Indarrez amaitu du urtea Deustok. Etxezuriko taldea sasoi onean dabil denboraldi hasieratik eta asteburuz asteburu sailkapeneko lehen postuetan mantendu da. Denboraldi hasieran, helburu finko bat izan ez arren, 14 partidaren ostean, play-off postuetan finkatuta dabiltza Aritza Escandon-en mutilak. Lehen itzuliko azken partida Barakaldoren aurka izango da, porrotarik jaso ez duen talde bakarra.
Urtea ondo amaitzea ezinbestekoa zen oporrak ondo ospatu ahal izateko. 29. minutuan Barojak lehen gola sartu zuen markagailuan aurrea hartzeko eta hortik aurrera partidaren kontrola mantentzeko. Bigarren zatia hasi eta 15 minutura partida bideratu zuen Etxezuriko taldeak Jimenoren golari esker. Horri esker, azken minutuak lasaiagoak izan ziren eta Aurreraren gola ez zen heldu azken jokaldira arte. Garaipen honekin, abendu ia perfektu bat itxi dute. Bi garaipen eta berdinketa bat.
Partida gutxien galdu dituen bigarren taldea da Deusto. Bi porrot bakarrik jaso ditu eta argi utzi du 14 jardunaldi hauetan ez daudela prest hiru puntuak inori emateko. Gol gutxien jaso dituen laugarren taldea da eta Durangoren aurka jasotako porrota kenduta (4-0), Portugaleteren aurkako porrota gol bategatik bakarrik izan da. Bestalde, gol gehien sartzen dituen bosgarren taldea da. Jimeno eta Andiko bost golekin bakoitzak, garaipen garrantzitsuak lortzen ari dira taldearentzat.
Txanponaren beste aldean, berdinketak egon dira. Lehenengo partida irabazi ostean, hiru partida berdindu zituzten segidan eta 14 jardunalditan sei dira guztira lortutakoak. Horrek eragin du gorago ez egotea, baina aurreko urtearekin konparaturik 7 puntu gehiago dauzkate eta 9 postu gorago daude 14. jardunaldian. Aldaketa nabarmena da.
Argi dagoena da, beste urte batean Etxezuri, taldearen gotorlekua dela. Sei partidatan 12 puntu lortu ditu, hiru garaipen eta hiru berdinketa. Azkenerako, Barakaldo geratu zaio. 38 puntu lortu ditu 42 posibletatik, baina Deustuko zelaia baino leku hobeagorik ez dauka Escandonen taldeak garaipen garrantzitsu hau lortzeko. Lehen itzulia amaitzeko azken partida da eta zazpigarren sailkatuak baino hiru puntu gehiago ditu. Partida guzti hauetan izandako erregulartasuna mantendu beharko dute haien postua mantentzeko, izan ere zazpi puntu besterik ez dituzte banatzen bigarren eta zazpigarren postua.
Bilboko beste taldeen bilakaera
Deustorekin batera beste talde batzuk eman diote amaiera urteari asteburu honetan. Aurreko urtean ohorezko mailara jaitsi ondoren, sailkapenaren erdialdean dabil Santutxu 15. jardunaldiren ostean. 2-2 berdindu du asteburu honetan Soduperen aurka eta 22 punturekin igoera play-offetik 6 puntura dago. Bi puntu beherago Indautxu dago; bost garaipen, bost berdinketa eta bost porrot jaso ditu eta 12. postuan dago momentu honetan.
San Ignaciori begira, asteburu honetan eman dio amaiera urteari, Aurrera Vitoriaren aurkako berdinketa batekin. Bolada txarra darama eta bost partida kateatu ditu garaipena ezagutu gabe. Denboraldia ondo hasi zuen lau partidatan zazpi puntu lortu ostean baina egoera zailagoa du orain. Lehen itzuliko azken bi partidak Monte eta Racing B taldeen aurka jokatuko ditu. Emakumezkoen lehen nazionaleko sailkapenean 13 puntu ditu, jaitsiera postuetatik bost puntura.