Aritza Escandon, Deustuko gizonezkoen futbol taldeko entrenatzailea

“Harrobitik ateratako jokalariak gurekin nahi ditugu”

Pablo Martínez Canibe (Prest! aldizkaria) 2022ko abu. 8a, 08:00
Escandon, Etxezuri zelaia atzean duela (Argazkiak: Ecuador Etxea)

Aritza Escandon 2019tik da Deustu Kirol Elkarteko gizonezkoen taldeko entrenatzailea. Leioa, Barakaldo edo Getxoko Arenas taldeetako harrobietan entrenatzaile aritu da eta orain 3. RFEF mailan egonkortu da. Igoerako play-offera heldu zen lehen urtean eta aurten haren hirugarren denboraldia zuzenduko du. Taldeari buruz eta bere entrenatzaile ibilbideari buruz hitz egin dugu uztaileko PREST! aldizkarian.

Zer balorazio egiten duzu aurreko denboraldiaren inguruan?

Denboraldi zaila izan da. Sei talde jaitsi behar ziren eta beste batzuk berriz, goi goian egotekoak ziren: Barakaldo, Leioa, Portugalete, filialak... Ia ia taldeen herena jaitsi behar zen. Emaitza aldetik hasiera ez zen oso ona izan baina bai ordea joko aldetik. 10 partida jarraian galdu gabe  egin genituen eta ondorioz, egonkortzea lortu genuen. Gol gutxi jaso genituen arren, gola egitea kosta zitzaigun eta hori izan zen sailkapenean gorago ez amaitzeko arrazoia. Balorazio ona da; hala ere, taldeak gehiago merezi zuen.

Nola eragin du 2021ean egin den ligen egituratze berriak?

Egitura berriak gauzak zaildu ditu. Pandemiaren ostean, liga bertan behera geratu zen eta taldeak bi multzotan sakabanatu zituzten. Denboraldi horretan oso ondo ibili ginen eta play-offetara sailkatzea lortu genuen. Deustu bezalako talde batentzat oso emaitza ona izan zen hura. Horren ondoren, egitura berria etorri zen. Egon diren 20 taldeen artean, 6 jaitsi egin dira eta beste hainbat bigarren B mailatik aurrekontu handiarekin heldu dira.

Nola lortu zenuten 2020-2021 denboraldian play-offetara heltzea?

Pandemiaren ondorioz liga bertan behera geratu zenean, taldea birformulatu behar genuela ikusi genuen. Urte horretan, anbizio handia zuten jokalari gazte asko etorri ziren, hots, lan egiteko grina handia eta ideiak oso argi zeuzkaten. Denboraldia ondo hasi genuen eta horrek denboraldi osoan goiko postuetan mantentzeko balio izan zuen.

Nola kudeatzen da urtero hainbat jokalari berri izatea?

Pandemiaren urtean zein aurrekoan play-offera heldu arren, talde erdia berritu genuen. 11 jokalari berri etorri ziren, denak profil berekoak. Aurten jende gehiago mantendu badugu ere, zazpi berri etorri dira. Oreka mantendu behar da. Jokalari berriez gain, kluba zer den dakitenak eta jokalari berriei filosofia transmititzen dietenak egon behar dira ere. Horrela taldearen gaitasuna handiagoa izango da.

Hobeto moldatzen zara gazteekin?

Klubaren apustua da eta ni erabat ados nago. Aurrekontua mugatua da eta ezin gara ibili kontratua duten jokalarien bila soldata handiak ordaintzen, izan ere, oso talde apala gara. Gazteei hirugarren mailan jokatzeko aukera eskaintzen diegu eta denboraldi on bat egiten badute beste maila batzuetara heltzeko aukera izan dezakete.  Gainera Etxezurik asko markatzen du. Talde gaztea izan dugu beterano batzuekin nahasirik. Entrenatzaile moduan esperientziadun jokalariak entrenatzeak aberasten nau.

Zer eragin dauka Deustuko harrobiak lehen taldean?

Iaz jokalari jubenil bat izan genuen gurekin. Entrenamenduak eta lan saio guztiak lehen taldearekin egin zituen, gure taldean behar genuen. Ahal den neurrian, harrobitik ateratako jokalariak gurekin nahi ditugu. Duela 11 urte hemen egon nintzen kadete eta jubeniletan eta egoerak hobera egin du ordutik. Beheko taldeak kategoria nazionaletan daude; Orokorrean, maila altuagoetan daude gaur egun eta hori epe erdi-luzean aberasgarria izango da.

Nola heldu zitzaizun Deustu entrenatzeko aukera?

Bere garaian hiru urte eman nituen hemen. Zuzendaritza taldea berdina da, eta Asier Ormaetxe kirol zuzendaria ezagutzen dut. Berak eta Gorka Bidaurrazaga entrenatzaileak bigarren entrenatzaile izateko aukera eman zidaten. Atseden urte bat hartzekotan egon nintzen baina azkenean onartu nuen bigarren entrenatzaile izatea. Hasieran nire paperak bigarren mailakoa izan behar zuen ere, zoritxarrez, Gorkak auto istripu bat izan zuen eta denbora luzez bajan egon zen. Azkenean, hainbat arazo medio, ezinezkoa egin zitzaion entrenatzen jarraitzea eta beraz, egoera ikusita entrenatzaile izateko proposamena egin zidaten.

Etxezurin jokatzea berezia da?

Bai. Zelaia ez dago ondo, zaharkituta dago, baina partidetara hurbiltzen diren zaleek ekarpen handia egiten dute. Bazkide beteranoak, adineko jendea, gazteak, beste kategorietako jokalariak, gurasoak... denetarik dator. Publikoa pizten denean taldeak zaleek nahi dutena ematen die eta berezia da hori ikustea. Etxean jokatzen ditugun partidetan giro berezia sortzen da eta argi dago gure liga hemen dagoela.

Euskara erabiltzen da taldean?

Denetarik dago. Taldean Aranda de Duerokoa den jokalari bat daukagu eta euskaraz ondo moldatzen ez den arren, esango nuke euskarazko presentzia handia dagoela. Staff teknikoko kide gehienak euskaldunak gara eta elkarren artean euskaraz hitz egiten dugu. Halaber, zenbait jokalariekin ere euskaraz egiten dugu. Bilboko talde bat izanda esango nuke erabilera nahiko handia dela. Iaz gure jokalari batek beste talde batzuetan jokatzeko hainbat eskaintza izan zituen eta gurekin egon eta gero aitortu du hemen dagoen giro euskalduna pizgarri bat dela. Taldean geratu da horren ondorioz.

Nolakoa da nesken presentzia zuen kategorian?

Marrazainak daude batez ere. Aurten ez dugu eduki emakumezko arbitrorik ez entrenatzailerik. Hala eta guztiz ere, esango nuke egoera hori apurka-apurka aldatzen ari dela. Oraindik asko falta den arren, egoera normaltzen doa apurka-apurka. Neska gehiago arbitro izatera animatzen diren heinean goiko kategorietan gehiago ikusiko ditugula pentsatzen dut. Esperantza hori daukat.

Zein esango zenuke dela zure ibilbidearen oroitzapenik txarrena?

Bigarren entrenatzaile izan nintzenean Gorkari gertatutakoa. Asko sufritu zuen urte horretan. Hor ikusten duzu futbola baino gauza garrantzitsuagoak daudela, eta futbola bigarren mailan geratzen dela. Bestalde, entrenatzailea naizenez gero, birritan kaleratu naute, baina hori mundu honen parte da. Beste oroitzapen txar bat duela bi urte gertatutakoa da. Gernikaren aurka jokatu behar genuen partida bertan behera geratu zen Gernikako jokalari bat hil egin zelako. Nahiz eta gure taldekoa ez izan, ez zen momentu atsegina izan.

             

Zein da helburua aurtengo denboraldirako?

Lehenengo partida irabaztea eta gero bigarrena eta horrela datozen 30 partidekin. Zalegoa taldearekin identifikatuta sentitu behar da. Ausartak izan behar gara partida guztietan. Gero ikusi beharko dugu ausardia horrek irabazteko balio digun edo ez.

Nola jokatzen du Aritza Escandonen talde batek?

Protagonistak izatea gustuko dugu. Taldea arerioaren bila joatea gustuko dut. Ez da zain geratu behar. Nire taldeek dena ematen dute eta probokatzera doaz beldurrik gabe. Identitatea izan behar dugu eta hori argi ez badaukagu ez gara Deustu izango eta urrun egongo gara partidak irabaztetik.