iñigo lekue

“Txikitatik sustatzen duzun taldean jokatzea ez zaio pertsona askori gertatzen”

Pablo Martínez Canibe 2022ko api. 11a, 08:00

Txikia zenetik baloiari ekin dio Iñigo Lekuek Danok Bat taldean. Bertan nerabezaro osoa igaro ostean, 18 urterekin Athleticeko hirugarren taldera heldu zen. Hiru denboraldi geroago, ametsa bete eta Superkopa irabazi zuen lehen taldearekin egin zuen debutean. Hala ere, dena ez da futbola, eta baloia beste zaletasun batzuekin tartekatzen du etxera heltzean.

Zuen egunerokoa entrenatzea eta jokatzea baino gehiago da?

Batzuetan badirudi entrenatu eta jokatu besterik ez dugula egiten. Baina batez ere partida hurbiltzen denean oso garrantzitsua da ondo elikatzea eta atseden hartzea. Ikusten ez den entrenamendua da, baina kontuan hartu beharreko faktorea.

Bizitza horretara ohituta zaude?

6-7 urterekin hasi nintzen jokatzen, eta hasieran gutxiago entrenatzen nuen arren, mailaz igotzen joan nintzen heinean gero eta egun gehiagotan joaten nintzen zelaira. Basconiara heltzean, lehen taldean bezala entrenatzen nuen, egunero. Hala ere, oraindik ez nintzen profesionala. Bilbao Athletic-eko bigarren urtean bigarren mailara igo ginenean eta denboraldi-aurrea lehenengo taldearekin egingo nuela esan zidatenean, benetan hurbil ikusi nuen profesionala izateko aukera.

Prozesu hori azkarregi gertatu zen?

Laburra eta intentsitate handikoa izan zen. Beheragoko mailetan ez nintzen egon, eta hori nabaritzen da. 18 urterekin heldu nintzen Basconiara eta hurrengo urtean Bilbao Athletic-en nengoen. Gazteagoa nintzenean bizi izan nuenarekin alderatuta, gainditzeko maila oso handiak izan dira. Gainera, nire debutean Superkopa irabazi genuen; goraldia izugarria izan zen.

Goraldi horrek momentu zailak izan ditu, bi lesio gogor eta minutu falta. Nola egiten zaio aurre egoera horri?

Pertsona oso positiboa naiz. Hala ere, aurten minutu asko jokatzen ari naiz, eta izan ditudan bolada txarrez gogoratzen naiz ezinbestean. Gainera, lesioak arazo handia dira. Talde bizitza egitera ohituta gaude, eta lesionatuta zaudenean bakarrik entrenatzen duzu eta talde bidaietan etxean geratu behar zara. Zorionez, hori bizitzeak hobeto nagoen momentuak gehiago disfrutatzeko aukera ematen dit.

Azken bi denboraldietan dezente jokatu arren, kopan porrot gogorrak jasan dituzue. Nola altxatzen da taldea egoera horietatik?

‘Taldea’ egiten. Lagun taldea gara eta argi daukagu gauzak ondo ateratzen ez direnean, guztiok batera aurrera jarraitzea dela aukera bakarra. Gaur egungo futbolak ez digu arnasarik ematen, zorionez edo zoritxarrez. Bi egun barru irabazi behar dugun beste partida bat izaten dugu; eta horrek sufritutako kolpe horri buelta emateko aukera ematen digu.

Finalak galdu bai, baina tituluak ere irabazi dituzu. Zer sentitzen da Athletic-ekin tituluak irabaztean?

Izugarria da. Edozein Athleticzalek imajina dezake. Multzo horretan sartzen naiz. Bilbokoa betidanik, txikia nintzenetik bazkide...Athletic-ekin titulu bat irabaztea baino gauza handiagorik ez dago. Titulua garrantzi handiagokoa edo gutxiagokoa izan daiteke, baina azken finean Athletic-ekin lortutako titulua da.

Orokorrean nola kudeatzen da presioa?

San Mames beteta eta bizirik dagoenean, bultzada sentitzen dugu. Kanpoan jokatzen dugunean berriz, egoera ezberdina eta zailagoa da. Baina ohituta gaude eta esperientziarekin hobetzen dugun zerbait da. Gainera, aurten aspektu hau lantzen ari gara Marcelinok ekarritako psikologo batekin. Ni neu zein taldearen gehiengoa Joserekin lan egiten hasi gara, presioa lantzeko edo zelaian ondo sentitzeko.

Sare sozialik ez duzu erabiltzen. Zergatik?

Ez zaizkit inoiz gustatu. Errespetatzen ditut. Baina, nire kasuan, irabazten dudana baino gehiago gal dezaket. Ez diet ezer positiborik ikusten eta halakoetatik aldenduta mantentzea egin dezakedan onena da.

Noizbait ikusi duzu zeure burua Bilbotik kanpo?

Beti jokatu dut hemengo taldeetan, eta kanpora joan behar izan direnekin hitz egiten dudanean, konturatzen naiz pribilegiatua naizela. Etxean nago, eta gainera hurbilekoekin. Txikitatik sustatu duzun taldean jokatzea ez zaio pertsona askori gertatzen. Espero dut horrela izaten jarraitzea. Hemen jarraitzea, nire hurbilekoekin eta gainera Athletic-en jolasten, horixe da gehien desio dudana.

Bilbokoa izateagatik erantzukizuna sentitzen duzu?

Gaur egunera arte ez behintzat. Baina aldatu da. Kopako finalen porroten ostean eta Marcelino heldu zenetik erantzukizun handiagoa sentitzen dut. Entrenatzaileak eta bere taldeak ikusarazi digute taldearengatik hainbeste sentimendu izatea bi ahoko ezpata dela. Athletic-en koloreak hainbeste sentitzeak edo jendea eta herria hain errotua izateak laguntza dosi bat eman ahal digu, baina beste alde batetik, gainditu ahal gaituen erantzukizun bat ere badakar. Baina horrela da ezinbestean. Niri beti izorratuko dit galtzeak, baina Athletic-ekin bada, askoz gehiago.

Zer onura dauka ezaguna izateak?

Norbere irudiak eragin on bat izateko balio du. Neska edo mutil bati autografo bat sinatuz gero, haren emozio aurpegia ikustea aintzat hartzen dugu. Gauza horiek pertsona hobeak egiten gaitu. Alde ona dauka eta alde nahiko txarra ere bai, nire ustez.

Noizbait pentsatu duzu zer egingo duzun futbola uzten duzunean?

Bai, askotan. Beti nabil zerbait egitean pentsatzen. Ikastea gustatuko litzaidake; zerbaitetarako prestatzea nahi dut. Enpresa bat sortu edo ekonomiarekin zerikusia duen zerbait. Argi daukadana da zerbait egingo dudala, ezin naizelako geldirik egon.

Orsai aipatu duzula, nola bururatu zitzaizuen musika talde bat sortzea?

Egiten ditugun hainbat gauzen modura, zorakeria bat izan zen. Denboraldi-aurrean barre artean izan genuen berbaldi batetik astebetera musika denda batean agertu ginen, bakoitza bere musika-tresna erostera. Musika talde bat sortuko genuela erabaki genuen. Gainera, deskubritu genuen guztiok batera ikasi ahal genuela. Batera joaten ginen jotzera, eta apurka-apurka hobetzen joan ginen. Gaur egun entseguak egiten ditugu astero, eta erabat disfrutatzen ditugun momentuak dira.

Lagunen artean zer hizkuntza entzuten da aldagelan?

Hizkuntzak nahasten dira eta euskara asko entzuten da. Nire kasuan, elkarrizketak gaztelaniaz egiten ditut nire etxean ez delako inoiz euskaraz hitz egin, eta hobeto azaltzen ditut nire ideiak gaztelaniaz. Hala ere, aldagelan euskaraz hitz egiten didatenean, euskaraz berba egiten dut.

Amaitzeko, zein izan da zure momenturik bereziena?

Tituluak, dudarik gabe. Aurreko urteko Superkopa batez ere. Pixka bat tristea da hori esatea, publiko barik izan zelako eta ezin izan genuelako ospatu. Aurrekoan berriz, Bilbon ospatu genuenean kaleak jendez beterik zeuden eta plazera izan zen. Baina 2021ekoa berezia izan zen. Horrelako zerbait bizitzeko gogoa genuen. Gainera, finalerdietan Real Madril kanporatu genuen eta finalean Barçari irabazi genion. Niretzako ahaztezina da.

SAKONEAN

“Taldekideak baino, lagunak gara eta hori bizitza osorako da”

Laguntasuna aldagelatik haratago doa?

Aldagela partekatu dudan guztiekin harreman oso ona izan dut eta ez dut inorekin arazorik izan. Horretaz gain, batzuekin askoz haratago doa. Musika taldea horren berrespena da. Orduak eta orduak pasatzen ditugu batera, eta entrenamendua amaitzean ere batu egiten gara. Taldekideak baino, lagunak gara, eta hori bizitza osorako da.

Hainbeste futboletik deskonektatzeko, hobbyren bat daukazu?

Lehen ikasketek egiten zuten funtzio hura. Futbolari hobea izateko eta hurrengo eguneko entrenamenduan %100 emateko, etxera heltzen zarenean baloiaz ahaztea ezinbestekoa da. Orsaiko kideekin musika jotzea, ekonomiako gauzak ikastea, irakurtzea eta munduan gertatzen ari denaz informatzea edo sukaldean aritzea gustuko dut egunerokotik ihes egiteko.

Zer gauza txar dakar ezaguna izateak?

Askotan ezaguna ez izatea gustatuko litzaidake. Beste edozein pertsonaren moduan, nahi dudana egin eta esan ahal izatea nahiko nuke. Izan ere, askotan, egiten dudanaren edo esaten dudanaren arabera, ni naizen hori izateak ondorioak izan ditzake edo modu jakin batean ikus daiteke.