Zorrotzaurre plana Deustuko Erribera errotik aldatzera datorrela ukaezina da. Hortaz, “interes ekonomiko ezberdinak” oinarri dituen eraldaketa horren aurrean, auzoan kontraeredu bat planteatzea helburu duen alternatiben inguruko jardunaldi bat antolatu dute Bizinahi Auzo Guneko eta Bekoerri Kultur elkarteko kideek.
Ekimena martxan jarri baino lehen, eragile bakoitzak auzoan duen kontsumoaren diagnostiko bat egin dute. Honi esker, jakina da auzoko etxebizitzen %10a Goienerreko bazkidea dela, %4ak Laboren erosketa egiten duela edota %3ak Izarkomen zerbitzuak erabiltzen dituela. Hemendik eta urtebetera kopuru horiek zertxobait handitzea ezarri dute erronka moduan.
Goizeko 11:00etan abiatuko dute egitaraua, besteak beste, Goiener, Izarkom, Olatukoop edota Labore bezalako proiektuen arteko mahainguruarekin. Solasaldiaren ostean, alternatiben azokak proiektuak hobeto ezagutzeko, hauetan bazkidetzeko, zein mahainguruan parte hartu ez duten beste eragile batzuk ezagutzeko aukera emango du. Kutsu ludikoa ere eman nahi izan diotenez, eguerdian trikipoteo pirata egingo dute auzoko tabernetan, hala eta guztiz ere, antolakuntzako Urtzik azaldutakoaren arabera poteoa ere era ezberdin batean planteatzen da, bertoko produktuen kontsumoa sustatzeko asmoa baitute: “Modu batera zein bestera auzoko tabernetan bertoko produktuak kontsumitzeko aukera dagoela erakutsi nahi dugu, bertoko ardoa, garagardoa, zukuak zein mostoa besteak beste”. 15:00etan Labore eta Goilurra proiektuetako jakiekin bazkari etikoa egingo dute eta 17:00etan KM0 kantautoreek egun osoko egitarauari amaiera emango diote.