Irailaren 10ean izango da Bilboko VI Mundialito Antiarrazista mistoa

uriola.eus 2022ko ira. 2a, 11:07
2019ko Mundialito antiarrazistaren talde argazkia (Argazkia: Mundialito antiarrazista)

Areto futbol eta 3X3 saskibaloiko txapelketak jokatuko dira hurrengo larunbatean Deustuko Erriberan. Ezinbestekoa izango da taldeak mistoak izatea eta izena emateko epea irailaren 5era arte egongo da irekita. Musika, janari zerbitzua, hitzaldiak eta merkatua egongo dira.

Aniztasun handieneko kirol txapelketa bueltan da Deustuko Erriberan; emaitza bigarren mailako kontua den lehiaketa, hain zuzen ere. Bigarren aldiz egingo da espazio honetan, eta bigarren urtez saskibaloi txapelketa izango du ohikoa den areto futbol txapelketaz gainera. Izena emateko epea irekita egongo da irailaren 5era arte eta taldeak mistoak izan beharko dira ezinbestean. Bost pertsonakoak gutxienez futbolekoak eta hirukoak gutxienez saskibaloikoak.

Kirola ez da izango Erribera girotuko duen ekintza bakarra. Urtero bezala musika egongo da egun osoan zehar. Hip Hop, reggae, dancehall eta afromusic soinuek mundialitoaren aniztasun kulturala islatuko dute. Horretaz gain, txikientzako gunea egongo da, hitzaldiak emango dira eta arrazismoaren kontrako azoka prestatuko da. 

09:00etatik 10:00etara gosaria egingo da indarrak hartzeko eta hurrengo lau orduetan partidak jokatuko dira. Finalak jokatu aurretik bertaratutako guztien artean janaria egingo da. Eguna finalerdi eta finalarekin amaituko da 15:00etatik 19:00etara. Izen ematea mundialitoantiracistabilbao@gmail.com helbidean edo instagram bidez @mundialitoantiracista kontuan egin ahalko da.

Aurreko urteko arrakasta

Data garrantzitsua izaten da urtero jende askorentzat eta horrela erakusten du aurreko urteko edizioak. 2020an ez zen ospatu eta jendetza hurbildu zen 2021ean Deustuibarrera. Guztira 48 futbol taldek parte hartu zuten, eta beste 20k saskibaloian. Bazkarian 600 pertsona izatera heldu ziren eta egun osoan zehar 1.405€ batu zituzten Janari Saskia kolektiboarentzat.