Stop Tala Deustok aurrera dirau Agirre Lehendakariaren etorbideko zumarren defentsan. Atzo Udal bilkuran izan ziren, haien asmoak irmoki defendatzen, EAJ eta PSOEren aurkaritzaren aurrean. Oraingo honetan, herritarren 5000 sinadurez (eta mobilizazioetan parte hartze sendoaz) gain, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP-ko zinegotzien babesa ere izan zuten bilkuran.
Alternatiba bila
Stop Tala Deustok azpimarratu zuen, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak utzitako hitz egiteko tartean, badela Udalaren zuhaitzak mozteko planaren alternatibarik; moztutako zuhaitzak ordezkatu eta hiriko zuhaiztien babesa bermatuko duen legedia ezartzeko eskaera egin zuten, haien eskaeretan irmo, aurretiaz ezezkoak jaso badituzte ere. Oraingo honetan, azken asteetan zuhaitzen egoeraren berri ematen zuten txostenak lortzeko zailtasunen ostean, azaldu zuten zuhaitzak gaixo zeuden konklusioa bost zumarren ikerketatik soilik eratorri zuela Bilboko Udalak. Honen aurrean Alderdi Popularreko Esteban Goti zuhaitzen ikerketa banan-banakoaren alde azaldu zen. EAJko Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak ez zion erantzunik eman salaketa honi.
Auzo mugimenduen eskaerei zuzenketa
Asier Abaunza (EAJ) eta Nora Abetek ( PSOE), auzokieen proposamenei muzin egiteaz gain, bi alderdien botoen bidez onartu den zuzenketa bat aurkeztu dute, etormideko zumarren mozketaren alde. Oposizioko kide guztiak aurka jarri zaizkie; Marta Fernanz Stop Tala Deustoko bozeramaileetako batek, zuzenketa “adar jotze bat” iruditu zaiela azaldu du, bai elkarteari zein oposizioko zinegotziei “izugarria da hiri-zuhaiztiekin egiten ari direna, eta ez da hauen babeserako neurririk mahai gainean jarri ere”.
Hiri gris bat eraikitzen
Garazi Perea (EH Bildu) eta Esteban Gotik (PP) plazaratu zuten Udala hiri gris bat eraikitzen ari dela. Pana Viñals (Elkarrekin Podemos) zinegotziak sendo azaldu zituen Nazio Batuen Erakundeak hirigitza jasangarriaren alde definituriko neurriak, baita zuhaitz handiek hiriei ekartzen dizkien onurak ere; eta oso kritiko azaldu da Udalarekin, Garapen Jasangarrirako Helburuak ez betetzea leporatuz. Abaunzak hirian geroz eta espazio berde gehiago egiten ari direla esan bazuen ere, horri ere aurka egin zioten oposizioko zinegotziek, espazio hauek, metroaren edo aparkalekuen gainean egoteagatik, ez dutelako zuhaitzen hazkundea alhalbidetzen. Stop Tala Deusto-ko kideen hitzetan, arazo bera izango da Agirre Lehendakariaren etorbidean, zuhaitz berriek hazteko adina lekurik edukiko ez dutelako proiektatutako lanetan. Auzo mugimenduko bozeramaileak zuhaitzak hiriko azaleraren %9a soilik aurkitzen direla azaldu zuen gainera, %30eko azalera ideala izango litzatekenean eta.
Burumakur gelditzeko asmorik ez
Stop Tala Deustoko kideek argi azaldu dute Agirre Lehendakariaren etorbideko zuhaitzen mozketa ekiditeko borrokan jarraituko dutela, eta ostegunero manifestazioal egiten jarraituko dutela mozketak eten arte.