18 arraun taldek parte hartu zuten atzoko estropadan. Iragarrita zegoen bezala, itsasoaren baldintzak zeharo gogorrak izan ziren. Olatu handiei eta haize ufada indartsuei aurre egin behar izan zieten arraunlariek.
Emakumezkoen Tomaterak dagoeneko bazekiten zer zen horrelako estropada batera sailkatzea. Izan ere, 2016, 2017 eta 2021ean hala lortu zuten; atzokoan, ordea, 14. postuan geratu ziren. Dena den, denak ez ziren bizkaitarrentzako albiste txarrak izan. Zentzu horretan, Kaikuk 7. postua lortu zuen; beraz, irailaren 3 eta 10eko jardunaldietan parte hartu ahal izango du.
Mutilek, bere aldetik, gaur arratsaldean jokatu dute sailkatze estropada. Orotara, 24 arraun elkartek parte hartuko dute eta 12 traineruko bi multzotan arraun egingo dute. Emakumezkoenean bezala, minuto bateko tartearekin irtengo dira traineruak, erlojupeko estropada batean. Era berean, ziaboga bakarra egingo dute, nahiz eta gizonezkoen estropadan egin beharreko ibilbidea luzeagoa izango den.