Aste kulturala Etxarri gaztetxean

uriola.eus 2014ko aza. 12a, 15:39

Astelehenean hasi zen Etxarri gaztetxeko aste kulturala. Azaroaren 16ra bitarte izango da ekimenez jositako egitarauaz disfrutatzeko aukera.

Astelehenean hasi bazen ere, oraindik aukera dago larunbata bitarte, azaroak 15, Etxarri gaztetxeko kideek antolaturiko ekimenetan parte hartzeko.

Joan berri diren egunotan tailer, hitzaldi eta txapelketa ezberdinak izan dituzte Dr. Diaz Enparantza kaleko 11. zenbakian kokatuta dagoen gune autogestionatuan.

Gaur, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan liburutrukea izango da eta ordubete beranduago txikigunea. Bihar, azaroak 13, arratsaldeko 17:00etan liburutrukean liburuak trukatzeko aukera izango da berriz. 19:00etan ordea, Poesia tailerra egingo dute. Ostiralean argazki erakusketa izango da 17:30etatik aurrera eta bi ordu beranduago, 19:30etan zirku gala. Astebukaeran sartuta, larunbatean azaroa 15ean, eguerditik gauera bitarte ekimen ezberdinak antolatu dituzte gaztetxeko kideek. Eguerdian perkusio tailerra egingo dute. Arratsaldeko bostetan slackline eta oreka sokan aritzeko aukera izango da. Aste kulturalari amaiera jartzeko, 20:00etatik aurrera kontzertuak antolatu dituzte 'Sutan' eta 'Akerjenbe' sound sistem taldeen partaidetzarekin.