Nola hasi zinen kirolaren munduan?
Betidanik izan dut kirolarekiko harremana. Bost urte nituenean hasi nintzen karatea egiten. Haurtzaroan zehar hainbat jarduera probatu nituen: futbola, eskupilota, pala, frontenisa... Beti egon naiz kirolaren munduan murgilduta. Halere, 13-14 urte nituela esanahi sakonagoa hartu zuen nire bizitzan. Nire ama larri gaixotu zen, eta ziurgabetasun horren erdian, kirola nire babeslekua bihurtu zen. Une hartan erabaki nuen kirolean jardun nahi nuela.
Maiatzaren 31n Euskadiko Bodyline Fitness txapelketa irabazi zenuen. Zer suposatu du lorpen horrek zuretzat?
Euskadiko bodyline fitness txapelketa irabaztea nire ametsa zen, txapelketan lehen aldiz parte hartu nuenetik. Duela bi urte seigarren geratu nintzen, eta gogoan dut oholtzatik jaitsi bezain laster neure buruari esan niola: "Egunen batean garaikurra eramango dut". Ordutik hona, hobetzean zentratu diziplina handiarekin: otordu bakoitza pisatu dut, lo-orduak neurtu ditut... Bidea gogorra izan da, baina diziplina eta konstantziari buruz asko ikasi dut. Merezi izan duen sakrifizioa da, eta oso harro nago.
Nolakoa izan da lehiaketarako prestakuntza eskatzen duen maila kontuan izanda?
Halako lehiaketa baterako prestatzea ez da hiru hilabeteko kontua, urteetakoa baizik. Berrogeialdiaren ondoren hasi nintzen eta, batez ere, bi urtetik hona izan dut aldaketa nabariena, konpromiso-mailagatik. Izan ere, egunerokoa guztiz egokitzea eskatzen du: Oporretan ere entrenatzea, dieta xehea egitea, gehigarriak hartzea. Guztia neurtu behar da. Ahalegin fisiko, mental eta ekonomiko handia da, eta gogoak funtsezko papera betetzen du, batez ere prestaketaren unerik gogorrenetan.
Prestatzaile fisikoa ere bazara. Zer motatako pertsonek bilatzen zaituzte: hasiberriek, lehiakideek…?
Pertsona gehienek beren fisikoa hobetzea bilatzen dute eta haien kabuz nola egin ez dakitenez nirekin jarten dira kontaktuan. Gimnasio batean lan egiten dut eta askok errutinak birbideratu nahi dituzte emaitzak ikusteko. Hasiberriak ere badaude, noski, baina berez inbertitzeko prest dagoen jendea izaten da. Nire lokalean, aldiz, lehiakideekin aritzen naiz. Txapeldun gazteetatik hasi eta tarima batera igo nahi duten 50 urteko pertsonetarainokoak dira nire bezeroak.
Kulturismoaz gain, hainbat diziplinatako klaseak ematen dituzu. Nolakoa da entrenatzaile lana?
Kulturismoa egiteaz gain, karate eskolak ematen ditut, eta hori da nire pasio nagusia. Horrez gain, jendea proba fisikoetarako prestatzen ditut, eta crossfit klaseak ere ematen ditut. Hala ere, ez naiz formatu tradizionalera mugatzen: entrenamendua kirolari eta pertsona bakoitzari egokitzea da gakoa, gutxienez, nire ustez. Nire atleta bakar batek ere ez du % 100ean lan egiten, atseden hartzea ere garantzitsua delako; beraz, funtsezkoa da haien bizimodua, denbora erabilgarria eta gaitasunak kontuan hartzea.
Aurten zure karate lokal propioa ireki duzu. Nolakoa izan da prozesua eta zein emozio sorrarazten dizu horrek?
Egia esan, amets bat betetzea izan da, urteak neramatzan horren atzetik. Hainbat gimnasiotatik igaro eta ikasle asko prestatu ondoren, urratsa egin nuen. Prozesu bizia izan da, ilusio handiko momentuekin eta bestelako presio batzuekin ere: lekua bilatu, hornitu, denbora eta dirua inbertitu... Baina guztiak merezi izan du. Jendearen babesa erabatekoa izan da eta proiektua hazten ari dela ikusteak harrotasunez betetzen nau. Niretzat, lokal hau nire etxea bezalakoa da. Nire pasioa da, nire lekua munduan, eta atetik sartzen diren guztiak gustura egotea nahi dut.
Zerk bereizten du Augusto Kyokushin Arte Martzialen Eskola beste klub batzuen aldean?
Zalantzarik gabe, pasioak bereizten gaitu. Ikasgela bakoitzean arnasten da, ikasleen, entrenatzaileen eta familien artean. Beste klub batzuetan egon naizenean 60 karateketik bik lehiatu izan dute; gurean, 18 ikasletik 15 ari dira lehian. Horrek inplikazio eta gogo maila nabarmentzen du. Gainera, ikasleen inguruak ere asko laguntzen du: gurasoak prest daude seme-alabak munduko edozein lekutara lehiatzera eramateko. Horrek komunitate oso batu bat sortzen du, non denek espiritu bera partekatzen duten. Bihotzez lehiatzen den familia bat gara.
Zer balio transmititzen dizkiezu eskola osatzen duten ikasleei?
Diziplina eta, batez ere, familia sentimendua dira transmititzen saiatzen naizen funtsezko balioak. Tatamian bakarrik lehiatzen diren arren, horren atzean lagun duzun talde bat dago: hemen guztiek zaintzen dute elkar. Ondokoa anaitzat hartzen dute, eta gure eskolaz horrek harrotzen nau gehien.
Denboraldi honetan lau txapelketatan parte hartu duzue, Nintai Cup-a barne. Zer balantze egiten duzu lortutako emaitzei buruz?
Balantzea oso positiboa da. Podium gutxiko kluba izatetik ia txapelketa guztietan irabaztera pasatu gara. Denboraldia Nintai Cup txapelketarekin hasi genuen, non 18 herrialde baino gehiago lehiatu ziren, eta lau urre lortu genituen. Ondoren, Errumaniako Txapelketara joan ginen, eta han ere irabazi genuen. Horri esker, 2026an Gasteizen jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatu gara. Bizkaiko Txapelketan ere sei lehiakide izan genituen: horietatik lauk irabazi eta bi bigarren geratu ziren. Eta Espainiako Txapelketan, parte hartu zuten 11 ikasletik 10 igo ziren podiumera. 6 eta 50 urte bitarteko mutilak kategoria bakoitzean gailentzen ikustea harro egoteko modukoa da.
Nola maneiatzen duzu zure entrenamendu pertsonalaren, coach gisa egindako lanaren eta klubaren kudeaketaren arteko oreka?
Urteko esperientziari esker ikasi dut ondo antolatzen. Gimnasioan lan egiten dudan bitartean entrenatzen dut, eta horrek asko errazten dit eguneko jarduna. Gainera, nire anaiaren eta aholkulari baten laguntza dut. Lana nekagarria izan daiteke mezu kopuruagatik, baina plangintzari eta esperientziari esker ondo moldatzen naiz.
Zer helburu duzu epe motz zein luzerako, bai zuretzat eta bai taldearentzat?
Epe laburrean, guztiok familia bat bezala sentitzea eta dojoaz gozatzea nahi dugu. Epe luzera, gure emaitzengatik errekonozimendua eta pertsona gehiagok bat egitea bilatzen dugu. Gure plana haztea da, instalazio hobeak dituen espazio handiagoa izateko. Oraingoz, lehiatzera eta hobetzera bideratzen dugu gure jarduna; dagoeneko konfirmatuta ditugun horietan jarriko dugu arreta.
SAKONEAN
Kirolan maila-altuan lehiatzeak sakrifizioak eskatzen ditu. Zer izan da bide hau jarraitzeko atzean utzi behar izan duzun gauzarik zailena?
Pasio hori eramateak gauza askori uko egitea dakar, bereziki arlo sozialean: ezin naiz parrandan atera edo lagunekin geratu, atseden hartu eta entrenamendurako prest egon behar dudalako. Ahalegin ekonomikoa ere badakar, gehigarriak eta dieta zorrotzak garestiak izan ohi baitira. Min gehien ematen didana da une garrantzitsuak galtzea: adibidez, nire urtebetetzea ezin dut nahiko nukeen moduan ospatu dieta betean nagoelako. Halere, nire bizimodua da, eta nire inguruko jendeak ulertzen du.
Kirolean hasi berria den norbaiti mezu bat helarazi beharko bazenio, zein izango litzateke?
Ez du axola ez adinak ez egoera fisikoak;izan ere, gogoz, ahaleginez eta jarraitutasunez dena lor daiteke. 50 urterekin hasi eta emaitza handiak lortzen dituzten pertsonak ikusi ditut, konstantea izan behar da eta ez amore eman. Adibidez, nire lehiakideetako batek 10 urte zeramatzan lehiatu gabe eta aurten bi bigarren postu garrantzitsu lortu ditu. Kirola egunez egun aurrera egin nahi duten guztientzat da.