Enpresabidea eta Miel Anjel Elustondo izan dira 2022ko Rikardo Arregi Sarien irabazle

uriola.eus 2022ko abe. 1a, 14:06

Enpresabidea.eus ekonomia webguneak Komunikazio Saria eskuratu du eta Miel A. Elustondok Kazetaritza Saria. Ohorezko Mugarriak Elixabete Garmendia kazetariari eta Patxi Baztarrika sailburuorde ohi aditu eta euskaltzaleari eman dizkiete.

Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren XXXIV. edizioa egin zen atzo Andoainen. Beste behin euskararen normalizazioan laguntzen duten kazetaritza eta komunikazioa saritu ziren. Kazetaritza saria, Miel Anjel Elustondok jaso zuen Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik izeneko erreportaje-sortagatik eta komunikazio sarian, Enpresabidea euskarazko ekonomia komunikabidea izan zen irabazlea.

Enpresabidea.eus duela sei hilabete jarri zen martxan eta urte erdi horretan egindako jardunarekin Rikardo Arregi saria lortu du. Niko Cuenca deustuarra da zuzendaria eta atzo Maite Irazabal erredaktoreburuak jaso zuen saria. Informazio ekonomikoa euskaraz emateko jaio ziren "euskaraz informazio ekonomikoari heltzeko orduan gabezia" zegoelako. Reizabalek "diruaren hotsa euskarazkoa ere izan dadin ekarpena egiten" jarraituko dutela adierazi zuen. Ekonomia atariak, Bilbon eta Donostian ditu bulegoak.

Beste irabazlea Miel Anjel Elustondo kazetaria izan zen. Kazetaritza saria lortu du Tonban ehortzirik sailean egindako elkarrizketengatik. Euskal kulturan, politikan edo gizartean aipagarriak izan diren pertsonaiekin fikziozko solasaldiak eraiki ditu irudimen eta dokumentazio-lanari esker. Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmendu ditu sariak, "fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak husten dituen" saila da Elustondorena. 

Enpresabidearekin batera, Aiaraldea komunikazio proiektua, Aiora Mujikaren Probatxoa Youtube kanala eta Aiko Taldearen Aikotaldea.eus komunikazio proiektuak izan dira finalistak. Kazetaritza sariaren atalean, hiruk jaso dute aipamen berezia: Amaia Lekunberri Ansola Larrun gehigarrian idatzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? erreportajeagatik, ETBko Biba zuek! saioa eta Xabier Madariagak gidatutako Aske bizi dokumentala.

Azkenik, Ohorezko mugarria eman diete euskarazko komunikazioan ibilbide luze-luzea egin duten bi pertsonari. Alde batetik Patxi Baztarrika Rikardo Arregi sarien sortzaileak jaso du eta bestetik Elixabete Garmendia kazetariak.