Giro aparta izan zen atzo Deustuko lehenengo Kilometro Bertikalean

uriola.eus 2023ko urr. 9a, 12:17

Festa giroan bildu ziren auzokideak Deustuko azotik Berrizeranoko kilometro bateko ibilbidean.

Deustuko auzokide batzuk, Gora Deustu! elkartearen laguntzarekin sortu dute ekimena auzolanean. Auzoko kirolzaletasun eta kirol elkarte eta taldeen ugaritasuna izan da ekimena bultzatzeko arrazoia, Gaizka Suarez antolatzaileak esan duenez, baita pandemiatik egunera arte kirol erronkek, crossfit-ak edota indarra eskatzen duten bestelako ekimenek izan duten hazkundea ere. Ekintza honen bitartez auzogintza bultatu nahi izan dute antolatzaileek, auzokideak, merkatariak, kirol elkarteak, etab. elkarlanean jarriz, helburu nagusia auzoa biziberritu eta giro ona sortzea izanik.

Giro ona izan zen izan ere atzoko jardunaldian protagonista nagusia. Deustutik Berrizera arteko kilometro bateko ibilbide ezaguna izan zen atzoko ekitaldiaren agerlekua, musika, elkartasun giroa eta eguraldi eguzkitsua izan ziren lasterketa guztian zehar, auzoan bertan eginiko kirol kamisetaren kolore gorriak koloreztatua.

Adin eta maila askotariko jendea bildu zen bai lasterketan parte hartzera, zein partaideak animatzera. Hiru kategoriatan banatu ziren korrikalariak: 14 urtetik 18rainoko gazteak, banakako lasterketa eta taldekakoa, korrikalari bakoitzaren helburuaren arabera, lehiatzeko baina baita ekimenean parte hartzeko gogoa izan zutenek tokia izan zezaten.