Joan den urteko azaroaren 28an, Bilboko Udalak Agirre Lehendakariaren Etorbidearen berritze lanak hasi zituen, Done Petri Plazan egindako lanen jarraipen modura. Bada, gaur moztu dute zuhaitzen mozketa prozesuaren lehen faseko azken zuhaitza.
Prozesu honen ibilbidea gogorarazteko, garrantzitsua da geroztik bizi izan diren fase ezberdinak aipatzea. Lehenik eta behin, Don Bosco Biribilgunetik Sagrada Familia Kalera bitarteko zuhaitz guztiak moztu eta gero, beste horrenbeste egin zuen Udalak Enekuri Etorbidearen aldekoekin, Done Petri Plazara iritsi arte. Gaur bukatu den fasea, ordea, Etorbidearen zati berdinaren beste aldeari dagokio, Sagrada Familia Kaletik hasita Done Petri Plazaraino iritsi dena.
Udalak adierazi duenez, proiektuak etorbide honetako 128 aleren mozketa suposatu du orotara, beste espezie bateko 125 landatuta. Moztutako zuhaitz guztiak zumarrak dira eta Red Point motako astigarrarengatik ordezkatuko dira. Ekintza hau aurrera eramateko, Udalak 50 urteko zumar horiek gaixorik daudela eta biztanleentzat arriskutsuak direla adierazi du; izan ere, horietako batzuk erori egin baitziren azkenaldian. Momentu honetan, mozketa Iruña kalera arte iritsi da.
Alde horretatik, aipatzekoa da zuhaitzen mozketa ez dela etengo. Alegia, joan den abenduan Silvia Rodrigo Stop Tala Deusto Plataformako kideak Prest! aldizkariko lankideei adierazi zien bezala, “Udalean esan digutenez, Etorbideko zuhaitzen mozketa Pio X plazatik Elorrietaraino luzatuko da. Momentu honetan, mozketaren hirugarren faserako aurrekontua onartuta dago, Don Bosco Biribilgunetik Sarrikoko metro geltokirainoko tartea, alegia. Laugarren faserako, ordea, Elorrietatik Sarrikoko metro geltokiraino doan tartea hartzen duena, oraindik ez dago aurrekontua onartuta, aurreproiektua existitzen den arren”.