Geldiezin dabil Deusto

Pablo Martínez Canibe 2022ko urr. 19a, 16:30
Deusto Basconiaren aurka jokatutako partidan (Argazkia: Angel Font)

Asteburu honetako Pasaiaren aurkako garaipenak play-off postuetan mantentzen du Aritza Escandonek entrenatzen duen taldea. Hiru partida irabazi eta beste hiru berdindu ditu, 12 puntu lortzeko. Berdinketa garrantzitsuak lortu ditu Vitoria eta Basconiaren aurka.

Denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen Deustok asteburuan Pasaiaren aurka. Hiru gol sartu zituzten lehenengo zatian eta bigarrenean sartutako beste birekin 5-1 irabazi zuten seigarren postua mantentzeko. Indarrez hasi du talde tomateroak Hirugarren RFEF-ko denboraldia eta oraindik ez du porrota ezagutzen. 

Gogor hasi zuen denboraldia Urdulizen aurka. Lehenengo zatiko hiru golak partida lasai jokatzeko balio izan zien eta bakarrik azken minutuetan etxekoek sartutako bi golek estutu zuten markagailua. Dinamika onarekin hasi arren, hurrengo hiru partidak berdinketan amaitu zuten. Etxeko lehen partidan, atzetik jarri ziren markagailuan Lagun Onak-en kontra. Bigarrenenean Vitoriaren aurka aurretik jarri ziren baina ezin izan zuten abantaila mantendu.

Hirugarren jardunaldian ere Basconiarekin berdindu arren, bi emaitza garrantzitsu izan dira talde handien kontra konfiantza hartzeko. Bigarren mailara igotzeko helburua dute bi taldeek eta bigarren eta laugarren daude hurrenez hurren sailkapenean.

Hiru "estropezu" horien ostean garaipenera bueltatu zen Deusto. San Ignacioren aurkako partidan 1-2 irabazi zuten, berriz ere markagailuan aurretik jarri ostean. Seigarren postua eskuratu zuten garaipen horrekin eta asteburu honetakoarekin indartu dute. Portugalete izango da hurrengo erronka. Ezkerraldean jokatuko dute igandean 11:30ean. Partida gogorra izango da, baina garaipen batek bost puntura aldenduko luke igotzeko hautagai den talde bat.

Amesteko urtea

Ez da berria Deusto goiko postuetan, 2020-2021 denboraldian igoera play-off-a jokatu baitzuen. Baina 2021ean egindako ligen egituratze berria txapelketa indartu zuen eta aurrekontu handiko taldeak hirugarren mailara eraman zituen. Aurreko urtean jaitsiera postuetatik hurbil geratu zen. 

Talde gaztearekin aurre egingo dio Aritza Escandonek denboraldiari ohikoa den bezala. 15 jokalari ditu 23 urte azpikoak eta taldean urte gehiago daramaten beteranoekin nahasita ondo jokatzen ari dira. Andiko, bigarren golegile nagusia zortzigarren denboraldia jokatzen ari da Deuston eta Jimeno bere hirugarrenenean golegile nagusia da lau golekin. 

Fin dabil erasoan Etxezurin jokatzen duen taldea. 14 gol sartu ditu eta gol gehien daraman bigarren taldea da. Hala ere, bi partiden artean 9 sartu ditu eta hirutan bakarra sartu du. Defentsan ere kontuz ibili beharko dira baina orokorrean, sendotasuna erakutsi dute. Lortutako emaitzek indarra emango diote datozen hilabetetan goian jarraitzeko.