Zirkualdek zazpi ikuskizun eskainiko ditu Errekalden gaurtik aurrera

uriola.eus 2014ko mai. 30a, 08:30
Errekaldeko Zirku Jaialdiaren V. edizioa gaur hasi eta igandera artea luzatuko da. Zirkualde da, Euskal Autonomia Erkidegoan zirkuko arteen inguruan antolatzen den jaialdi tematiko bakarra, eta oraingoan, zazpi ikuskizun aurkeztuko ditu.

Egitasmoa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen du. Bertako eta kanpoko konpainiek beren azken lan eta ikuskizunak aurkeztuko dituzte Errekaldeko Plazan eta era berean, zirkuko jardueraren osagarri gisa, Errekalde Bihotzean elkartearen eskutik, ‘Pintxo zirko lehiaketa’ antolatuko da ekainaren 8a arte.
 


Egitaraua
 


Maiatzak 30, ostirala


19:00 `Bapatean zirko´ (Euskal Herria) “Tenderete”(50 min.)


Tenderete ikuskizun komikoa da, absurdoan eta existitzearen ilusioan oinarritua; clowna, zuzeneko musika eta zirku teknikak nahasten dituen lana. Bizitzeko eta sentitzeko modu berezia biltzen duen unibertso propioa. 
 


20:00 `Hermanos infoncundibles´ (Andaluzia) “Que raro, ¿verdad?” (60 min.)


Zirkua, umorea eta musika uztartzen dituen ikuskizuna; normaltzat edo benetan arrarotzat jo izan den guztiaren mugak zalantzan jartzen dituena. Ez dago umorerako eta zirkurako krisia baino garai hoberik, bitxia bada ere.
 


Maiatzak 31 (larunbata)


18:00 `Shakti Olaizola´ (Euskal Herria) “... Irakurriz” (30 min.)


Aulki batek, arasa batek, burko batek, liburu batek, zentzua lortzen dute emakumearen ondoan eta berarekin doaz irakurketaren bidaian. Eguneroko ekintzak eta objektuak jolas bihurtuko dira mugimenduarekin, ahotsarekin, orekarekin, dantzarekin eta bihurrikeriekin batera.
 
 


19:00 `Ortzi´ (Euskal Herria) “Ilusioa” (30 min.)


Ortzi Acostaren lehen kaleko ikuskizuna. Ortzi gimnasiako txapelduna izan zen 90eko hamarkadan eta gero Cirque du Soleil-eko artista izan zen. Ilusioaz hitz egingo digu, bizitzan gauza positiboen alde borrokatzeko gogoa berreskuratzeko motorra baita. Indarrezko saio akrobatikoak, orekak eta malgutasuna, David Madinabeitiaren zuzeneko musikarekin.
 


20:00 `Maintomano´ (Gaztela eta Leon ) “Ekilibua” (45 min.)


Ikuskizun honen helburua zera da, objektuaren zentzua kolokan jartzea, bere muinera zirkuko diziplinen bidez iristeko, ikusleekin zuzeneko eta eragin bisual handiko komunikazioa sortuta.
 


Ekainak 1 (igandea)


18:00 `El gran Rufus´ (Euskal Herria) “Al fin y al cabo, una nueva forma de vida” (50 min.)


Zirkuko ikuskizuna, luxu handiko bizileku duina edukitzeko direnak eta ez direnak egin beharrari buruzkoa. Dibertsio bermatua, etxetik irten gabe.
 


19:00 `Circortito´ (Euskal Herria) “DESpistaDOS” (50 min.)


Sarini eta Dieguete dira, umorez, zirkoz eta antzerkiz erakutsiko digutenak maitasuna eta lana ez direla beti ondo ateratzen. Euren eguneroko bizimodua kabaret ibiltari txiki bilakatuko da, herririk herri doana eta bertan saio harrigarriak proposatzen dira, aizto-jaurtiketa, ekilibrioak portzelanazko platerekin, erreboteko malabareak…