Etxarri gaztetxea inauguratuko dute Errekalden ostiralean

uriola.eus 2014ko urr. 9a, 11:37

2011an Kukutza III eraitsi zutenetik, Errekalden autogestioan eta auzolanean oinarritutako espazio baten beharra nabaria izan da. Joan den uztailaren 3an, Errekaldeko jaien baitan, auzotarrek eraikin berri bat okupatu zuten. Bihar ateak zabalduko ditu.

Jai giroan emango diote hasiera bihar Errekalden auzoko gaztetxe berriaren ibilbideari. Horretarako, auzotarrei Etxarri gaztetxearen inaugurazioan parte hartzeko deia zabaldu diete. 19:30ean ezarri dute hitzordua Diaz doktorearen enparantzan. Bertatik abiatuko da kalejira. Gaztetxean bertan aurkezpen ekitaldia prestatu dute bertaratzen direnek Etxarri espazio berriaren helburu eta erronkak ezagut ditzaten. Luntxa eta musika ere izango dira, Akerjenbe eta DJ Uki, inaugurazioa borobiltzeko.

Jaietako okupazioa

Errekaldeko jaien baitan, Gazte Eguna ospatu zuten uztailaren 3an. Egun osoan hainbat ekintza izan ziren eta gaueko 21:00ak aldera, Moncada kaleko fabrika batera gerturatu ziren auzokideak kalejiran. Gazte Asanbladako hainbat kidek eraikinaren barruan zeramaten goizetik eta jendetza bertara heltzean, Errekaldeko gaztetxe berriaren ateak ireki zituzten.

2011ko irailean, 13 urte luzeetan Errekaldeko bihotza izandako Kukutza III gaztetxea desalojatu zuten; "auzoan bizitza soziala piztu eta langile borroka bildu zituen espazio askea, ametsen fabrika", hain zuzen ere.

Irailaren 21ean entzun ziren gaztetxearen azken taupadak. Izan ere, Ertzaintzak Errekaldeko kaleak hiru egunetan hartu zituen. Baina herritarren erantzuna masiboa izan zen, eta auzo historikoa den Errekalde elkartasunez bete zen, Kukutza proiektua eraso guztien gainetik defendatzearren.

Irailaren 23an etengabeko kargak suertatu ziren ordu luzeetan auzoko kaleetan barrena. Egun berean, Rodolfo Ares Barne sailburuaren aginduetara zeuden agenteak auzoko anbulategira sartu eta egun hartan zauritu ziren pertsonen txostenak eskatu zituzten.

Eraikinaren eraisketa Cabisa enpresaren eskakizuna izan zen, etxebizitzak egiteko asmoarekin. Bilboko Udalak husteko eta eraisteko baimena eman zuen eta Errekaldeko auzo elkarteak errekurtsoa aurkeztu bazuen ere, ezin izan zuten eraisketa ekidin. Errekaldeberri Auzo Elkartearen errekurtsoak zioenez, eraikina eraistearren Udalak eman zuen baimen hori "baliogabea eta legez kontrakoa" zela, baimenarekin batera etxebizitzak eraikitzeko proiekturik ez zetorrelako eta Cabisak zenbait betebehar (birpartzelazioa, kutsadura kentzeko proiektua, hirigintzako aprobetxamenduaren %15 lagatzea, espaloiak eta ondoko plaza urbanizatzea, eta abar) bete ez zituelako. Gaur egun, eraikina egon zen espazioak hutsik jarraitzen du.

 

[2014/07/04] Kukutzaren ondorengoa izango den eraikina okupatu dute Errekalden