Jon Mirena San Pedro euskal preso deustuarra aske geratu da

uriola.eus 2025ko eka. 30a, 14:16

Iturria: Jon San Pedroren erreportajeko irudia

30 urte baino gehiago kartzelan bete eta gero, pasa den ostiralean utzi zuten aske euskal preso deustuarra. Berarekin batera, Angel Lopez Anta ortuellarra ere utzi dute aske, 23 urteren ondoren.

Jon Mirena San Pedro euskal preso deustuarra aske geratu zen pasa den ostiralean, ekainaren 27an. 30 urteren ondoren, Basauriko espetxetik irten zen eta jada badago etxean. 2024 amaieran Parlamentu espainolak onartutako lege aldaketa aplikatu zaio, zigorraren zenbaketa bikoitza baliogabetuta. Beraz, hilabeteak ziren jada deustuarrak kalean behar zuela.

1991ko ekainaren 6an atxilotu zuten Jon Mirena Barakaldon, ETAren Bizkaia komandoarekin lotuta. Epaiketarik egin gabe jarri zioten lau urteko "behin-behineko" espetxealdia, eta 1995ean utzi zuten aske. Ihesera jo zuen orduan, baina 1999an atxilotu eta kartzelaratu zuten berriz, Frantziako Estatuan. Bost urteko zigorra bete eta amaitutakoan, 2004an, agintari espainolen esku utzi zuten, eta ordutik hainbat espetxetan egon da. Basaurin egon da 2023tik.

Angel Lopez Anta ortuellarra ere aske geratu zen San Pedrorekin batera, 23 urte eta gero. 2023ko irailean hirugarren gradua eman zioten eta iazko maiatzetik baliabide telematikoen bidez bete du zigorra.