Poetek plaza hartu zutenekoa

Berbaizu Euskara Elkartea 2023ko urr. 16a, 11:32

Pasa den asteartean Deustun Poeta gazteak plazara ekitaldia antolatu genuen, Itziar Ugarte, Julen Apella, Dafne Gonzalez eta Oihane Zuberoa Garmendiarekin. Lau poeta gazteek plaza eta hitza hartu eta gai anitzen inguruan aritu ziren. Sormen prozesuaren nondik norakoak, “poeta gazte” izendatua izateak dakarren presioa, poesia kolektiboan egitea, belaunaldi baten parte izatea, ahots poetikoaren bilaketa…

Gogoeta interesgarriak plazaratu zituzten lau gonbidatuek, “poesia mugimendu bezala”, etengabeko aldaketa kolektiboan egiten den ekintza dela, elkarrekin ehuntzen den ekintza gisara ulertzen duela zioen Dafnek, baina ariketa intimoa ere badela gehitu zuen Oihanek, publikorik eskatzen ez duena eta, zentzu horretan, askatzailea. Poesian, edukia eta formaren arteko harreman estua dela, “ia-ia bereiztezinak izan arte” azaldu zuen Julenek, eta horrek ardazten duela bere idazketa prozesua hein batetan. Itziar, bere aldetik, gazte izateak promesa izendatua izateak dakarren presioaz aritu zen; zentzu horretan, gazte hitza ez da beti positiboa, eta positiboki esaten denean ere, ez duela beti eragin ona poetarengan. Horretaz gain, ahotsa eta hitza, idatzikoa, kantatua eta esana: bakoitzaren berezitasunak, eta bakoitzean aritzeko behar diren lanketak ezberdindu zituzten gonbidatuek; sarien argi-ilunez aritu ziren, irabazleari ateak ireki bitartean aukeratuak ez diren lanak kaxoietan gordeta geratu baitaitezke betirako.

Poesiara gerturatzeko bideak ezberdinak izan daitezkeela adierazi ziguten, nahiz eta irakurketa behin eta berriz agertu zen haien errelatoetan: irakurle gisara hasi, eta bertatik idazle izatera garatu. Hortik kanpo, ingurukoek animatuta, edo irakasleren baten eraginagatik, barne-gatazkak deslotzeko bide bezala, pentsamendua adierazteko moduen bila… arrazoi eta leku ezberdinetatik iritsi da bakoitza poesia idaztera.

Arratsaldearen bukaeran, gogotsu baina izoztuta geundela, iritsi zen poeta bakoitzak bere estiloa plazaratzeko unea: bakoitzak hiruzpalau poema errezitatu zituen; dagoeneko publikatutako obretatik batzuek, publikatzear dauden obretatik besteek, edo koadernoan idatzitako bildumetatik bestela.

Ezer gutxi geratzen zaigu esateko, eskerrik asko eta laster arte!