Kukutzaren ondorengoa izango den eraikina okupatu dute Errekalden

uriola.eus 2014ko uzt. 4a, 10:56

2011an Kukutza III eraitsi zutenetik, Errekalden autogestioan eta auzolanean oinarritutako espazio baten beharra nabaria izan da. Atzo arratsaldean, auzotarrek eraikin berri bat okupatu zuten, Kukutza IV izan daitekeena.

Errekaldeko jaien baitan, Gazte Eguna ospatu zuten atzo. Egun osoan zehar ekintzak egon ziren eta gaueko 21:00ak aldera, Moncada kaleko fabrika batera gerturatu ziren auzokideak kalejiran. Gazte Asanbladako hainbat kidek eraikinaren barruan zeramaten goizetik eta jendetza bertara heltzean, Errekaldeko gaztetxe berriaren ateak ireki zituzten.

2011ko irailean 13 urte luzeetan zehar Errekaldeko bihotza izandako Kukutza III gaztetxea desalojatu zuten; auzoan bizitza soziala piztu eta langile borroka bildu zituen espazio askea, ametsen fabrika hain zuzen ere.

Irailaren 21ean entzun ziren gaztetxearen azken taupadak. Izan ere, Ertzaintzak errekaldeko kaleak hiru egunetan zehar hartu zituen. Baina herritarren erantzuna masiboa izan zen, eta auzo historikoa den errekalde elkartasunez bete zen, kukutza proiektua eraso guztien gainetik defendatzearren.

Irailaren 23an etengabeko kargak suertatu ziren ordu luzeetan zehar auzoko kaleetan barrena. Egun berberean, Rodolfo Ares Barne Sailburuaren aginduetara zeuden agenteak auzoko anbulategira sartu eta egunean zauriturik agertu ziren pertsonen txostenak eskatu zituzten.

Eraikinaren eraisketa Cabisa enpresaren eskakizuna izan zen, etxebizitzak egiteko asmoarekin. Bilboko Udalak husteko eta eraisteko baimena eman zuen eta Errekaldeko auzo elkarteak errekurtsoa aurkeztu bazuen ere, ezin izan zuten geratutakoa ekidin.  Errekaldeberriz Auzo Elkartearen errekurtsoak zioenez, eraikina eraistearren Udalak eman zuen baimen hori «baliogabea eta legez kontrakoa» zen, baimenarekin batera etxebizitzak eraikitzeko proiekturik ez zetorrelako eta Cabisak zenbait betebehar (birpartzelazioa, kutsadura kentzeko proiektua, hirigintzako aprobetxamenduaren % 15 lagatzea, espaloiak eta ondoko plaza urbanizatzea, eta abar) bete ez zituelako. Gaur egun, eraikina egon zen espazioak hutsik jarraitzen du.