Roberto Robles: “Bidaia agentzia tradizionalen etorkizuna oso latza da”

Jone Gartzia Gerra 2021ko urr. 5a, 09:00

Roberto Robles Izargi Bidaiak agentziako jabea. Irudiak: Ecuador Etxea

Bidaiatzea du desio eta pasio, baina besteren oporraldiak prestatzen darama bizitza osoa. Sektorearen egoerarekin arduratuta dago, bitartekari handiak agertu zirenetik bidaia agentzia txikiak jokoz kanpo geratu direlako. Penaz egin du atzera begirada, eta geroari ere tristuraz egiten dio so.

Zenbat urte ditu Izargi Bidaiak agentziak?

1985ean hasi ginen nahiko modu amateurrean. Enpresa ez zen legezkoa ere, bidaia klub bat bezalakoa zen. Ibiltari markarekin autobus eta kanpin bidaiak antolatzen hasi ginen Marokora, Korsikara, Italiara, Europara... Europa osoa zeharkatzen genuen: Grezia, Turkia, Polonia, Gales, Eskozia… Pixkanaka forma hartzen joan zen eta enpresa legeztatzea eta Izargi Bidaiak muntatzea erabaki genuen.

Eta zer gertatu zen Ibiltarirekin?

Ibiltari Bidaiak markak martxan jarraitzen du, bidaia bereziak eta ezberdinenak sustatzeko erabiltzen dugu. Mundu honetan dena dago asmatuta, baina gu gauza desberdinak antolatzen saiatzen gara. Urte askoan autobus eta kanpin bidaia-ereduak funtzionatu zuen, horrelakorik existitzen ez zelako. Gero, jendearen pentsamoldea aldatzen joan da bidaiatzeko orduan, low cost direlakoak agertu dira eta eredu horrek desagertu egin behar izan zuen.

Nola aldatu da sektorea ordutik?

Errotik.

Ba al dago erantzulerik?

Lehenik eta behin, hegazkin-konpainiak. Lehen hegaldi guztiak konpainien bulegoetan edo bidaia-agentzietan saltzen ziren. Internetera salto egin zutenean, bidaia-agentziak alde batera utz zitzaketela ikusi zuten. Ostatuekin antzeko zerbait gertatu zen: Booking motako bilatzaileak agertu ziren, eta prezioak astakeria bat jaitsiz sartu ziren. Hegazkin-konpainiak hasi ziren, eta orain hotelak hasi dira praktika horiekin.

Ondorioak ekarriko ditu horrek.

Funtsean, bitartekariak kentzeko ideia horrekin, bitartekari handi bat eta bakarra sortzen ari dira. Horrek kontrolatuko du guztia eta nahi dituen prezioak jarri ahal izango ditu. Enpresa handiak marka desberdinen pean mozorrotzen dira lehia bat dagoela pentsarazteko, baina ez dago halakorik.

Merkeagoa da bidaiak nork bere kabuz antolatzea?

Orain aldea ez da hain handia; izan ere, kasu batzuetan Interneten agentzietan baino garestiago saltzen dituzte txartelak, baina jendeak buruan sartuta dauka Booking merkeagoa dela. Egia da Bookingen nahi duzuna aurki dezakezula.

Joera nabaritzen da?

Kontuan izan bidaiatzen duen jendearen % 70 inguruk ez duela agentzien bidez prestatzen bidaia. Orain Interneten badaude zure kabuz antolatzeko tresnak, baina horrek denbora eskatzen du. Denbora hori duenak bere kabuz antolatzen du, baina mundu guztiak ez du horretarako astirik. Duela gutxi estatistika bat atera zen: bidaien % 80 lanorduetan gordetzen dira. Noski, ahal baduzu ez zaizu axola laneko denbora bidaia antolatzen inbertitzea.

Abantailarik izango du bidaia agentzia batean antolatzeak.

Hemen detailea zainduago dago. Gure lanak alderdi psikologikoa du: jendeari zer gustatzen zaion ulertu, zenbat gasta dezakeen ikusi, zer eskain diezaiokezun… Guk bidaia diseinatzen bezeroari gustatzen zaiona aurkitu nahian. Gainera, mekanismo gehiago ditugu helmuga exotikoagoak prestatzeko eta ezustekoak konpontzeko, adibidez, bertan behar uzteak eta ezustekoak. Pandemiaren ondoren ikusi dugu jende gehiago hurbildu zaigula, konfinamenduan zehar bidaiarik gabe eta dirua jaso ezinik geratu zelako.

 Zein jende mota hurbiltzen da?

Gero eta adineko jende gehiago etortzen da, 40-50 urtekoak. Jende gazteagoa ere etortzen da guri informazioa atera nahian, gero beren kabuz erabiltzeko, eta urrutitik ikusten zaie asmoa.

Zein da gehien saltzen duzuen helmuga?

Historikoki bidaia asko saldu ditugu Kubara, hurbiltasun politikoagatik. Helmuga batzuk saltzea asko kostatzen zait, ez baitzaizkit gustatzen, adibidez, itsas bidaiak.

Eta zein bereziena?

Bere garaian Marokoko basamorturako bidaiak izan ziren. Orduan berrikuntza izan zen, oso deigarria. Egun, akaso, Uzbequistan aldea eta Albania dira bitxienak. 

Zer etorkizun dute bidaia agentziek?

Agentzia tradizionalen etorkizuna oso latza da. Inoiz ez dira ikusi auzoko eta gertuko merkataritza tradizional gisa, ez dakit zergatik. Bestalde, sektoreak duen beste arazo handi bat da gure lana ez dela inoiz balioetsi. Jendeak aurrekontuak eskatzen ditu, liburuxkak eramaten ditu guri lana eta dirua kostatzen zaigula pentsatu gabe. Sektore honek duen irtenbide bakarra oso gauza zehatzetan espezializatzea da, eta gero eta aukera gutxiago daude, dena asmatuta dagoelako.

Asko aldatu da bidaiatzeko era?

Bidaia egonaldiak asko laburtu dira. Hasi ginenean oso normala zen jendeak hilabeteko bidaiak eskatzea, gero 15 egunera jaitsi zen, gero 7ra… eta orain jendeak hiru eguneko bidaiak egiten ditu. Jendeak gero eta joera handiagoa du oporrak egun gutxitan pilatu eta oporraldi gehiago izateko.

Eta gazteen artean, zein da joera?

Pena ematen dit ikusteak sektore honek ez duela irtenbide askorik. Lehenik eta behin, gazteak beste modu batera bidaiatzen ari direlako. Jendea bizi den lekuarekin gero eta antzekoagoa den tokietara joaten da, eta horrek aukerak kentzen dizkio bidaiari. Bidaiaren interesgarriena gauza ezberdinak ikustea da, kontrastatzea.

Zer deritzozu egun turismoa egiteko moduari? Hau da, zenbat eta denbora gutxian ahalik eta leku gehien bisitatzekoa, zenbat eta urrunen hobe…

Oporrak egun gutxitan kontzentratzea akatsa da. Horrek asko ahultzen du bidaia, ez du denborarik ematen benetan lekua ezagutzeko. Lehen Viena, Praga eta Budapesteko bidaia mitikoa 15 egunetan egiten zen, bada, orain, 7tan egiten da. Denak oso lotuta joan behar du, eta ez du aukerarik ematen herrialdearen errealitatea ikusteko eta hirian zehar galtzeko.

Posible da modu jasangarrian bidaiatzea?

Hegazkinez bidaiatzea ez da jasangarria. Hegazkinaren alternatibak gutxi dira eta abiadura handiko trenek ia gehiago kutsatzen dute. Bidaia jasangarria izatea gehiago dago jendearen jarreraren esku, teknologietan baino. Abiadura handiko trena egiten tematu direnez, hegaldiak murrizteko baliatu beharko lukete, hau da, Bilbo-Madril kentzeko, adibidez. Baina, ez da garraiobidea bakarrik, jendeak bidaiatzeko orduan duen jarrerak ere eragina du: tokiarekiko eta ingurumenarekiko errespetua. Jendea ez da arduratzen joaten den lekuez.

Nola egiten duzu saltzen dituzun leku guztiak ezagutzeko?

Nahiko nuke nik! Mundu honetan sartzen zarenean asko bidaiatuko duzula uste duzu, baina azkenean ez duzu hainbeste bidaiatzen. Hala ere, Interneten tresna asko daude konparatu eta ikusi ahal izateko. Bezeroek ematen diguten informazioa ere erabiltzen dugu.

SAKONEAN

“Izargi Bidaiak ixten dudan egunean nire zaletasuna bidaiatzea izango da”

Gustuko duzu bidaiatzea?

Bai, eta askoz gehiago bidaiatu nahiko nuke. Izargi Bidaiak ixten dudan egunean nire zaletasuna bidaiatzea izango da. Baina ez nintzateke bidaia-agentzia bateko bezero ona izango. Beste modu batean bidaiatzea gustatzen zait, ez zaizkit bidaia prestatuak eta itxiak gustatzen ez. Niri lekuetara iritsi eta galtzea gustatzen zait.

Nora joango zinateke?

Hainbat tokitara. Adibidez, Egiptora. Betiko obsesioa izan da eta joateko hainbat aukera izan ditut, baina arrazoi ezberdinengatik ezin izan naiz joan. Latinoamerikara ere joan nahi nuke: Argentina, Peru… edo Kenyako eta Tanzaniako parke naturaletara. Japoniak eta Txinak, adibidez, ez didate atentzioa ematen.

Baduzu bidaiatzeko aholkurik?

Bidaiatzean lekuaren esentzia bilatu, eta aurreiritziak alde batera utzi behar dira. Aldez aurretik pentsatutako ideia batekin joanda, ez duzu bidaia gozatuko.