtuko Ospitalera bideratu beharko dituzte, “zerbitzu horren asistentzia-karga handiagotuz”. “Horrek ekarriko du arreta jasotzeko denbora handitzea eta Covid birusarekiko esposizio arrisku handiagoa izatea”, iragarri dute.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakari Alaitz Argandoñak ohartarazi du pandemia dela eta, jende askok osasun zentroetara joateko beldurra duela eta Basurtura joan beharrak ez diela lagunduko. “Jendeak askotan ez du larritasuna ondo ulertzen, eta errazagoa da EAGra hurbiltzea ospitalera baino”, diosku bertako langile Olatzek.

Orain, gauez gaixotzen diren Bilbotar guztiek Basurtura joan beharko dute, edo etxez-etxeko zerbitzua eskatu, azken hau ez baitute etengo. “Bi kasuetan pazientearen arreta gehiago luzatuko da eta beste zerbitzuak gainkargatuko dira. Etxez etxeko zerbitzua arrazoi desberdinengatik anbulatoriora hurbildu ezin direnentzako da, eta Basurtu larrialdietarako dago”, zehaztu du.

Aurkako protestak

Deustuko Elkartasun Sareak deituta eta Osasun publikoa defendatu lelopean, asteazkenero elkartzen ziren auzokideak anbulatorioko atean, beste auzo askotan bezala. Testuinguru horretan heldu zitzaien EAGaren itxieraren berria, eta elkarretaratzeak indartzea erabaki zuten segituan. Deialdiak Bilboko auzo guztietara zabaltzen hasi ziren eta pixkanaka gero eta eragile gehiago batu ziren itxieraren aurka. Urtarrila indarrez hartu zuten: Deustuko EAGko langileak, Osalde, Bilboko Elkartasun Sareak, Lehen Arreta Arnasberritzen, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, SATSE, SME, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK biltzen zituen koordinazio talde bat sortu zuten.

Besteak beste, taldeak mozio bat aurkeztu zuen urtarrilaren 28ko Bilboko osoko bilkuran, Udalak Osakidetzari eta Osasun-Sailari zerbitzua ez kentzeko eska diezaien. Mozioa ez zen onartu, eta, horren ordez, Udal-Gobernuak proposatutako emendakina onartu zen. Bertan Osakidetzari eskatzen zaio itxieraren ondorioak aztertu ditzala. “Gure ustez itxiera saihestu behar zen, ez itxi osteko ondorioak baloratu”, diosku kezkatuta Marta Ugaldek.

Otsailaren 4an 18.411 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean itxieraren aurka eta otsailaren 6an manifestazio bateratua egin zuten Bilbon Osasun publikoa eta duina. Murrizketarik ez lelopean. Horrez gain, Osakidetzako langileek hainbat lanuzte eta mobilizazio egin dituzte azkenaldian osasun publikoarentzako baliabide gehiago eskatzeko. Hala nola, urriaren 4an mobilizazioa egin zuten Bilbon, urriaren 29an Arabako Osakidetzako langileek greba egin zuten, azaroaren 5ean Gipuzkoakoek eta azaroaren 12an Bizkaikoek. Egoerak hobera egin ez eta urtarrilaren 28an Osakidetza osoan egin zuten lanuztea aldi berean. Horri gehitu behar zaio, azpikontratatutako osasun-langileak kexu direla txertorik ez dietelako jartzen. Zehazki, anbulantzia zerbitzuko langileen %99 dira enpresa pribatuek kontratatutakoak, eta oraindik ez dute euren txertaketaren berririk jaso.

Deustuko Etengabeko Arreta Gunearen gaueko zerbitzuaren itxiera otsailaren 1ean gauzatu zen, agindu bezala, baina aipatutako koordinazio taldea prest dago “borrokan jarraitzeko”. “Mobilizatzen jarraituko dugu, funtsezkoa baita Bilbo bezalako hiri batentzat. Hau kenduta, hiri txikiagoetatik kentzeko atea zabalik geratzen da”, ohartarazi du Olatzek. Marta Ugaldek antzeko iritzia du: “Guk borrokan jarriatuko dugu, eskubideak kostata irabazten direlako, eta oso erraz galdu. Espero dut noizbait zuhurtasuna nagusituko dela eta beharrezkoa den zerbitzu hau ituzliko dela”.

Alaitz Argandoñak ere hilabeteotan piztutako “borrokari jarraipena emateko beharra” ikusten du. Aurreratu digu taldeak asteazkeneko mobilizazioekin jarraituko duela, baina beste eduki eta maiztasun batekin. “Gaueko EAGaren zerbitzua itxi dute, eta orain horren jarraipena egin beharko da. Gainera, auzoetako egoera zein den aztertu beharko dugu, bestelako zerbitzuetan ere berrantolaketak egiten ari direlako, Zabalguneko, Mesedeetako, Zurbarango eta Karmeloko pediatrian kasu. Askotan auzoetako arazoak bigarren mailan geratzen dira, baina EAGarenaz gain murrizketa ugari jasaten ari gara”, azpimarratu du.

Horregatik Argandoñak berebizikoa deritzo “errealitatea ondo aztertzeko datuak eta ikuspuntu desberdinak” izatea. Bere ustetan, “alde batetik, instituzioek ematen dituzten arrazoiak eta datuak daude, eta, bestetik, guztiok bizi dugun errealitatea”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa