Akusazio eta defentsaren txostenen irakurketak emango dio amaiera epaiketari

Kukutzarekin Elkartasun Taldea 2015ko urt. 30a, 09:10

Atzoko saioan, argi asko geratu zen Kukutzaren desalojoaren izaera espekulatibo eta politikoa, bai eta bertan egiten ziren ekimenen balio soziala. Bestalde, polizia bertsioaren kontraesanak ere bistan geratu ziren. 

Ahozko epaiketaren bigarren saioa burutua, akusazioaren eta defentsen txostenak (ondorioak) ezagutzea besterik ez da geratzen.

Atzokoan, deklaratzeke zegoen azken akusatuak zein bi aldeek proposatutako testiguek deklaratu zuten. Akusazioak aurkeztutako lekukoen artean, lehenik eta behin, CABISA enpresako ordezkariak hartu zuen hitza. Esan zuenez, desalojoa eskatu zuen bertan egiten ziren ekimen andana zela eta. Izan ere, ez omen zuten kontzertu edo halakorenbatean istripurenbat gertatzerik nahi. Bestela esanda, ez zuten inongo interesik eraikinean, egoera ekonomikoa hobetu ezkero orubeari etekina ateratzean baizik. Azkenik, aipatu zuen ez zirela inoiz Kukutzarekin kontaktuan jarri, asanblada bidez lan egiten zutelako eta hori “serioa ez delako”.

Ondoren, hustuketan parte hartu zuten ertzainetako lauk aurkeztu zuten deklarazioa. Hauek esan zutenez, Kukutzako teilatuan ziren pertsonak, edo hauetako batzuk, haien bidea oztopatzen aritu ziren hainbat orduz, mota guztietako objektuak jaurtiz eta gorantz ihes egiten. Pertsona hauen artean egongo litzateke zauritua izan zen gazte bakarra, ostean ertzaintzak “autoritateari atentatua” egitea egotzita 3 urte eta egun bateko eskaera fiskala duena. Deklarazio hauetan, deigarriena agenteen kontraesan etengabeak izan ziren, batipat pilotakadari zegokionean. Hau eraikinaren 3 eta 4. pisuen artean gertatu omen zen. Igoera hau, agenteek berek esandakoaren arabera, hustea baino aste edo hilabeteak lehenagotik burdin zein hormigoizko egituraz itxita omen zegoen.

Azkenik, defentsak proposaturiko lekukoek hartu zuten hitza. Besteak beste, Koblakari kolektibo artistikoko zein Errekaldeko auzo elkarteko kideek, bai eta udaleko teknikariek ere. Lehenengoetan, argi geratu zen kukutza auzoaren birika kulturala zela, eta bigarrenetan, bertan hainbat aldiz udalak babestutako ekitaldiak egin zirela.

Gaur amaituko da epaiketa, akusazioaren (CABISAk kasua aspaldi utzi zuenez, fiskaltzaren) eta defentsen txostenen irakurketarekin. Defentsek absoluzio eskaerak mantenduko dituzte, eta ikusteke dago fiskaltzak eskaerak mantendu edo aldatuko dituen.

Kukutzarekin Elkartasun Taldetik, epaituriko kideei zein Kukutza bezalako proiektuei sostengua emateko manifestazioa antolatu dugu, gaur. Sabin Etxean hasiko da, arratsaldeko 8etan.