Lekualdaketaren aurka oihu egin dute Ibarrekolandako ikasleek

uriola.eus 2022ko mar. 23a, 17:16

[17:15ean eguneratua]

Goizean artearekin lotutako ekimenak gauzatu dituzte institutuaren alboan, eta eguerdian Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaraino joan dira manifestazioan. Behin hara iritsita, kontzentrazio zaratatsua egin dute Arte Batxilergoa lekualdatzeko erabakia salatzeko. Gainera, musikarekin, dantzarekin zein ahozko inprobisazioarekin lotutako erakustaldiak egin dituzte ikasleek.

Gaur gauean ikastetxean itxialdia egitea aurreikusi bazuten ere, azkenean bertan behera utzi dute asmoa. Izan ere, Ibarrekolanda BHIko ordezkariak Hezkuntza Sailarekin negoziatzen hasi dira. Beraz, ohiko jardunera itzuliko dira irakasle eta ikasleak momentuz, Eusko Jaurlaritzaren azken hitza jakin bitartean.

[Eguneraketa] Dena den, EITBk aditzera eman duenez, datorren ikasturtean Arte Batxilergoa ematen jarraitzeko aldarrikapena onartu omen du Jokin Bildarratz sailburuak. Datozen ikasturteetan zer gertatuko den jakitea falta izango litzateke, beraz.