40 urte bete ditu Deustuko eskubaloi taldeak

Pablo Martínez Canibe (Prest! aldizkaria) 2022ko aza. 1a, 08:00

1982an Deustualdeko hainbat eskubaloi zale batu ziren eta Deustuko Eskubaloi taldea sortu zuten. Haur-kategoriarekin hasi ziren, eta 12 talde izatera heldu dira. Gaur egun emakumezkoen eta gizonezkoen talde senior bana daukate, eta ezagunak dira beteranoen nazioarteko txapelketetan aitzindari izateagatik

Berrogei urte pasa dira Eskubaloia Deustun martxan jarri zenetik. Hasiera haur-talde bati esker izan zen, eta 1987an lehenengo senior taldea sortu zuten. Apurka-apurka handitzen joan zen kluba, eta emakumezkoen eta gizonezkoen kategoria bakoitzeko talde bana eduki zuten; 12 guztira. Jesús Fernández “Txus”, gaur egungo taldearen arduradunaren esanetan, klubaren lorpen handienetakoa izan zen. Urtebete besterik ez zuen iraun horrek. 1995ean, Zuazo taldeak 6-7 neska eraman zituen eta senior taldea desagertu zen. Azkenaldian futbola, saskibaloia edo arraunlaritza nagusitu dira auzoan, eta eskubaloiko harrobia desagertzen joan da. Bi talde baino gehiago izan zuteneko azken urtea duela bi denboraldi izan zen. Salesianos eta La Salleko taldeak desagertu ziren eta Deustuko taldean sartzea proposatu zitzaien, baina bost urte baino ez zuen iraun horrek. Emaitza aldetik lorpen handiena Euskadi mailara heltzea izan zen. Gizonezkoek 1994an eta 2016an lortu zuten, eta emakumeek 1994an.

Gutxi badira ere, beteranoen taldeak 20 urte daramatza jokatzen, eta taldearen esentzia mantentzen du. Lehiakortasuna alde batera utzita, lagunen arteko lotura indartzeko aitzakiatzat erabiltzen dute kirola. Jokatzen dituzten lehiaketetan eta haiek antolatzen dituztenetan emaitzak bigarren mailako kontua dira, eta ez dago sailkapenik. Bizkaia mailan jokatzen duten ligaxkan ere, laugarren denbora deritzona da garrantzitsuena. Partidak jokatu ostean, bi taldeak batu eta zerbait edatera eta jatera joaten dira.

Sailkapenik gabeko lehiaketa hauen aitzindaria da beteranoen taldea. Deustuko Elizatea txapelketaren XIV. edizioa egin zuten 2019an, eta, pandemia tarteko, hamabosgarrena 2023ko Deustuko jaietan egiteko asmoa dute. Estatu osoko taldeak eta nazioartekoak batzen dira hitzordu horretan. 40. urteurrenaren harira, beste bat prestatu zuten irailaren 24an. Riscar Gijónek, Asturiesek, Leónek, Euskadiko selekzio batek eta Sevilla taldeak parte hartu zuten. Zail ikusten badu ere, arduradunak beteranoen Europako txapelketa bat antolatu nahi du Bilbon. Abenduan, asmoa da Gabonen inguruan ekitaldi bat egitea, eta afari batekin borobiltzea. Gainera, urteurrena aitzakiatzat hartuta, ezkutu berri bat diseinatu dute eta horrekin kamiseta berriak egingo dituzte.