LAU NESKA GAZTE

Erabiltzailearen aurpegia BLB Komunikazioa 2024ko urr. 14a, 12:59

LAU NESKA GAZTE oholtza gainean

Lau neska gazte, umetatik lagun, betidanik dantzan eta ondo pasatzeko gogoz beteta… Geu gara HMNDK ETXERA! (Hemendik etxera).

Gure izena ezaguna egingo zaizue, gure lagun taldea beti izan baita Hemendik at! Taldearen jarraitzaile sutsua eta haien omenez eta mimo handiz jarri genion HMNDK ETXERA! izena proiektu txiki honi. Hau guztia Agurainetik heldu zitzaigun proposamen zoro batekin hasi zen: bertako txosnagunea gure playlist eta dantzekin animatzea. Hau da, juergan irtetzen ginen bakoitzean egiten genituen koreografia eta dantza inprobisatuak, eszenatoki baten gainean egitea. Eta horrela hasi zen gure ibilbidea…Deustutik abiatu eta Agurainera bidean jarri ginen gure betiko lagunez inguratuta, urduritasunez eta ondo pasatzeko gogoekin lehenengo aldiz eszenatokira igo ginen egun horretan.

Hasieratik gure izaera azpimarratuko zuen ikurren bat gure parte egin nahi eta horrexegatik erabaki genuen leopardo jantzia bihurtzea gure ikurra. Horregatik, jantzian ez ezik, Maialenek sortutako logoan ere leopardo esentzia daramagu.

Nahiz eta DJak ez izan (musika nahasketarik egiten ez dugulako),  dantza, euskal musika eta jatorri eta estilo ezberdineko musika uztartuz Euskal Herriko txosnagune, gaztetxe eta jai herrikoiak animatzen saiatzen gara, gurekin dantzatzeko prest dauden pertsonen bila…

Agurainen hasi zen gure bidaia, baina proiektu hau ez zen bertan amaitu. Euskal Herriko herri gehiagotan egon gara: etxean Deustuko MAMBO egunean eta Inauterietan, berriz ere Agurainen, Amurrioko gaztetxean, Deustuko Erriberako jaietan, Algortako Portu Zaharrekoetan, Bilboko Aste Nagusian, Lekittoko San Antolinetan… Gogotsu gaude oraindik ere antolakuntzaz sortutako jai eta egitasmoetan gure aletxoa jartzeko eta hauei bultzada bat emateko.

Behin uda amaituta, Bilbo dantzan jarriko dugu berriz ere! Urriaren 26an Gora Deustu plataformak antolatutako “Gora Deustu Herria!” egitasmoan gure ekarpena jarriko dugu!

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu urte luze honetan proiektu zoro honetan babestu gaituzuen guztioi, “Bolo” bakoitzaren amaieran beti jaso izan baitugu publikoaren berotasun eta erantzun ona. Guk naturaltasunez eta ondo pasatzeko egiten dugun honek horrelako harrera izatea asko eskertzen dugu. Denbora aurrera doa, plaza askotan egon izan gara urte honetan zehar, eta beste hainbeste falta zazikigu oraindik zuekin betetzeko!

Herriko festetan eta plazetan ikusiko dugu elkar, dantzatzen duen herria ez delako inoiz hilko!

 

HMNDK ETXERA!