Euskararen aldeko partidua

uriola.eus 2022ko ots. 28a, 14:00

S.D Deustok 2021ean diseinatutako euskara planaren barruan, euskararen aldeko partida jokatu zuen taldeak larunbatean Aurrera K.E taldearen aurka. Futbol zelaietan euskararen presentzia areagotzea eta herriko gazteek euskarazko erreferenteak izatea izan dira ekintzaren helburu nagusiak.

Euskara eta baloia nagusitu ziren larunbatean Etxezurin. Deustuk eta Aurrerak hirugarren RFEF mailako 29. jardunaldian jokatutako partida ez zen golengatik nabarmendu. Izan ere, etxekoek gol aukerak izan zituzten arren, partida 0-0 amaitu zen, eta hasieran euskararen alde egindako aldarriagatik izan zen garrantzitsua norgehiagoka.

Azkenaldian, zenbait proiektu bideratzen ari dira Deustun Berbaizu Euskara Elkartearekin sinatutako lan hitzarmenaren ondorioz: Partidu osteko elkarrizketen bidez gazteen ahozkotasuna lantzen duen proiektua, Hitza Hartuz deiturikoa, entrenatzaileentzako formazioak eta paisaia linguistikoaren lanketa.

Proiektu hauekin batera, kirola euskalduntzeko beharra nabarmendu dute klubeko ordezkariek, eta horregatik eraman zuten aurrera ekimena. Gutun baten bitartez, ekintzaren nondik norakoak eta helburuak azaldu zizkieten gurasoei: "Zuen seme alabek Deustun jokatzeaz gain balore batzuekin heztea nahiko genukela ondo dakizue, taldearen baloreak eurenak egiteraino". Zelaian euskeraren erabilera handitzeko beharra nabarmendu du taldeak: "Etxezurin euskara gehiago entzun daitekela erakutsi nahi diegu gure gazteei".

Talde bakoitza pankarta batekin atera zen berdegunera, euskararen aldeko aldarriarekin. Aurrera talde ondarrutarrak "Euskaldundu dezagun kirola" leloa erakutsi zuen eta Deustuk, "Euskarak batzen gaituelako!" zioena. Esan bezala, emaitza gutxienekoa izan zen kirola eta euskara batzeko aldarria nagusitu zen egunean.