Etxebizitza eskubide unibertsala hainbat konstituziotan, giza eskubideen aldarrikapenetan eta abarretan aipatzen da, eta etxebizitza politika oro ardatz horiei lotuta omen dago. Hala ere, eskubide horren urraketa etengabekoa da. Etxe kaleratzeak eguneroko ogia ditugu, eta horiek ez dira era zuzenean soilik gauzatzen – mediatikoenak izan ohi diren kanporaketen bidez –, zeharka ere egikaritzen da jendearen kaleratzea – prezioen igoerekin, gehiegizko klausulekin eta gainerako desjabetze prozesuen bidez –.
Gaur egun, gure auzoetan etxebizitza egonkorra edukitzeak mendekotasun ekonomiko larria dakar berekin, ziurtasunik eza eta estresa barne. Mendekotasuna bat-bateko etekina xedetzat duten eta gure kontura aberasten diren etxejabeekiko, funts putreekiko eta higiezinen enpresekiko; estresa hil-bukaerara ezin iritsi ibiltzeagatik, fakturak ezin ordaintzeagatik edota fidantza kenduko ote diguten beldur izateagatik; eta ziurtasunik eza ez jakitearren noiz arte geratuko garen gurean, gure auzokide eta lagunen artean, gure bizi proiektuarekin aurrera egiten.
Etxe kaleratzeek izen-abizen propioak dauzkate. Kasu bakoitzaren atzean, bere ohiko bizimodua atzean uztera derrigortua izan den familia bat dago, edo pobreziaren espiraletik askatu ezin den emakume bat, edota beren konfiantzazko inguru emozionalari uko egin behar dioten haur batzuk. Kontua da, gehienetan gertuen dagoen jendea ohartzen dela bakarrik halakoez, zirkulu intimo gertukoena, hain zuzen ere. Aparatu legegile, ekonomiko-politiko eta mediatikoak egunero lan egiten du etxe kaleratzeak gu guztion begien bistatik kentzeko, azaleratzen direnean salbuespenak direla eman dezan, nahiz eta geroz eta gehiago diren kasuak. Dena bestelakoz ikusten da errealitate horrek gure atea jotzen duenean, etxe kaleratze agindua gurera iristen denean.
Bilboko lehenengo barrutiak Deustu, San Inazio, Erribera, Ibarrekolanda eta Arangoiti auzoak barnebiltzen ditu. Gainerako barrutiez ezberdintzen da biztanleria-dentsitate altuagatik eta gizarte-egituraren baldintzen aldakortasunagatik. Baina, barrutian bertan ere, ezberdintasun argiak antzeman daitezke herritarren errenta mailen artean edo higiezinen espekulazio motan. Deustun, adibidez, ikasle kopuru adierazgarria dugu, eta etxejabeek horretaz probetxua ateratzen dute etxebizitzen prezioak igoz eta baldintza prekarioak inposatuz. Merkatu horren baldintzak nekez onartu ditzake dagoeneko bertan bizi den auzokideen zati handi batek. Beste aldetik, Erriberan, azken proiektu urbanistikoek ‘adreilukadaka’ bertako auzokideekiko presioa igotzea baino ez dute lortu, bereziki alokairuan bizi direnekiko. Gainera, 2020. urtean, gure auzoetan 2.352 etxe huts zenbatzen ziren.
Kanporaketa mota ezagunena etxe kaleratze zuzena da, Arangoitiko auzokide baten kasuari esker dakigun bezala. Udaberrian emakume batek eta haren alabak beren etxebizitza utzi behar izan zuten. Hau Udaleko Gizarte Zerbitzuen, Etxebideren (Etxebizitzaren Euskal Zerbitzua) eta Bilboko epaitegien laguntzarekin gertatu zen, haiek eskainitako alternatiba ondokoa izanik: bat ere ez. Beste alokairu bat bilatzea edo adin txikiko alabarekin jada adinean sartuak diren senideengana jotzea izan zen “eskaini” ziotena. Alternatibarik ezak ez dauka, hala ere, baliabide-eskasiarekin zerikusirik; Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politikaren erantzukizuna da. Erakunde honek betetzea ezinezkoak diren baldintzak ezartzen dizkigu kaltetuoi, zentzugabeko labirinto burokratikoan murgilaraziz. Hala, herritar asko kale gorrian uzten dira.
Hori guztia etxebizitza arazoaren icebergaren tontorra baino ez da. Zeharkako etxe kaleratzeei dagokienez, 1. Barrutiko etxebizitzen prezioen igoeraren ondorio larrienetako bat da jende askok auzotik alde egin behar izana, eta errealitate horrek edozein adineko jendeari eragiten dio. Higiezinen enpresek, euren aldetik, horren guztiaren konplizeak izateaz gain, formula berri bat asmatu dute maizterrak kanporatu ahal izateko, itxuraz kaltegarria ez den era fin eta makurra, alegia. Horregatik deritzegu zeharkako edo ezkutuko etxe kaleratzeak: azken finean, gu kaleratzeko nahia geratzekoari gainjartzen baitzaio.
Azken boladan, eta, aipatutakoaren harira, Alogerekoak Etxebizitza Sindikatuan zenbait lekukotasun jaso ditugu. Kasu gehienetan, jokaera bera da: “Mota horretako kontratu guztietan dagoen klausula bat erabiltzen dute –azaldu zigun kaltetu batek–. Klausula horrek maizterren kanporaketa justifikatzen du baldin eta higiezina jabearen senide baten etxebizitza bihurtuko bada”. Higiezin agentziak etxejabeari gomendatzen dio klausula hori erabiltzeko maizterrak etxetik joan daitezen. Puntu horretan, higiezin agentziak espekulaziorako aukera biribila ikusten du eta etxebizitza merke antzean erosteko saiakera egiten du, etxejabeak salerosketarako daukan presa baliatuz: “Erosketan parte hartzen duena higiezinen enpresako kidea da, nahiz eta erosketa burutu bitartean partikular itxurak egin. Aurre-kontratu bat sinatzen dute haien artean eta esaten dizute bi hilabeteren buruan etxetik atera behar duzula”.
Klausula hori maizterren eskubideen aurkakoa da. Gertuko iturri baten arabera, klausula horren interpretazioarekin arazo larria dago, epaitegietan alokatzailearen interesak defendatzeko joera baitago, alogerekoenak alde batera uzten dituzten bitartean. Emaitza, dena den, beti da bera: bat-batean, alogerekoek beraien etxebizitza utzi behar dute, beste toki bat ahalik eta lasterren aurkitzeko aukerarik gabe sarri, hori egiteko denbora tartea nahiko motza izan ohi baita. San Inazioko auzokide bat egoera horretan dago: “Klausula hori soilik etekinak ateratzeko eta espekulazioa sustatzeko dago egina”. Eta zera gehitu du: “Batez ere higiezinen enpresen eta partikularren artean. Etxe kaleratzeak arintzeko balio duen erreminta hutsa da, berdin dio zein ikuspuntutik aztertzen dugun”.
Alogerekoak, 1. Barrutiko Etxebizitza Sindikatuak, argi dauka: gure auzokideak auzoan eta beraien etxebizitzetan geratzea nahi dugu, etxe kaleratze guztiak eten nahi ditugu. Izan ere, gure auzoak seguruagoak eta bizigarriagoak egiteko ezinbesteko baldintza dela uste dugu. Hainbat kanpaina egin ditugu horretarako: pasa den ikasturtean hasi eta zuen postontzietaraino eraman genuena, alokairuen prezioen murrizketaren aldeko aldarrikapena, kalitatezko etxebizitza publikoaren aldekoa... Horrez gain, hutsik dauden higiezinen erabilpena defendatu eta etxebizitzak ezkutatzen duen bortizkeria –indarkeria matxista, besteak beste– agerian jarri genuen.
Etxebizitza Sindikatuaren lana justifikatzeko nahikoa arrazoi dago, etxebizitza duin baten alde borrokatzen duen orok ondo dakien bezala. Etxebizitzaren arazoa indibiduala dela eta bakoitzak bere kabuz aurre egin behar diola sinetsarazi nahi digute. Baina, berez, egiturazko arazoa da. Hori dela-eta, gure erantzunak kolektiboa izan behar du, eta oinarritua egon behar da auzo-burujabetzan eta elkarlaguntzan.
Etxebizitzarekin edozein arazo baldin baduzu edo proiektuan interesatuta baldin bazaude, astelehenetan 18:00etan Errondoko Auzo Exera hurbildu edo idatzi iezaguzu 699767915 zenbakira. |