Arangoitiko kadeteek maila bikaina erakutsi dute hondarretan

uriola.eus 2022ko uzt. 21a, 10:18
Arangoitiko kirolarien talde argazkia (Irudiak: Santi Sarrionandia)

Arangoiti Eskubaloia Kirol Elkarteko neska-mutilek asteburuan Orion jokatu den Euskadiko Txapelketan parte hartu dute. Bada, mutilak txapeldunorde izan dira, eta neskek berriz hirugarren postua eskuratu dute.

Orio Eragin taldeak antolatuta, Euskadiko Hondartza Eskubaloi Txapelketa jokatu da pasa den asteburuan. Txapelketa ofizialean 24 taldek hartu zuten parte guztira, eta tartean egon ziren kadete mailako Arangoiti Eskubaloia taldekoak. Lehenengoz egin da kadeteen lehia, eta estreinaldi aparta izan dute arangoitiarrek.

Mutilen taldea txapeldunorde geratu zen, eta amaierara arte lehia estua izan zuten aurkariekin. Izan ere, igandean jokatu zen finalerako sailkatu ostean, Zarauzko taldearen aurka berdindu egin zuten, eta penaltien bidez erabaki behar izan zen azken emaitza. Bada, azkenik gipuzkoarrak suertatu ziren txapeldun.

Neskei dagokienez, aldiz, hirugarren postua eskuratu dute arangoitiarrek. Hauek ere azken partida penaltietan erabaki behar izan zuten, baina kasu honetan beraiek izan ziren garaile.

Senior mutiletan, bilbotarrak garaile

Kadeteetan ez bezala, senior mailan lehenagotik jokatzen da hondartzako eskubaloi txapelketa. Bada, nabarmendu behar da gizonezkoen kategoriako aurtengo garailea Blue Flow A talde bilbotarra izan dela. Finalera sailkatuta, azken partidan Erromoko Hondartza Team getxotarrei gailentzea lortu zuten, garaikurra etxera ekarri ahal izan zutelarik. Horri esker, datorren urteko Espainiako Koparako sailkatu dira.