“Feminismoz armatzeko” jardunaldiak Deustun

uriola.eus 2022ko urt. 27a, 13:56

Genero zapalkuntzaren alderdi ezberdinei buruz hausnartzeko ekintzak antolatu ditu Pare taldeak. Hala, bihar arratsaldean (urtarrilak 28), Luze edo Motz bakarrizketa ikusteko aukera egongo da Gazte Lokalean (19:00), Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik.

Generoaren gaia umorearen ikuspuntutik jorratzen dute Torregaraik eta Martiarenak beren ikuskizunean. Hala, hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua hartuko dituzte hizpide, besteak beste.

Hitzordu hori Deustuko Pare Gazte Talde Feministak antolatutako egitarau oparoaren abiapuntua baino ez da izango. Izan ere, datorren astean beste zazpi ekintza egingo dituzte, guztiak Gazte Lokalean, bat izan ezik: otsailaren 3an (18:30ean) Bilgune Feministako kideek Mullerrenean emango duten hitzaldia, Zaintza sistema publiko baterantz izenburuduna. Egun berean, 20:15ean hasita, Deustuko Gazte Lokaleko oholtzara igoko dira Oihana Bartra, Jone Uria eta Onintza Enbeita bertsolariak (sarrera: 3 euro).

Ostiralean, otsailak 4, Euskal Herriko Neska* Gazteen taldearen txanda izango da. 19:00etan hasita, “krisi anizkoitzaren aurrean” landu beharreko autodefentsa feministaz jardungo dute. Beranduago, 20:30ean, hausnarketak jai giroari emango dio paso, antolatzaileek oraindik jakinarazi ez duten talde baten eskutik kontzertu sorpresa eta mikro irekia egongo baitira.

Domekan, berriz, goizez (11:00) eskainiko dute hitzaldia AMUGE elkartekoek. Euskal Herriko Emakume Ijitoen taldeak komunitate horretako kideek pairatzen duten zapalkuntza bikoitza azalduko du.

Eta guztiari amaiera borobila emate aldera, eguerdian kontzertu akustikoa (Malen eta Katalinen eskutik) eta poteoa egingo dituzte.