2022/23 ikasturtean, Arte Eszenikoen eta Arte Plastikoen batxilergoa eskainiko du Ibarrekolandak Gizarte Zientzien eta Humanitateen, Zientzia eta Teknologien eta Batxilergo Orokorraren modalitateekin batera.
Hezkuntza Sailak Ibarrekolandan irakasten den arte batxilergoa, hurrengo ikasturtean Txurdinaga Behekora lekualdatzeko erabakia hartu zuen aurreko astean. Albisteak ikasleengan "ulertezintasun eta ezinegon sentimendua" sorrarazi eta orain arteko eskaintza bere horretan mantentzeko eskaria egin zuten komunikatu baten bitartez.
Erabakiaren aurkako elkarretaratzea egin zuten asteartean, eta atzo hainbat ekintza eraman zituzten aurrera ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Zuzendaritza taldeak hauei eskerrak eman nahi izan dizkie, "ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren defentsan erakutsitako inplikazio handia dela eta". Horrekin batera, Ibarrekolandako Institutuan urte askotan egindako lanaz "harro" agertu dira eta eguneroko konpromisoarekin eta lanarekin sendotzera animatu dituzte ikasleak. Lorpenaren harira Ibarrekolanda BHIk plazaratutako oharra hemen irakur daiteke osorik.
Datorren ikasturterako eskaintza mantentzea lortu duten arren, negoziazioetan jarraituko dute Hezkuntza Sailak eta Ibarrekolanda BHIko hezkuntza-komunitateak. Komunikazio- eta negoziazio-bideak irekitzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, betiere etorkizuneko erabakiak hartzeko "prozedurak hobetzeko".