Stop Tala Deusto auzo mugimenduak asteak daramatza ostegunero Agirre Lehendakariaren etorbideko zumarren mozketaren aurka mobilizatzen. Udalak jarri dizkien trabak handiak izan badira ere, manifestazio eta elkarretaratzeek aurrera darraie; gaurkoan eltze-joaldia antolatu dute goizean, langileak zuhaitzak mozten hasi bezain pronto, mozketa ezin gelditu arren, lapikoen hotsaz herritar gehiago gertaera hau salatzera bultzatzeko grinaz.
Gaurko mozketa faseak aurrera egin badu ere, Stop Tala Deustuk argi utzi du zumarren defentsan jarraituko dutela, haien sare sozialetan esan duten bezala, “mozteari uzten ez badiote, behintzat ohiuka entzun gaitzatela!”. Herritar askoren babesaz gain, Udalaren azken bilkuran EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdietako zinegotziak izan zituzten alde, EAJ eta PSOE-ren aurkaritzaren aurrean.